Txirrindularitza

Afizionatu guztiek 91. Altsasu Txirrindularitza Proban egon nahi dute

Guaixe 2020ko ira. 4a, 12:00

Igandean jokatuko da Altsasuko Kirol Elkarteak antolatutako proba prestigiotsua, estatuko zaharrena, goizeko 10:00etan. 200 txirrindulariren muga beteko da. Distantzia luzatu dute: 6 aldiz igo beharko dute Altamira. Segurtasun neurri guztiak zorrotz zainduko ditu antolakuntzak

COVID-19 birusaren eraginagatik bertan behera geratu dira txirrindularitza proba gehienak, baina Altsasuko Kirol Elkarteak Altsasu Txirrindularitza Proba aurrera atera ahal izateko ahalegin berezia egin du. 
Kostata, baina baimena lortu dute.

“Probaren 91. edizioa zen aurtengoa, eta ez antolatzeak pena ematen zigun. Espainiar estatuko lasterketa zaharrena da gurea,  Altsasuko festetakoa, eta ukitu berezia du. Horregatik, ditugunak eta gehiago eman ditugu proba antolatu ahal izateko. Asko kostatu egin zaigu. Nafarroako eta Euskadiko Federazioekin bildu gara, protokoloak zehaztu ditugu, Nafarroako Gobernuko ikuskizunen alorrean, festen alorrean, Foruzaingoan… beharrezko departamentu guztietan egon gara. Eta azkenean proba antolatzeko baimena eman digute. Nik uste proba beteranoa eta ezaguna delako eman digutela baimena, estatuko zaharrena delako” aipatu digu Altsasuko Kirol Elkarteko txirrindularitza sekzioko arduradun Felix Mazkiaranek. Hasiera batean irailaren 15ean zen egitekoa, festetako asteartean, baina aurten festak ez daudenez astegunez lasterketa antolatzeak ez zuen zentzurik. Irailaren 6a librea geratu zen egutegian, Bermeok egun horretarako aurreikusia zuen proba bertan behera utzi zuelako, eta horregatik irailaren 6ra aldatu dute. 

Euskaldun Txapelketarako puntuagarria
91. Altsasu Txirrindularitza Proba Euskaldun Txapelketarako baliagarria izango da. Aurten Euskaldunerako puntuagarriak diren 2 lasterketa jokatu ahal izan dira soilik, Zumaiakoa eta Villatuertakoa. Altsasukoa hirugarrena izango da, eta geroago Segura, Lazkao eta Berriatuakoak jokatuko dira, gauzak ongi. Beraz, urriaren 4ko Berriatuako lasterketak erabakiko du Euskaldun Txapelketa. Momentuz Baque taldeko Jon Barrenetxea da liderra.

Altsasun egoteko dei ugari
Horren lasterketa gutxi antolatu direnez, Altsasun egoteko makina bat eskari jaso ditu Felix Mazkiaranek. “Harritzekoa ari da izaten. Normalean 120-130 txirrindulari aritzen dira. 200 txirrindulariren muga dago, pandemiarengatik, eta muga hori betetzear gaude. 15 talde daude izena emanda, eta talde bakoitzak gehienez aurkeztu ahal dituen 12 txirrindulariak ekarriko ditu. Araudia zorrotz betetzen ari gara baina zer pentsa ere ematen dit. 15 talde, 2 anbulantzia, megafoniako autoa, epaileen 5 autoak, motorrak… sekulako mugimendua da hau” dio probako arduradunak. 

Lasterketa igandean, goizeko 10:00etan abiatuko da, Altsasu Kirol Elkartearen egoitza paretik, Altzania kalean. Probari gogortasun gehiago emateko distantzia luzatu dute. Lehen Altamira bost aldiz igotzen zuten txirrindulariek, eta aurten 6 aldiz igoko dute. Guztira 121 km-ko proba izango da, eta sarritan pasako dira Altsasutik. Helmuga Altsasuko udaletxearen aurrean egonen da. “Helmugara ordu bata aldera iritsiko direla aurreikusten da, baina iaz ordu erdi bat aurreratu ziren, beraz, hobeto denborarekin gerturatzea” gomendatzen du Mazkiaranek.

Segurtasun neurri zorrotzak
Mazkiaran, Altsasuko Kirol Elkarteko kideak eta boluntarioak erotuta dabiltza guztia antolatzen. Izan ere, ohiko antolakuntza lanei pandemiak eskatutako segurtasun neurri eta protokoloak gehitu behar zaizkio. “Taldeek izena emateak korreoz egingo dituzte, egunean bertan epailearen aurrera agertu gabe. Distantziak mantentzeko hamaika neurri daude. Jakina, maskara derrigorrezkoa da, eta txirrindulariek proba hasi eta gero kenduko dute. Txirrindularitza taldeen autoak Iortia aurreko zabalgunean egongo dira, eta helmugatik zuzenean bertara joango dira txirrindulariak. Iortia aurreko eszenatokian banatuko ditugu sariak.  Jakina, ez da ohiko sari banaketa izanen, podiumean txirrindulariek banaka jasoko baitituzte sariak” azaldu du Mazkiaranek. 
Guztia lotuta eta bideratuta dago, baina hala ere urduri dagoela aitortu du Mazkiaranek, pandemia dela eta. “Lasterketa apurtzen denera arte, tropela taldetxoetan banatu arte, ez naiz lasai egongo. Eta proba eta sari ematea bukatu ondoren lasaituko naiz guztiz. Ea guztia ongi ateratzen den eta arazorik ez dagoen” espero du.