Geroa Bai: “Bonuez informatu dugu EH Bildu”

Guaixe 2020ko uzt. 22a, 21:17

Geroa Bai-ren arabera, EH Bilduk bere proposamena aurkeztu zuen, "jakinda Ekonomia Garapenerako Saila eta Altsasuko Dendarien Elkartea gaia lantzen ari zirela”.  

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea ekonomikoki pizteko kontsumo-bonuak martxan jarri ditu Altsasuko Udalak Altsasuko Dendarien Elkartearekin (ADE) batera. Hura ezartzeko prozesuan “baztertu” egin dutela salatu du EH bilduk, baita “kudeatzeko garaian alkatetzak ez duela lankidetzarik bilatu eta ekarpenak egiteko aukerarik ez dutela izan” ere. Halakorik izan denik ukatu egin du Geroa Baik: “horren berri eman zitzaien, eta ADErekin sinatutako hitzarmen baten bidez formalizatzea aztertuko zela jakinarazi ere”. 

Alkatetza duen koalizioak gaztigatu duenez, EH Bilduk bazeukan Ekonomia Garapenerako Sailaren ekimenaren berri. “Maiatzaren 8ko posta elektronikoz Ekonomiaren Garapenerako Batzordeari, eta, beraz, EH Bilduren batzorde horretako ordezkariari, aztertzen ari zen ekimenaren berri eman zitzaion. Maiatzaren 14an, elkartearekin maiatzaren 19an eginen zen bileraren berri eman zen, etorkizuneko hitzarmena lantzen hasteko”. Geroa Baik azaldu duenez, EH Bilduk bilera hartan parte hartzeko eskatu zuen, eta eskaera onartu egin zen. “Baina bilera hori baino minutu batzuk lehenago, EH Bilduk bere proposamena aurkeztu zuen. Beraz, bi alderdi politikook bat egin dugu ekimen honetan, eta kudeaketa, bistakoa denez, gobernu-taldeari dagokio”.

Geroa Baik azaldu duenez, hori ez da udalean ekonomia arloan izan duten ekimen bakarra: “apiriletik aurrera, Altsasun jarduera ekonomikoa duten eta alarma-egoera deklaratzean establezimendua ixtera behartuta egon ziren pertsona autonomoei zuzeneko laguntzak emateko deialdi batean lan egin genuen”. Koalizioak argitu du deialdi horrek lege zalantza gehiago sortu dituela, eta, horregatik, azkenean erabaki zen kontsumo-bonuei buruzko ekimena gauzatzea. “Hala ere, mota horretako deialdi bat ezartzea aztertuko da, ohiko eta urteko izaerarekin. Deialdiaren oinarriak EH Bilduk ditu”.

Altsasuko alkatetzako koalizioak kontsumo-bonuen kanpainaren arrakasta nabarmendu du, 4.600 bonuak agortu baitira. Haiek hartu dituztenak erabiltzera animatu ditu. Aldi berean, Geroa Baik eskerrak eman dizkie ADEri, Cederna Garalurri, atxikitako establezimenduei eta kontsumo-bonuak eskuratu dituzten pertsonei”.

Aurrekontuen emendakinez
EH Bilduk alkatetzako taldearen “jarduteko modu bat” salatu du, eta aurtengo aurrekontuen tramitazioan bere zuzenketak atzera bota eta gero haietaz jabetzea leporatu dio. Geroa Baik dioenez, “EH Bilduk badaki zuzenketak planteatuta zeuden moduan ez zela gomendagarria horiek onartzea, planteatzen zuten finantzaketa-iturriagatik; hala jaso zuen Kontu-hartzailetzak zuzenketa bakoitzaren gainean egindako txostenetan”. 

Geroa Baik jakinarazi zuenez, Aurrekontu Batzordea ilbeltzaren 16an bildu zen eta ilbeltzaren 31ra arteko epea eman zuen zuzenketak aurkezteko. “EH Bilduk eskatuta otsailaren 5era arte luzatu zen epea”. Geroa Baik azpimarratu duenez, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa gehienak udalaren diru-sarrerak handitzea aurreikusiz planteatu ziren; Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren, Irekiera-lizentzien emakida eta Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga. “Azken zerga horri dagokionez, adierazi behar da EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa guztiak, bi izan ezik, osorik edo zati batean harekin finantzatuta zeudela, zerga horren diru-sarrerak handitzea aurreikusita, eta, guztira, aurrekontu-proiektuan aurreikusitakoa baino 70.000,00 euro gehiago”. 

Geroa Baik azaldu duenez, “zerga horren diru-sarreren aurreikuspen handiago horri dagokionez, kontu-hartzailetzak txosten bat egin zuen, eta berariaz adierazi zuen ‘aurrekontu-proiektuan aurreikusitakoari eustea gomendatzen da. Zerga horrek behera egiten du’. Kontu-hartzailetza  berariaz gomendatu zuen aurrekontuan aurreikusitako zerga horren diru-sarrerak, aurrekontu-proiektuan zeuden bezala mantentzea”. 

Azkenik, espazio publiko bat estaltzeko proiektuari dagokionez, alkatetza duen koalizioak esan duenez, “EH Bilduren zuzenketak 45.000 euro proposatzen zituen proiektua idazteko. Zenbateko hain handia zen. Udaleko arkitekto aholkulariari kontsultatu ondoren, Geroa Bairen zuzenketa bidezko partida bat onartu zen, 16.940,00 eurokoa (BEZa barne). Arkitekturen txostenean oinarrituta egin zen, eta proiektua idazteko”. Geroa Baik EH Bildu animatu du “oposiziotik zintzo lan egitera”.