Artea historiaren hondakinetan

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko abe. 9a, 13:44
'Love needs time to kill' proiektuaren irudi bat. VEGAP

Txuspo Poyo artista altsasuarrak "diasporaren eta iruditegiaren" arteko harremanak azaleratu ditu bere proiektu berrian: 'Love needs time to kill'. Erlijiodun ikastetxeetako sistema pedagogikoaren inguruan hitz egiten du

XVII. mendeko barrokoko bodegoi bat bailiran, ikastetxe bateko aretoaren eszenatokian hainbat hegazti eta animalia exotiko agertzen dira. Manolita Thundersek, Mabi Revueltak eta Josemari Morcillok animalia hauek ardura handiarekin hartu, garbitu eta ikastetxetik garraiatu dituzte. "Hau guztia modu metaforiko batean begiratu behar da. Higienizazio ideiarekin zerikusia dauka. Egiten ari direna, ikastetxe horretan erakusten ari direna, mapak, espazioak… iruditegiaren parte dira". Txuspo Poyoren proiektu berria iruditegitik ikusi behar da. Proiektuaren ikus entzunezkoa Iortia kultur gunean aurkeztu zuten, nahiz eta artista ezin izan zen egon koronabirusagatik ezarritako neurriengatik ezin zelako Altsasura heldu. Gainera, Nafarroako Museoak lana erosi du.

Love needs time to kill edo Maitasunak erahiltzeko denbora behar du proiektuak denborarekin desagertuz joan diren erlijiodun seminarioei eta barnetegiei buruz hitz egiten du, baina gaur egun iruditegi kolektiboan jarraitzen dutenak. "Sistema pedagogiko hauetan misiotatik ekartzen zituzten herbarioak eta disekatutako animalia exotikoak zeuden". Ikastetxe erlijiodunek zonaldearen hezkuntzaren eta identitatearen parte izan dira, eta diasporaren eta iruditegiaren arteko harremana ezartzen dute: "Haurrak barnetegian urte osoan bizi ziren, erreferente gutxi zituzten eta disekatutako animalia hauek ikusi zituzten. Inpaktua oso handia zen”.

Iragana eta etorkizuna
Iraganeko zerbait dirudi, "baina interesgarriena da gaur egun barnetegietan hondakinak gelditzen direla". Hortaz, artistak gogoratu du ikastetxe hauetan oraindik ere bilduma "izugarriak" gelditzen direla; haietako batean bale bat dagoela esan du. Proiektuak ere etorkizunera begiratzen du: "Nafarroako Unibertsitatea natur zientzien museo handi bat egiten ari da eta Lekarozko kaputxinoetan zegoen bildumaren zati bat erakutsiko du". Kaputxinoek ere Altsasun ikastetxea zuten. Filmaren zati bat, hain zuzen, Altsasuko seminarioan grabatu zuten.

Baina ez da film bat bakarrik, proiektu oso bat da. Besteak beste, argitalpen bat lantzen ari da orain. "Proiektu bat lantzen duzunean hainbat modutan egikatzen duzu. Are gehiago, ez duzu inoiz bukatzen". Artistak azaldu duenez, lehenengo ikerketa lan bat dago, "eta horri nola ematen diozu forma? Nire kasuan ikus entzunezkoa asko erabiltzen dut, baina argitalpenak egiten ditut ere, objektuak…". Objektu horiek ondoren erakusketaren display-aren edo gailuaren parte izanen dira.

Proiektua animaliekiko lehenengo harremanarekin hasten da. "Animalia hauek ahaztuta gelditu dira, eta historia historiaren detrituekin eraikitzen da, Walter Benjaminek esan zuen bezala". Abandonatutako hondakin hauek sistema pedagogiko jakin baten parte izan dira: hainbat erakusleihoetan hegazkin eta animalia exotikoak agertzen dira.


'Love needs time to kill' proiektuaren irudi bat. VEGAP

Hezkuntza
Diaspoararen erlazio honek postkolonialarekin zerikusia dauka; Black Live Matter mugimenduarekin mahaira itzuli den gaia. Sufritu dutena kolonialismotik dator: esklabotza, arrazismoa… eta misioak". Txuspo Poyok azaldu duenez, mugimendu honen lehenengo ekimenetako bat lehenengo misiolariaren eskultura eraistea izan zen. "Debatea ez da bakarrik hezkuntza mailan, pentsarazteko alde historiko bat ere badu". Historiaren arteak dagoeneko arte postkoloniala ikertu duela azaldu du artistak, eta lan honekin hasi zenean alderdi hori ikusi z u e n e t a interesgar ria iruditu zitzaion. Bestetik, proiektu honek ere zentro hauen errebisioa egin nahi du. Hezkuntza publikoaren eta kontzertatuaren arteko eztabaida pizteko aukera ematen du lanak ere. Kontzertatua erlijiodunen eskuetan egon da "betidanik" eta publikoa, aldiz, "zauritua" egon dela esan du Txuspo Poyok. Pentsarazteko gaia kaleratu nahi du.

Artistak "bertan" dauden gauzen errebisioa egiten du. Gauza batek beste batengana eramaten du. "Aurreko proiektuak, Izaro, Izaro irlaren inguruan hitz egiten zuen, eta irlaren biztanle batzuk frantziskarrak izan ziren. Ni ez naiz erlijioduna, baina gure inguruan presentzia handia izan dute beti". Gai hauek berraztertu behar direla dio, alderdi politiko eta sozialaren parte direlako. "Nik ez dut fikzioarekin lan egiten". Haren lanetan fikzioa agertzen den arren, "errealitatearekin" lan egiten du Txuspo Poyok. "Gertaera txikiekin lan egiten dut, garrantzia gutxikoak izan direnak, baina haritik tiraka hasten zara eta gure bizitzarekin dituzten harremanak agertzen dira".

Hasten dituen proiektu guztiak ez dira amaierara iristen, eta beste batzuk handitzen hasten dira Love needs time to kill proiektuarekin gertatu den bezala. Mugak zeharkatu ditu, "ez delako Altsasun bakarrik gertatu. Nafarroan, Euskal Herrian, Espainian eta Europan gertatu da ere". Erlijiodun sistema pedagogiko guztietan gertatu dela esan du. Orain, Txuspo Poyok ikerketarekin jarraitzeko Romara joateko beka bat jaso du. "Bertan daudelako honen inguruko dokumentu gehienak".