Espainiako Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiak bertan behera utzi ditu senideen eta lagunen aurrez aurreko bisitak edo bisean bisekoak. COVID-19 gaitza kartzeletan ez sartzeko neurri gisa aurkeztu dute erabakia, eta epidemiologia datuetan oinarrituta hartu dute erabakia. Agorrilaren 25ean jakinarazi zuten neurriak Arabako Zaballa espetxeari eragiten dio besteak beste, hau da, Altsasuko auziagatik Jonan eta Julen preso dauden kartzelari. Idazkaritza Nagusiak jakinarazi duenez, hiru asterako da neurria. Epe horretan, aurrez aurreko bisiten ordez, kristala tartean den mintzatokietako bisitak egin beharko dira (40 minutu). Gainera, bideo deiak ugaritzeko asmoa ere adierazi du.
Bestalde, hirugarren graduan dauden eta astegunetan espetxera lotara joaten ziren Adurrek, Jokinek eta Oihanek, joan den astetik, etxean egiten dute lo. COVID-19a atzemateko proba egin zieten Zaballako espetxean. Negatiboa eman zuten eta 3. graduan dauden eta negatibo eman zuten guztiak etxera bidali zituen zuzendaritzak. Altsasuko Gurasoak taldeak jakinarazi duenez, hiru presoendako zaintza edo eskumuturreko telematikoa eskatu dute, kartzelara lotara bueltatu beharrik ez izateko.
Pandemiaren harira, nazioarteko hainbat erakundek (Gurutze Gorria, Amnesty International, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea…) hirugarren graduan dauden presoak eta egoera zaurgarrienak dituztenak aske uztea eskatu dute, kartzelak koronabirusa zabaltzeko bitarteko bihur ez daitezen. Besteak beste eskaera horiek zabaltzeko bat egin zuten Altsasu Gurasoak-ek, Etxerat-ek, Salhaketak eta Sarek.
Granada
Unai Etxeberria atezaina kanporatu du Granada futbol taldeak, lorpen baten ospakizunean “Altsasukoak aske” zioen kamiseta erakutsi zuelako. Klubari eskuineko indarrek presio egin ondoren espedientea ireki zioten, eta, ondoren, etorri da kaleratzea. Altsasuko Gurasoak taldeak gertaera salatu du eta elkartasuna adierazi dio Una Etxeberriari.