Julian Claver

“Bizikleta elektrikoak nire bizitza aldatu du”

Maider Betelu Ganboa 2020ko eka. 5a, 11:07

Julian Claver, urdinez, Barranka Taldeko beste hiru kiderekin igandeko irteeran. Laurek bizikleta elektrikoa dute. Argazkia: Barranka Txirrindularitza Taldea.

Gaixotasun autoimmune bat diagnostikatu eta gero, mendi bizikletari ia agur esan behar izan zion Julian Claverrek.

Baina bizikleta elektrikoari esker bizikletaz gozatzen jarraitzen du %100ean.

1.Biker amorratua zara.
Betidanik kirola gustuko izan dut. Txikitan krosean ibili nintzen, eta ondoren lagun koadrilarekin futbolean ibili nintzen, garaiko torneo eta Altsasuko Olinpiada haietan. 34 urte inguru nituela semea etxera etorri zitzaidan, asteburuan Sakanako Bizikleta Eguna zela eta bertan aritu nahi zuela esanez. Joango ginela esan nion eta horrela hasi nintzen mendi txirrindulan. 

2.Hortaz, Sakanako Bizikleta Egunagatik hasi zinen txirrindulan. 
Bai (kar, kar…). Semeari nire bizikleta utzi eta bizikleta bat erostea erabaki nuen. Orduan mendiko bizikletak zeuden pil-pilean. Halako bat erosi nuen eta Sakanako Bizikleta Eguneko 3. ediziora joan nintzen semearekin. Irurtzunen hasi eta Altsasuraino joan ginen. Semea bikain iritsi zen Altsasura; ni, aldiz, lehertuta. Egun horretan Burundako BTT taldeko jendearekin harremana egin nuen eta mendiko bizikletak edozein txokora joateko askatasuna ematen zuela jabetu nintzen: mendira, basora… Orduan hasi nintzen, badira jada 24 urte. Astebururo mendi irteerak egiten ditugu, urtean behin aste bateko irteerak… bizikletan gozatzen dugu. 

3.Eta egun Barranka Txirrindularitza Taldeko presidente zara. 
Bai. 1997 urtean hasi nintzen Burundako BTT taldean eta ordutik han nabil. Duela 6 urte berrantolaketa egin genuen: Burunda taldean errepideko txirrindularitza eskola geratu zen, Rural Kutxa txirrindularitza afizionatuen taldeak bere talde propioa sortu zuen eta Burunda BTT atalak talde berria sortu zuen, Barranka Txirrindularitza Taldea. Ni Burundako BTT ataleko arduraduna nintzenez, Barranka taldeko presidente izendatu ninduten, gaur egunera arte. 

4.Zerk bulkatu zintuen bizikleta elektriko bat erostera?
Gaixotu nintzen. Nekea sentitzen hasi nintzen, ez nuen bizikletarekin gozatzen eta indarra galtzen hasi nintzen, gurpil aulkian geratzeraino, ezin ibili. Ez nuen indarrik. Azkenean 2012an gaixotasun arraro bat diagnostikatu zidaten, Estatuan soilik hiru pertsonek genuena. Gaixotasun autoimmune bat da, giharrei eta nerbioei eragiten diena. Oso gazte nintzela atzeman zuten gaixotasuna eta kirolari izateak on egin omen zidan. Nolanahi ere, oso gaizki pasa nuen, baina tratamendu bati esker gutxika indarra berreskuratzen hasi eta oinez hasi nintzen, bastoiarekin. Urte eta erdi pasa zen aulkia utzi nuenerako. Eta 2014an, 2 urte beranduago, bizikleta bat hartzera animatu nintzen. 

5.Bizikleta hartzea garaipen handia izango zen zuretzat. 
Hasierako pedalkadak bizikleta estatiko batean egin nituen. Lau pedalkada eman eta ezin nuen gehiago. Pentsa zelako amorrua; negar batean nengoen, nire bizitza halakoa izango zela irudikatzen nuen. Baina ez nuen etsi, eta gutxika bizikletarekin lanean hasi nintzen. Mendiko bizikletari gurpil finak jarri nizkion hasiera batean, eta ondoren Gravel antzeko bizikleta arinago bat erosi nuen. Hasieran nire kabuz hasi nintzen bizikletan, gutxika, 15-20 kilometro inguru osatzera arte, beti eremu lauetan eta etxetik gertu. Barranka klubean jarraitu nuen, egutegia eta ibilbideak prestatzen eta Altsasuko BTT Zeharkaldia antolatzen. 2016an Urretxuko ezagun batek Orbea bizikleta elektriko bat probatu al nuen galdetu zidan arte. 

