Egongelatik gertu

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko abe. 8a, 11:30
Xabi Bandini eta Alberto Isaba 'Gertutik' ikuskizunerako. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak 948 Kultura programa antolatu du, eta egitarau honen barruan Xabi Bandini eta Alberto Isaba musikariek 'Gertutik' musika ikuskizuna mustu zuten larunbatean Altsasuko Iortia kultur gunean. 

Estreinaldia izan zen. Gertutik ikuskizuna publikoaren aurrean lehenengo aldiz egin zuten Xabi Bandini eta Alberto Isaba musikariek. "Aukera paregabea da lehendabiziko emanaldia lehenengoa delako eta ordainezina da estreinaldi bat ikustea. Artistak urduri gaude… hori behin bakarrik gertatzen da". Behin birarekin hasten direnean xarma hori "desagertzen" dela esan du Xabi Bandinik. Larunbatean izan zen mustutzea, Iortia kultur gunean. 

Antzokietarako eta kultur etxeetarako prestatu duten ikuskizuna da Gertutik. "Konfinamendu garaian sortu zen. Albertok eta biok entseatzen genuenean. Elkarrekin bizi gara eta momentu batean egiten ari ginena ikuskizun bihurtzea pentsatu nuen". Hortik abiatuta gidoia egin zuen eta atrezzoa eta moldaketak prestatzen hasi zen. "Musika ikuskizun bat da, baina antzerki generoari keinu polit bat egiten diogu". Ikuslea etxeko egongelara eraman nahi dute. "Ikus dezan zer gertatzen zen, eta zer gertatzen den, elkarrekin jotzen dugunean". Xabi Bandiniren kanta berriak eta zaharrak eginen dituzte, eta bien arteko elkarrizketak ere egonen dira. "Izenburu bat pentsatzen egon nintzen eta sinple baino sinpleagoa zen: Gure helburua egiten duguna gertutik erakustea da, beraz, Gertutik".

Sakandarra
Etxarri Aranazko kultur etxea ongi ezagutzen du Xabi Bandinik. Bertan egin dituzte Gertutik ikuskizunaren entsegu orokorrak, eta Zalantza eta Egia Chica Sobresaltorekin kaleratu duen kantaren bideoklipa bertan grabatu zuen ere. Bideoklipean Amaia Razkin biolinista etxarriarrak parte hartzen du ere. Xabi Bandinik Sakanarekiko harreman handia du. Haren etxe artistikoa dela izan daiteke: "Ez dago zalantzarik. Kerobiarekin hasi ginen. Lan talde on bat sortu genuen. Lur Larraza etxarriarra duela 15 urte inguru taldearen road managerra zen, eta Xabi Bandini bezala hasi nintzenean nire managerra izan da. Orain Biba!-n musikari ere bada". Sakanan mamitzen dena, "ez da beste inon ematen" aipatu du musikariak. "Ahalmen handiko jende asko dago". Olaztiko kultur etxea ere Xabi Bandiniren taldearen entsegu gunea izan da askotan.

Xabi Bandini konposatzaile bezala Kerobiarekin hasi zen, eta ikasi zuen. Kerobian kantak konposatzen zituen eta bertan "kontatzen" zituen istorioak bereak ziren. "Oraingo abestietan ere Kerobia dago, gu garelako". Musikariarendako Kerobiarekin hausteak ez du zentzurik: "Kerobiatik nator eta Kerobia gara. Asko gustatzen zait taldearen istorioak bezalakoak direla esaten didatenean". Xabi Bandinik istorioak kontatzen ditu.

Kultura
948 Kultura programaren barruan ikuskizuna Altsasun mustu ondoren, abenduaren 12an, larunbatean, Vianako kultur etxean emanaldia eginen dute ere. Nafarroako Gobernuak kultura sustatzeko antolatu duen egitarauaren barruan gaur Numenak ikuskizuna izanen da Olaztiko kultur etxean, 17:00etan, eta 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean, Demode Quarter taldearen Incorrectas ikuskizuna izanen da. Bestetik, abenduaren 13an. 19:00etan, Hutsun eta J.E.L. Jazz Trio taldeek kontzertua eskainiko dute Etxarri Aranazko kultur etxean.

Egoera berezi honetan "hasieratik" kulturaren sektoreak izan duen jarrera aldarrikatu du musikariak. Kultura segurua dela erakusteko lanean jarri zirela esan du, "lan handia egin du egoerara moldatzeko". Programatzaile batek artista bat kontratatzen duenean "etorkizunean" artista horrek proiektu berriak egin ahal izatea ahalbidetzen ari dela azaldu du. "Kontraturik ez badugu edo emanaldiak egiten ez baditugu, egoera latzean gaude, biziraupena da". Programa hauek "garrantzia" dutela esan du. Bestetik, egoerak bultzatuta emanaldiak in extremis antolatzen ari direla azaldu du. "Astetik astera dena aldatzen da, eta oso zaila izaten ari da". Ziurgabetasuna nabartzen dutela onartu du.