Emakumezkoak aske izateko beharrezko dituztenak

Guaixe 2020ko aza. 27a, 14:04
Azken 10 urtetan Euskal HErrian 64 emakumezko erail dituztela salatu zuten. Utzitakoa.

Horretarako, Altsasuko mugimendu feministak bost premia sumatu ditu: justizia feminista, prebentzioa, baliabideak, bestelako segurtasun eredua eta ardurak haien gain hartzen dituzten gizonak.

Emakumeenganako indarkeria salatzeko eta Altsasuko Feministak, Bilgune Feministak eta Errefailak taldeak deituta, 250 bat pertsona kontzentratu ziren herenegun. Altsasuko mugimendu feministako kideek “kapitalismo heteropatriarkalak emakumeengan eragiten duen indarkeriaz nazkatuta” daudela jakinarazi zuten. 

Eta hainbat indarkeria mota zerrendatu zituzten: “eraso eta indarkeria matxista; COVID-aren eraginez hartutako neurriekin familia tradizional eta nuklearra indartzea, bakartzea, beldurra eta ezkutuan geratzen diren biolentziak gogortzea ekarri du; gizarte heteropatriarkalak dituen egiturazko indarkeriak, gizartean errotuta daudenak eta emakumezkoen gorputzak, bizitzak, izateak eta lurraldeak zeharkatzen dituenak espazio gehiegitan eta indarkeria fisikoa eta sexuala”.  Ziurtatu zutenez, “ekonomia, politika eta lege botereek eta masa hedabideek patriarkatuaren indarkeria bulkatu, birproduzitu eta sustengatzen dute”. 

Aske izateko 
Altsasuko mugimendu feministak emakumeen arteko sareak aldarrikatu ditu haiekiko indarkeriarekin bukatzeko eta, atzera ere, autodefentsa feminista aldarrikatu du. Horrekin batera, “emakumezkoak aske izateko” bost arlotan eragitea beharrezkotzat jo du. Lehenik, “justizia eredua birpentsatzea” eskatu dute, “arreta erasoa jasan dutenen erreparazioan eta babesean jartzeko”. Justizia feministarekin batera prebentzio arloan lan egitea aldarrikatu dute: “jendarte feminista lortzeko, hezkuntzan eta profesionalen prestakuntzan inbertitu behar da”. 

Emakumezkoak aske izateko baliabideak ere eskatu dituzte feministek: “indarkeria jasaten dugun emakumeok doako, kalitatezko eta unibertsala den gizarte-, psikologia- eta lege-laguntza behar dugu, epaitegian salaketa jarri edo ez”. Aldi berean, polizia ereduarekin kritiko azaldu ziren. “Segurtasun indarrek gorpuzten duten maskulinitate ereduak eta iraunarazten duen menderatze sistema berberak kolpatzen gaitu emakumezkook, polizia kontrol mekanismoek gure askatasuna mugatzen dute. Egungo segurtasun ereduak ez gaitu aske sentiarazten, alderantziz, are gehiago biktimizatzen gaitu”. Azkenik, Altsasuko mugimendu feministak gizonezkoak ardurak hartzera deitu dituzte: “konplizitate patriarkalarekin apurtu eta indarkeria matxistan duten erantzukizunez ohartzen diren gizonezkoak behar ditugu aske izateko, beraien inguru hurbilean aldaketak egiten dituztenak”. 

Datuak 
64 emakumezko erail dituzte Euskal Herrian azken 10 urteetan. 
8.692 dei egin ziren apirilean 016 telefonora. 2017tik behin bakarrik gainditu da kopuru hori, 2016ko agorrilean. 
Munduko hiru emakumetik batek indarkeria fisikoa eta sexuala jasaten du. 
Ezkondutako emakumezkoen %52k bakarrik dute bere sexualitateari dagozkion erabakiak hartzeko aukera. 
750 milioi emakumezko inguru 18 urte baino lehen ezkondu ziren. 
Emakumezko biktimen kasuen erdian erasotzailea gizonezko bikotekidea, bikotekide ohia edo familiako kide bat izan da.