Haurrendako tirolina jarriko du udalak

Guaixe 2020ko ira. 16a, 12:43
Bakaikun aspalditik gozatzen dute haurrek tirolinarekin. Artxiboa.

Altsasuko 206 haurrek agiri bat sinatu zuten eta udalera jo zuten tirolina bat eskatuz. Egun dauden bost jolas-parkeez aparte, beraz, haurrek beste joko-elementu bat izanen dute Altsasun. 

Tirolina gainbehera batean muntatutako kableak dira. Haietan polea bat zintzilikatzen da eta poleatik soka edo aulki bat zintzilikatzen da. Han eserita, eta grabitatea baliatuz, kablean goitik behera irristatzen da pertsona. Halako, jostailua nahi zuten eskatzaileek, eta Altsasuko Udalak erabaki du eskaera onartzea. 

Herriko gune berde batean jarriko du udalak tirolina. Mutur batean metro bateko altuera duen egurrezko egitura bat jarriko du udalak. Handik 20 bat metro izanen dituen altzairuzko kable bat luzatuko dute. Kablean jarriko den poleatik zintzilik kautxuzko eserlekua eginen da. Kablearen beste muturrean gomazko bi tope izanen dira, kableen alboetan balazta moduko malgukiekin.

Eta, horretarako, 10.000 euro bideratuko ditu. Gizarte arloko inbertsio-proiektua denez, Altsasuko Udalak La Caixaren Gizarte Ekintzaren ekonomia lankidetza eskatu du tirolina egiteko. 

Basolanak
Altsasuko Udalak, abeltzaintzako azpiegiturak hobetzearen esparruan, bi jarduketa onartu zituen garilaren 29ko osoko bilkuran. Alde batetik, Zezenagako pinudian itxiturak kentzeko eta jartzeko lanak eta, bestetik, Otadiako pistaren zabalgune- eta zolatze-lanak, hilerritik Basoitxiraino. 800 bat metro luze den bide hori asfaltatu eginen dute. Lanek 89.260,49 euroko aurrekontua dute (29.472 euro itxiturak eta 59.788 euro bide konponketak) eta udalak  diruzaintza-gerakinaren bidez finantzatuko ditu. Hala ere, lan horietarako udalak Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskaera egina dio. 

Bilkura berean udalak erabaki zuen lau pasabide goratuko seinaleztapen horizontala berritzea: Idertzagain kaleko bi eta Auzobide eta Bake kaleko bana. Era berean, Ibarrea industrialdean goratu gabeko oinezkoendako pasabide bat eginen da. Aurrekoarekin batera, eta “udalerriaren barruko irudia hobetzeko pausoak ematearren”, udalak egokitzat jo du udaletxearen parean dagoen Gartzia Ximenez kaleko lorategiaren perimetro-hormako harria garbitzeko lanak egitea. Lan horiek 30.000 euroko aurrekontua dute. 

Kanposantu parean  kirol anitzeko eremu bat egin zuen Altsasuko Udalak 2017an. Erabileraren ondorioz, areto futboleko ateen atzean eta inguruan dauden sareak hautsi egin dira. Hori konpontzeko eta baloiak aldamenetako etxeetara ez joateko neurriak hartzea erabaki du udalak. Alde batetik, sareak kendu eta haien ordez 3 metroko altuera duten panelak jarriko dituzte bi ateen alboetan. Era berean, panelen atzealdean zutoin galbanizatuak jarriko dira, eta ateei dagokienez, egungo sareak ordezteko, altzairu galbanizatuko barroteak jarriko dira, betiere sarbidea eta irteera gaur egun bezala bermatuta. Azkenik, kirol anitzeko eremuaren iparraldean 6 metroko sare bat jarriko da. Lan horiek 13.103,8 euroko aurrekontua dute.