Aurten ez da kinto ospakizunik izanen

Guaixe 2021ko urt. 5a, 09:34
Kinto eskerik ez da izanen Santa Agedan.

2003ko kintoek eta udalak adostu dute kinto ospakizunak heldu den urtera atzeratzea eta 2004koekin batera ez egitea. Beraz, kinto ospakizunak aurrerantzean 19 urte betetzen diren urtean eginen dira. Bihar ez da errege zozketarik eginen.

2003an jaiotako gazte altsasuarrak bihar ez dira urduri egonen, ez baita kinto buruzagien zozketarik eginen. Aurtengo kintoek udalarekin batera adostu dute zozketa hori 2022ko ilbeltzaren 6an egitea. Izan ere, bai Altsasuko Udaleko Festen Batzordeak bai kintoek argi dute COVID-19k sortutako osasun-krisi betean Santa Ageda ospatzeko behar bezalako baldintzarik ez dagoela. Batzordeko kideek eta gazteen ordezkaritzak egindako bileran aurtengo kinto ospakizunak urte bat atzeratzea eta 2004ko kintoekin batera ez ospatzea adostu dute. Ondorioz, gazte altsasuarrek bere kinto festa 19 urterekin ospatuko dute hemendik aurrera, adinez nagusi direla. 

Altsasuko Udala izan da aldaketaren berri ohar bidez zabaldu duena. “SARS-CoV-2 birusak sortutako osasun-krisiak eragin larria du gure ekonomia, gizarte eta kultura ereduan. Azken horren barruan, ospatzen ditugun festak eta ospakizunak aipatu behar ditugu, Altsasuko gizarte-bizitzaren zati baitira. Joan den urteko martxoaren 14an osasun krisiak eragindako lehen alarma egoera ezarri zenetik, Altsasuko Udalak bertan behera utzi ditu Alde Zaharreko festak, San Juan, San Pedro, iraileko festak eta Feriak. Horrekin batera, eta Nafarroako Gobernuak emandako osasun-araudia betez, formatu alternatibo eta seguruak asmatu dira Olentzeroren eta Mari Domingiren eta Errege Magoak gisako ekitaldi maitagarriak egiteko”.

Udaletik aurreratu dutenez, “aurten gure udalerriko festak eta ospakizunak larriki aldatuko ditu osasun-krisiak, eta tunel luze honen akaberan argia igar badezakegu ere, oraindik hilabete luzeak ditugu aurretik, eta norbanakoaren erantzukizunez eta osasun-agintariek emandako neurriak betez egin beharko diegu aurre”. Eta ikututako lehen ospakizuna kintoen festa izanen da, Santa Ageda, “ezin izanen da 2021ean ospatu”. Esan bezala, iritzi hori partekatzen dute Altsasuko Udaleko Festa Batzordeak eta 2003. urtean jaiotako gazteek, aurten festa ospatzea egokituko litzaiekeen gazteek. 

Aurrekariak 
Santa Agedak sutik babesten duela uste da. Herrian izan ziren aldaketekin, XX. mende hasieran festak gainbehera egin zuen. 1904an ez zen kinto ospakizunik egin. Urte berean txaroldegian sute handia izan zen (egungo Isidoro Melero kalean). Batzuek kinto ospakizunak ez egitearekin lotu zuten “zigor” hura eta hurrengo urtean bueltatu ziren ospakizunak. Gazteen festetan hurrengo etenak 1936ko estatu kolpeak eta hark eragindako gerra garaian izan zen. 

60ko hamarkadan adin aldaketa ere izan zen. Hainbat urtetan jaiotako gazteez osatutako kintadak izan ziren 70eko hamarkada erdialdera arte-edo, urtero kinto izateko adina bi hilabete aurreratu baitzituzten.