Bertsoarekin birkonektatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 18a, 13:53

Ekain Alegre eta Idoia Granizo, eskuinetik bigarren eta hirugarren, IX. Izeta Sariketaren kanporaketan. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Idoia Granizo eta Ekain Alegre bertsolari altsasuarrek IX. Mariano Izeta Sariketan parte hartu zuten. Alegre finalera iritsi zen. Urte "arraroaren" ondoren biak pozik zeuden taulara itzultzeagatik

Mariano Izeta Sariketa Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatzen dute bi urtetik behin, bertsolariaren omenez. 16 eta 30 urte bitarteko bertsolari nafarrek parte hartzen dute, eta 2020. urtearen amaieran IX. Edizioa jokatu zuten Iruritan. Egoera berezia dela eta, kanporaketak eta finalak egun berean jokatu ziren. Bi bertsolari gazteek ordezkatu zuten Sakana: Ekain Alegre eta Idoia Granizo. 2018ko edizioa Saats Karasatorrek irabazi zuen, eta oraingoan Ekain Alegre finalera iritsi da.

"Esperientzia polita izan zen, bertsolari gazteendako egindako sariketa delako eta horrela aukera ematen digute gure adin tarteko jendearekin kantatzeko". Hainbeste denbora pasa ondoren, saio "serio" batean parte hartzea "arraroa" izan dela aitortu du Ekain Alegrek. "Kantatu gabe denbora asko generaman, are gehiago publikoaren aurrean". Horrelako egoera batean saioak antolatzea "polita" dela gaineratu du, "ez baitaude aukera asko gaur egun".

Idoia Granizorendako ere "nahiko beharrezkoa" zen sariketa esperientzia bezala: "Urte arraro honen ondoren, gutako asko, eta agian ni bereziki, bertsoarekin birkonektatzeko moduak bila gabiltzala ikusten dut". Izeta Sariketa "bultzadatxo" bat izan zen. Plazak "motibazio iturri" direla gaineratu du bertsolariak. Hala ere, hainbeste denbora oholtzara igo gabe pasa arren ez zela "deseroso" sentitu azaldu du Granizok: "Bertso eskolan bezala kantatu nuen, gustura eta eroso. Agian oholtzakideak oso gertukoak nituelako, eta giroa ederra zelako". Nafarroan bertsoaren munduan aritzen direnek elkar ezagutzen dute, eta saio hauetan "etxean" kantatzea bezalako da.

Talde bezala saioaren "balorazio positiboa" egin zuten. "Horrelako kanporaketa batean guztiok berriz elkartzeko gogo berezia genuen. Guztion artean giro ederra sortu genuen, animo asko eman genizkion elkarri… polita izan zen". Oro har guztiak eroso egon zirela esan du Granizok, "batzuk urduriago, beste batzuk lasaiago, bertso onak, bertso txarrak joango ziren seguru aski…". Pozik amaitu zuten. Sariketetan "giro oso polita" sortzen dela esan du Alegrek.

Sariketa berezia
Egoerak behartuta, egunean bertan bi kanporaketak eta finala jokatu ziren, eta altsasuarrak bigarrenean aritu ziren. "Aurrekoa bizitzeko aukera izan genuen eta horrek giroa berotzen lagundu zuen". Bertso kideak nondik zihoazen ikusten zuten, eta prestatzeko aukera ere izan zuten. Elkarrekin aritzeak "gure bertsogintzan sostengu handia" direla esan du Granizok. "Ariketa bat elkarrekin kantatzea ere egokitu zitzaigun, eta Ekain finalera pasa izana niretako sekulako eztanda izan zen".

Alegrek ez zuen espero finalera iristea. "Hainbeste denbora jendaurrean kantatu gabe egon ondoren, ez nekien nola joango zen saioa, eta beldur pixka bat ere banuen". Ariketa gutxi izan zirenez "edonor" pasa zitekeela azaldu du, "eta zortea izan nuen ongi moldatu nintzelako". Gorabeherak izan zituela aitortu du, "presioak onerako edo batez ere txarrerako eragin dezake, eta zaila izaten da lasai egotea". Saioetan, beraz, presioa kentzea garrantzitsua dela azaldu du.

Saioak "hotzagoak" direla esan du Granizok; publikoak segurtasun tartea mantendu behar duenez ez daude elkarrekin, eta maskara jantzi behar dutenez, "zaila da" bertsoaren feedbacka jasotzea. "Ez dakizu bertsoak grazia egin dien, zuk uste bezain ona izan den eta abar. Alderdi hori galtzen da". Hala ere, bertsolarien artean egoera bereziak ez duela eragin handiagorik izan esan du Alegrek. "Antolakuntza aldetik sekulako esfortzua izan da, eta eskertzekoa da elkartearen ahalegina".

Egoera berezia bazen ere, oholtzara igotzearen eta bertsolari gazteak berriz ikusteko gogoa handiagoa izan zen. "Aspaldian izaten ziren moduko egun bat espero nuen, bertsolariak batu, elkarrekin egon, bertsoak bota, ondo pasatu, eta bertsoarekin berriz konektatzea. Zalantzarik gabe bete zen".

Bertso eskolatik oholtzara
Bertso eskolarekin aurrera jarraitzen saiatu dira eta "nolabaiteko errutina" sortzea lortu dutela azaldu du Granizok. Baina biak bakarrik daudenez "monotonia" akats nagusi dutela aitortu du: "Beti elkarrekin kantatzen dugu, badakizkigu bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak…". Horrek bere alde onak eta txarrak ditu: "Izetan elkarrekin kantatzea egokitu zitzaigunean, bagenekien nola bideratuko genuen ofizioa". Baina kontran ez daude jende desberdinarekin kantatzera ohituta. Astero elkartzen dira eta sariketetarako ariketak prestatzen dituzte, "egoera dela eta bertso eskolak kili-kolo daudela ematen du, eta astero biltzea ez da gutxi". Bertsoarekin ez moztea da kontua.

Izeta bi urtetik behin ospatzen da, eta egiten ez den urtean Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi bertsolari gazteendako txapelketa antolatzen du. Bikoteka aritzen dira bertsolariak. Baina dena kolokan dago: “2020ak utzi duen ajearekin ezin da jakin zer pasako den 2021ean. Ezin esan momentuz Bertsokabi eta bestelako sariketa eta saioak egingo diren”. Elkarteak ahalegin guztiak egingo dituela uste du Granizok, baina ez daki plazarako aukera izango dituzten aurten: “Neurriak eta datuak egunetik egoera aldatzen doaz, eta maiz gertatu izan da azken unean dena berregokitu beharra. Beraz, ikusiko da”.