Ibarmusuko eta Errotatxikiko ur beltzak arazteko jasoko dira

Guaixe 2020ko uzt. 28a, 19:24
Altsasuko ikuspegia Baizatik.

Ibarrea industrialdeko saneamendu sarean ibilbidearen egokitzapena onartu du udalak. Nafarroako aurrekontuetan lan horiek egiteko 250.000 euro aurreikusi dira. Joan den urtean 300.000 izan ziren.

Altsasuko Udalak Ibarrea industrialdeko saneamendu sarea egiteko lanen lehen fasea egin zuen joan den urtean. Industrialdean dauden lantegi guztietako ur beltzak jasoko dituen azpiegitura egin zuen, industrialdearen hasieran bukatuz lanak. Geltoki kaletik Txunkai auzora luzatu behar zen sarea, handik Nilsa enpresa publikoaren hustubide orokorrera eramateko. 

Lanen bigarren faserako aurreikusitako sarearen trazaduraren irtenbide teknikoa oso baldintzatuta zegoen hainbat faktorerengatik: industrialdearen uraren beheko hornidura sarea, Sakanako Mankomunitatearen goiko ur hornidura sarea, gasbidea, argindar kanalizazioa, zubia, trenbidea eta beste. Sare berria errepide azpitik sartzea oso baldintzatuta zegoen, eta edozein eragozpenek ur  kolektorea eraikitzea eragotz zezakeen. 

Horregatik, Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Ibarreako saneamendu sarearen proiektua moldatzea erabaki zuen astelehenean. Sarea trenbide azpitik pasaraziko dute eta gero  Ibarmusu eta Errotatxiki dermioetatik bideratuko dute sarea Txunkain Nilsarenarekin bat egiteko. Altzania ibaia pasatzeko dekantazioa duen sifoi alderantzikatuaren teknika erabiliko dute. Proiektuan egindako aldaketarekin bi dermio horietako etxeetako ur beltzak jasoko dira, arazo bat kenduz. Era berean, geltoki kalean lanik eginen ez denez, industrialdeak sortzen duen trafikoari ez dio eraginen.