EH Bilduk dio kontsumo bonuen ezarpenean baztertu egin dutela

Guaixe 2020ko uzt. 22a, 14:13
Altsasu-bonuak eskuratzeko Iortian ilarak sortu ziren.

Koalizioaren proposamena izanik, alkatetzak kontsumo bonuak kudeatzeko garaian lankidetzarik ez duela bilatu eta ekarpenak egiteko aukerarik ez diela eman salatu du.

Herriko establezimenduetan erosketak sustatzeko kontsumo-bonua joan den astetik dago martxan. 67 establezimenduk egin dute bat Altsasuko Udalaren eta Altsasuko Dendarien Elkartearen kanpainarekin. Altsasuko EH Bilduk azaldu duenez, beraiena da kanpaina hori egiteko proposamena eta udalean maiatzean aurkeztu zuten. Kontsumo bonuen kanpainarekin batera, koalizioak sektoreko eragileak bilduko lituzkeen mahaia osatzea proposatu zuen, “ekimen hau edo beste batzuk lantzeko”, eta non dendariak, udal teknikariak, alderdi politikoak eta beste elkartuko liratekeen.

Altsasuko EH Bilduko bozeramaile Javier Paz Miñok esan duenez, “bonu nola atera erabakitzeko garaian alkatetzak ez du lankidetzarik sustatu”. Bonuekin batera sektoreko mahaia sortzeko proposamena egin zutela gogorarazi du Pazek, “baina ez da halakorik sortu, eta ez da ekonomia garapenerako batzorderik deitu hilabete eta erdi horretan. Alkatetzak kudeatu zuen hitzarmen bat bozkatu zen, EH Bildu baztertuz eta ekarpenak egitea galaraziz”.

Koalizioko bozeramaileak adierazi duenez, alkatetzarena “behin eta berriz jarduteko modu bat da, kudeaketa presidentzialista, eta lankidetzan aritzearen guztiz kontrakoa”. Eta aurtengo udal aurrekontuen prestaketan gertatutakoa adibide gisa jarri du: “EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa guztiak baztertu ziren, eta Geroa Baik ‘bereganatu’ egin zuen Iortia kultur gunearen aurreko plaza estaltzeko aurkeztu genuen zuzenketa”

Helburuak 
EH Bildukoek azaldu dutenez, establezimenduetan erosketak egitean deskontua lortzeko bonuak sortzeko proposamena aurkeztean lortu nahi zutena zen, alde batetik, “tokiko merkataritzari laguntzea eta sektore bat bultzatzea, aspaldi krisian dagoena eta bizirauteko borrokatzen duena, salmenta- eta banaketa-kate handien, saltoki handien eta Internet bidezko salmenten erraldoien lehiaren aurrean”. Bestetik, “merkataritzarik gabeko herria herri triste, ilun eta bizitzarik gabea da, pixkanaka itzaltzen doana, lo egiteko leku soil bihurtu arte. Herriko merkataritzarekin denok irabazten dugu”. 

Horrekin batera, koalizioko bozeramaileak azaldu duenez, “merkataritza txikiak aberastasuna sortzen du Altsasun: kalitatezko enplegua sortzen du; Nafarroan ordaintzen ditu zergak, gure zerbitzu publikoak garatzeko erabiltzen ditugun, etekinak paradisu fiskaletara desbideratzen dituzten korporazio handien aurrean; eta herria bizirik eta esna mantentzen du. Azken batean, herria egiten laguntzen du, Altsasu egiten”. EH Bilduk berretsi egin du altsasuar guztiekin herriaren alde elkarlanean aritzeko konpromisoa.