Udalaren esku daude Basaluzeko dorrearen giltzak

Guaixe 2020ko abe. 15a, 14:39
Javier Ollo Martinez alkatea Rebeca Esnaola Bermejo kontseilariarekin eta haren laguntzaileekin.

Telegrafo optikoko dorrearen erabateko zaharberritze lanak despeditu dira. Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak, 250.527,53 euroko inbertsioa egin zuen. Orain, udalaren eskuetan gelditu da bai eraikinerako sarbideen hobekuntza, bai publikoari irekitzea.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinez Rebeca Esnaola Bermejo Kultura eta Kirol kontseilariaren eskutik Basaluzeko dorre optikoko giltzak jaso ditu gaur. Kontseilariarekin batera proiektuaren arkitektoa Jose Luis Frantsez Apezetxea etorri da eta zaharberritze-lanen xehetasunak azaldu ditu, baita eraikinaren sarreran horrelako dorreei buruz paratu den informazio panelaren edukia ere. Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Susana Herreros ere izan da bertan, kontseilariarekin batera. 

Basaluzeko dorrea, Ondasun Inbentariatu gisa deklaratu du Nafarroako Gobernuak. Zutik dirauen bakarra da Nafarroan kokaturiko hiruen artean, eta hirurek telegrafia optikoaren linea osatzen zuten. Linea horri Gaztelakoa esaten zitzaion, eta Madril eta Irun lotzen zituen. 1844tik 1846ra eraiki zuten. Linea 1846an mustu eta 1855ean utzi zitzaion erabiltzeari, eta beste bi dorre zituen Nafarroan: Ziordiakoa eta Altsasuko Engarakoa.

Obren nondik norakoa
Basaluzeko dorrea karratua da oinplanoz. Hormak osorik zituen, baina galduak zituen bai barnealdeko nahiz estalkiko zurezko egitura horizontalak, bai ate eta leihoetako zurajeak ere.

Dorrearen gorputz nagusiak 6,40 metroko alboa du. Deus gutxi nabarmendutako zokalo lau batez osatua dago, zerrenda zabal lauak ditu izkinetan eta, mehe bat, errematean, horma-atalak definitzeko. Beste zerrenda batek horma-atalak bi solairutan banatzen ditu, den-dena harri landuz egina. Lau aurrealdeetan, leiho zabal laukizuzen bat irekia dago solairu bakoitzean, inguruz inguruko zerrenda nabarmenduta, zeina ate bihurtzen baita beheko solairuan. Barnealdea harri-hormaz egina da, zati batean karezko emokaduraren hondarrak dituela. Leihoetako zurezko buru batzuen arrastoak kontserbatzeaz gain, zurezko forjatu desagertuen horma-zuloak ikusten dira.

Dorrean egindako lanek haren arkitektura zaharberritu nahi izan dute, jatorrizko ezaugarriekin bat, betiere 2017an taxututako planoak eta agiri historiko ezagunek emaniko datuetan oinarriturik. Ez da proposatu berariazko erabilera berririk dorrean, ezta sistema hura abian jartzea ere, hau da, estalkian ezarritako seinale bidezko komunikazio-sistema hura, urte sail txikian erabilia. Izan ere, gaur egun ez dago ikus loturarik Basaluzeko dorrearen eta lineako ondokoen artean, desagertuak baitira.

Jatorrizko baldintzekin bat birjarri da haritzezko egitura, bai barnealdeko forjatuetan, bai dorreko estalki lauan. Horretarako, barnealdeko hormak aztertu dira eta, era berean, alderaketa egin da Espainian zaharberritu diren gisako dorre batzuetako osaera arkitektonikoarekin, betiere telegrafia optikoko dorreei dagokienez. Halaber, barnealdeko eskailera kiribil metaliko bat birjarri da, dorreko jatorrizko eskailerak hego-ekialdeko angeluan izaniko trazadurara doitua. Era berean, barnealdeko behe-solairura eroritako obra-hondarrak kentzean, dorrearen jatorrizko zoladura agertu zen ongi kontserbatua, kareharrizko lauza lodiz egina, hori ere kontserbatua. 

Kanpoaldean, karezko estalduraren hondarrak kontserbatu dira hegoaldeko fatxadan, eta harri-hormaz egindako gainerako horma-atalak karezko morteroarekin estali dira. Zokaloak, enmarkeak, inpostak, erlaitza eta erremateko petoa -denak ageriko silarriz eginak- konpondu eta berrelkartu dira. Zurezko zuraje-lan berriak jarri dira, haritzezkoak, bai sarrerako atean, bai lehen solairuko hiru leihoetan, bai eta bigarren solairuko lau leihoetan ere. Behe solairuko hamabi gezileihoak ez dira itxi, dorre barneko aireztapena errazteko.

Dorre barnetik estalki laura igo daiteke eta, handik, ikuspegi bereziak daude Altsasu eta Sakana aldera.

Kanpoaldean, gainera, informazio-panel bat paratu da, dorrearen jatorria eta Espainiako telegrafia optikoaren jarduna azaltzeko.

Funtzionamendua
Telegrafo optikoa Frantzian asmatu zuten, XVIII. mendearen bukaeran. Espainian, telegrafia optikoko sare bat bultzatu zen 1844an eta hiru linea egin ziren: Gaztelako linea deritzona, Madrildik abiatuta, 52 dorrez osatua, hiriburua eta Irun lotzeko. Dorreetako bat Basaluze izan zen. Kataluniakoa, Port Bourtaino, eta Andaluziakoa, Cadizeraino. Bizitza laburra izan zuten, ia berehalakoan telegrafo elektrikoa jarri zelako. Madril-Irun linea 1846an mustu eta 1855ean utzi zitzaion erabiltzeari; hau da, 9 urtez bakarrik aritu zen zerbitzuan.

Dorreak berariaz diseinatu ziren, bi baldintza gogoan: gailurrean, telegrafo optikoko seinaleen mekanismoa jarri behar izatea, eta defentsarako ahalmena, gerra garaian komunikazioa ez mozteko. Horri kokalekua gehitu behar zaio, linea telegrafikoko aldameneko dorreak ikusteko moduko kokalekua behar baitzen. Eragozpenak ere bazituen; handiena, erabilera mugatua zuela, hau da, egunez besterik ez eta egun argietan, lainorik gabe.

Gaur egun, ia ezezagunak dira bai eraikinak, bai zer eginkizun zuten, hau da, estazio telegrafikoak zirela. Bestalde, ia ez da ezagutzen telegrafia optikoa bera, zer linea ziren eta noiz eraiki ziren. Basaluzekoa zorionez gaur egunera osorik samar iritsi den bakarrenetako bat da, baina ia ez da oroitzapenik haren egitekoaz.

Dorre horiek, beraz, ikusizko komunikazio-sistema baten lekuko materialak dira, garai historiko zehatz batean asmatua eta erabilia, eta bizitza laburrekoa. Gogora ekartzen digu, hein batean, Erdi Aroan mugako dorreen artean egonen ziren ikus komunikaziorako formulak, ziur aski oso sinpleak.    
Bizitza laburra izan bazuen ere, telegrafo optikoa mugarri izan zen komunikazioaren aurrerabidean. Bizirik dirauten telegrafia optikoko dorreak, Basaluzekoa, esaterako, lekukotasun materialak dira, eta kultur balio handia dute, aipatu historiaren mugarri bat ekartzen baitigute gogora.