Oraindik ez da amaitu

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 24a, 12:49

Altsasu Auziagatik lehenengo atxiloketen laugarren urteurrena gogoratzeko eta "injustizia" salatzeko ekimen xumea egin zuten, eta "Lau urte. Altsasukoak Aske" eskultura mugikorra mustu zuten. Laster Estrasburgoko auzitegian epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela aurreratu zuten

Gure istorioa oraindik ez da bukatu, gure buruari ez diogu gogorarazteko denborarik eman”. Amaia Amilibia Jon Ander Coben ama eta Altsasu Gurasoak taldeko kidearen hitzak dira. Larunbatean lau urte egin zituen Altsasuko ferietako liskarragatik lehenengo zazpi gazteen atxiloketak izan zirela, eta lau urte ondoren Jonanek eta Julenek Zaballako espetxean jarraitzen dute. Adur, Jokin, Oihan, Iñaki eta Aratz hirugarren graduan daude, Altsasun. Egoera desberdina den arren, “lau urte askatasunik gabe” daramatzate. Laugarren urteurrena gogoratzeko larunbatean “Lau urte. Altsasukoak Aske” eskultura mugikorra mustu zuten Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske plataformak. Eskultura bi edo hiru astez Altsasun egonen da, eta ondoren herrietara eramatea aurreikusi dute.

Espainiako Auzitegietan azken urteetan izan den “injustizia” kasu nabarmenetariko baten moduan oroituko dela esan zuen Antxon Ramirez de Alda Altsasu Gurasoak taldeko kideak larunbatean egindako ekimenean: “Lau urte luze izan dira borondatezko esku-hartze ankerra eta zentzugabea izan duen prozesu judizial honetan murgildurik aurkitzen garela, ezkutuko interesak dituena eta oinarrizko eskubideak behin eta berriro zapuztu dituena”. Gogoratu zuenez, Nafarroako Auzitegian haien burua aurkeztu zituzten arren, duela lau urteko azaroaren 14an “gure seme-alabetako zazpi” atxilotu zituen Guardia Zibilak.

Goiz hura
Oihan eta Aratz Gasteizen eta Goierrin atxilotu zituzten, beraien ikastetxeetarako bidean; Ainara praktikak egiten ari zen Aguraingo egoitzan, eta Jokin, Jonan eta Julen beraien etxeetan. Madrilera eraman zituzten eta deklaratu ondoren Ainara aske gelditu zen. “Gehiegizko operazio bat izan zen, iraganeko operazio polizialetan oinarria zuena”. Altsasuko herria eta gazteria kriminalizatzeko asmoarekin egindakoa izan zela gaineratu zuen. Zazpigarren gaztea, Adur, bere burua Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuenean atxilotu zuten.   

Azaroaren 14ko atxiloketak “zentzugakeria luze baten hasiera” baino ez zirela izan esan zuen Ramirez de Aldak ekimenean. Adurrek, Jokinek eta Oihanek hiru urte eta erdi pasa dute espetxean Madrileko hainbat kartzeletan hasieran eta Zaballakoan ondoren. Uztailean hirugarren gradua eskuratu zuten. Gaur eguneko pandemia dela eta, eskuturreko edo orkatilako pultsera telematikoa daramatzate eta lau egunez zortzi ordu etxean egon behar dira. 2024ko maiatzera arte ez zaie amaituko zigorra. Aratz eta Iñaki abendutik hirugarren graduan daude. Zigorra amaituko zaien lehenengoak izanen dira; 2022ko uztailean eta 2021eko urrian, hurrenez hurren.

Kartzelan
Istorioa oso bizia da, eta mingarria”. Aratzek, Iñakik, Jonanek eta Julenek bitan bizi behar izan zuten atxiloketaren esperientzia. “36 egun espetxean egon ondoren Audientzia Naizonalean Carmen Lamelaren aurrean deklaratu eta proba nahikorik ez zutenez, aske utzi zituen”. Aske, baina ez libre. “Bi astetik behin sinatzera joan behar ziren”, Amilibiak azaldu duenez. Epaia atera ondoren, 2018ko ekainean, berriz atxilotu zituzten, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta. Hala ere, haien bizitzekin aurrera egin zutela esan dute Altsasu Gurasoak taldetik, “ihes egiteko zantzurik gabe”.

Lau urte askatasunik gabe pasa dutela esan du Amilibiak: “Preso zentzu zabalean”. Ziurgabetasun handiarekin bizi ari dira egoera, “baita sufrimenduarekin ere”. Jonanek eta Julenek 930 egun daramatzate espetxean, eta Zaballako espetxe juntak hirugarren gradua eskatu du hezitzaileen, psiklogoen eta langile sozialen informe “baikorrak” kontuan hartuta. Azken berrien arabera, bigarren graduan jarraituko dute, baina bi gazteak lan egiteko eta ikasteko atera ahalko direla baimendu du Audientzia Nazionaleko Presondegiko zaintza epaileak.

Europara
Espainiako justizia sistemaren urrats guztiak agortu dituzte. Auzitegi Naizonalak 2018an lehen zigorrak ezarri zituen, eta urte bete beranduago Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu zituen. Bi auzitegietan helegiteak jarri zituzten, eta Auzitegi Konstituzionalean ezarri zuen, baina atzera bota zuen. Beraz, aukerak agortuta, Europako bidea “ireki” zaie: Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea aurkeztuko dutela aurreikusi dute.