Adinduen egoitzen zerbitzua zaintzeko

Guaixe 2020ko abe. 23a, 09:56
Zainduz elkartearen aurkezpenak jendearen interesa sortu zuen.

Nafarroako egoitzetako erabiltzaileen senideek Zainduz elkartea aurkeztu zuten aurreko joan den asteazkenean. Egoitzetan egoera “jasanezina” dela uste dute eta beraien senideen eskubideak defendatzeko helburuarekin sortu dute elkartea.

Pandemiak agerian utzi ditu adinduen egoitzetako hainbat defizit: “egoitzak isolamendu zentro bihurtu dira eta haien itxierek gure nagusiendako tratu txar instituzionalak ekarri dituzte, erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratzen dira, langile falta dago, lan baldintzak prekarioak dira, erakundeen ikuskapen falta dago… Hala uste dute Nafarroako egoitzetako erabiltzaileen senideek Zainduz elkarteko kideek eta horren arrazoia aurrekontuen murrizketek eta zerbitzuen pribatizazioek dutela gaztigatu dute. 

“Erakundeen babesgabetasuna” salatu dute ere. Eta COVID-19ak egoitzetan eragindako kutsatze eta heriotza kopuru handia gogoratuz, nabarmendu dute: “ezin dugula onartu pandemia batek familiengan hondamenak eragitea”. Izan ere, elkartekideen iritziz “administrazioen pribatizazio eta ekonomizatze asmoek merkataritza irizpideetan oinarritutako negozio eta irabazi eredua ekarri dute, batez ere errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duena”. Eta hori egoiliarren kaltetan dela diote. 

Helburuak
Zainduz elkartea kezka bera zuten foru geografiako 30 familiak osatu eta aurkeztu zuten lastailaren 19an. Haien helburua zaharren ahotsen bozgorailua izatea da. Batetik, egungo osasun krisiagatik adinduen egoitzetan indarrean diren neurrien inguruko gogoeta sustatzeko; eta, bestetik, pertsona erdigunean jarriko duen egoitzen eredu publiko bat aldarrikatu dute, pandemiak agerian utzitako gabeziak gainditzeko. 

Horretarako, besteak beste, eskatu dute “pandemiari aurre egiteko hartzen diren neurri eta protokoloen ebaluazioan eta bisiten eta irteeren kudeaketan" parte hartzea. Aldi berean, “elkarrizketa eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez”, administrazioari eskatu diote: “mendekotasuna artatzeko egungo eredua alda dezala, izaera unibertsaleko gizarte- eta osasun-zerbitzuen sare publikoa sustatuz, partaidetzazko hurbilekoa eta arreta duina eta kalitatezkoa duena, sistema osoaren kontrol zorrotza eginez”.

Elkarteko kideek Nafarroako adinduen egoitzetan dauden aldarrikapenak zein diren jakin nahi dutenez, zenbait senidek Altsasuko egoitzakoen berri emateko asmoa azaldu zieten elkarteko kideei joan den asteazkenean. 

Harremanetarako
Elkartetik mendekotasuna duten adinekoen senideak antolatzera animatu dituzte. Harremanetan jartzeko zainduz.cuidando@gmail.com e-postara idatzi daiteke.