6.Orbea bizikleta elektrikoa probatzea eskaini al zizuten?
Orbeak bizikleta elektriko berria egin zuen eta osasun arazo arinak zituzten pertsonak behar zituzten, bihotzeko arazoak, gihar arazoak eta beste zituztenak, bizikletak probatzeko. Nik hasieran ezetz esan nion lagunari. Baina Altsasura etorri zen bizikletarekin, behintzat ikus nezan. Esan zidan pedalkadaz lagundutako sistemarekin zebilela, ez zuela inolako botoirik ez motorrik. Mountain bike ederra zen, ez nuen inoiz halakorik ikusi. Bost egunez erabili nuen. Aspaldi ibili ez nintzen txokoetaraino igo nintzen, Hirumugaraino, esaterako, eta bateria aktibatuta, igoerak eremu lauak balira bezala egiten nituen. Harrituta geratu nintzen. Txostena prestatu nuen: egindako kilometroak, desnibela, bateriak irauten zuen tartea… eta laguna bizikleta jasotzera etorri zenean esan nion: “eskatu halako bizikleta bat niretzat”. Eta ordutik aurrera nire bizitza aldatu egin zen. Berpiztu egin naiz. 2016 urtetik nabil bizikleta elektrikoan, uste dut Altsasun lehena izan nintzela. Sekulako askatasuna eman dit. 

7.Nola dabil bizikleta elektrikoa?
Oso erraza da. Zu normal zoaz, piñoi jakin batean. Bizikletak mando bat du, eta malda datorrenean edo nekatuta zaudenean, zuk nahi duzunean, mandoarekin bateria aktibatzen duzu eta motorra zu laguntzen hasten da, zuk aukeratu duzun potentzian: 1, 2, 3, 4... geroz eta arinago. Hau da, zuk pedalkadak ematen jarraitzen duzu, baina bateriaren laguntza duzula. Malda igotzen zaude baina eremu lauan joango bazina bezala, esfortzu minimoa egiten. Duen alde negatibo bakarra da 10 kilo inguru gehiago pisatzen dituela, baina abantaila askoz ere gehiago ditu desabantailak baino. 

8. Bizikleta elektrikoa duzunetik Barranka taldeak antolatutako irteera guztietan parte hartzen duzu?
Bai, asteroko irteeretara noa eta ibilbide guztia egiteko gai naiz. Esaterako, 50 kilometrokoa bada, esfortzuari begira elektrikoarekin 15 edo 20 egingo banitu bezala da niretzat. Baina gai naiz egiteko. Hori bai, gaixotasunarengatik gero etxean atseden hartu beharra daukat, giharrak onera etortzeko. Baina bizikleta honek bizia eman dit; 16.000 kilometro egin dizkiot, eta sekulako martxak egin ditugu, joan den urteko Via Augusta, esaterako. 

9. Bizikleta elektrikoekin dabilen jende gehienak osasun arazoak ditu edo adinez nagusiak dira?
Lehendabiziko urteetan bizikleta elektrikoa erosi zuten gehienek osasun arazoren bat zuten, edo jende adindua zen, baina egun denetarik dago: entrenatzeko denbora nahikoa ez duten gazteak, esaterako, bizikletan gozatu eta une jakinetan laguntza behar dutenak; lantokira joateko bizikleta erosten dutenak; bizikletan ibili nahi duten baina horrenbesteko sasoia ez dutenak; adinez nagusi direnak; hirietako garraio bezala erabiltzen dutenak… denetarik. Energia garbia da. Nafarroan errenta aitorpena egiterakoan desgrabatu egiten du, gehienez 450 eurotan, eta hori ere laguntza polita da. Gehienak BTT bizikletak dira, baina errepideko bizikletak ere ikusten dira. 

10. Hortaz, bizikleta elektrikoa  gomendatzen duzu?
Jakina; jende asko etortzen zait galdezka, eta nik bizikleta honi onurak besterik ez dizkiot ikusten. Bizikleta elektrikoen salmentaren gorakada ikusgarria da. Gure taldean modu finkoan ibiltzen garen 20-25 txirrindularien artean jada zortzik elektrikoa dugu. Joan den urtean Donejakue Bideko eremu bat egin nuen eta bidea bizikletaz egiten zuen jendearen erdiak baino gehiago bizikleta elektrikoa zeraman. 

11.Urtetik urtera hobeak izango dira.
Bateriari begira geroz eta autonomia handiagoa dute bizikleta hauek. Igandeko bueltan 60 km egin genituen eta nire bateriaren %60 agortu nuen, baina bizikleta berria zuten taldekideen bateriek gehiago irauten dute; eurek %30-40 gastatu zuten.