Gaur, azaroak 14, lau urte bete dira Altsasuko zortzi gazte haien etxeetan, lantokietan edota ikastetxeetan atxilotu eta espetxeratu zituztela. Operazio honekin Altsasu Auzia bezala ezaguna egin dena hasi zen, "prozesu judizioal manipulatua, logikarik gabekoa eta interes ilunek bultzatutakoa, oinarrizko eskubideak etengabe urratu diren prozesu bat", Antxon Ramirez de Alda Altsasu Gurasoak taldeko kideak adierazi duen bezala. Urteurrena gogoratzeko Altsasuko Foru plazan Lau urte. Altsasukoak Aske eskultura bat jarri dute, eta plazaren inguruetan egonen da bi edo hiru astez. Gainera, duela bi urte antolatu zituzten zikloan Elias Taño artistak margolan bat egin zuen eta gaur ere plazaren inguruan jarri dute.
Bestetik, Altsasu Auzia azken "urratsera" arte eramanen dutela jakinarazi dute. Hortaz, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joanen direla aurreratu dute.