Leire Lazkoz

“Falta egin nion eta partida gelditu nuen; barrutik atera zitzaidan”

Maider Betelu Ganboa 2021ko urt. 27a, 15:00

Leire Lazkoz altsasuarrak Kirolaren Balioak Positiboan saria jaso du, saskibaloi partida batean berak izandako jokabidea “joko garbiaren adierazlea” dela baloratu dutelako

1. CBASK taldeko jokalaria zara. 
7 urterekin hasi nintzen Altsasuko Saskibaloi Taldean (CBASK), eta aurten 14 urte beteko ditut; beraz, 7 urte egingo ditut klubean. Aurten haurren mailako taldean nabil. 

2. Abenduaren 18an Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Miguel Pozuetak Kirolaren Balioak Positiboan izeneko saria eman zizun, partida batean izan zenuen jarrerari aitortza egiteko. Nonbait, zure jokabidea joko garbiaren adierazlea izan zen. Zer gertatu zitzaizun?
2019ko abenduaren 21ean Iruñeko Paz Zigandaren kontra ari ginen jokatzen etxean, Zelandin. Partida gure taldeko ordezkari batek eta euren taldeko beste batek arbitratzen zuten. Nik nahi gabe falta egin nion Paz Zigandako jokalari bati, baina arbitroak ez ziren konturatu. Orduan nik partida gelditu nuen, falta hori egin nuela esateko. 

3. Beraz, zuk falta egin zenuela esan eta partida gelditu zenuen.
Bai. Nire faltagatik Paz Zigandakoek bi tiro bota zituzten. Partidan berdinduta geunden, partida bukatzeko 90 segundo falta ziren eta beraiek aurreratu ziren. 

4. Erabaki hori gehiegi pentsatu gabe hartu zenuen?
Inkontzenteki atera zitzaidan, pentsatu gabe. Falta egin nion eta unean bertan esan nuen. 

5.Beste batzuetan berdin jokatu al duzu?
Egun hartan falta egin niola konturatu nintzen, baina beste batzuetan ez zara jabetzen arbitroak esaten dizun arte. Egun horretan konturatu nintzen eta esan nuen. 

6. Taldekideek zer esan zizuten?
Ongi hartu zuten. 

7. Saskibaloi jokalaria zaren aldetik partidetan halako jokaerak ikusten dituzu?
Normalean “zikinago” jokatzen da. Baina niri partida gelditzea barrutik atera zitzaidan.  

8. Jarrera horrengatik Balioak Positiboan Saria emango zizutela nola hartu zenuen?
Sorpresa handia izan zen niretzat. Saskibaloi Federaziokoak deitu ninduen sariaren berri emateko eta shockean geratu nintzen. Baina aldi berean poz handia hartu nuen. Polita da halakoei errekonozimendua egitea. Abenduaren 18an Nafarroako Kirol Institutura joan nintzen gurasoekin eta han eman zidaten saria: poltsa bat, puff-ak eta Intersport Irabian gastatzeko 175 euroko txartela. Horretaz gain, bideo bat ikusi genuen. Bideoan nire irudiak agertzen ziren eta esaten zen joko garbiaren adibidea izan zela nire jokaera. Senitartekoek eta lagunek ilusio handiz hartu zuten ni saritu izana. 

9. Pandemia dela eta, aurten nola zabiltzate CBASKen?
Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dugu, egunero ordu bat. Hasieran ezin genuen kontaktuarekin entrenatu, baina orain bai. Baina txapelketa ez dugu hasi. 

10. Nafarroako Kirol Institutuak 34. Nafar Kirol Jolasak deitu ditu. Oraindik ez da lehiaketaren datarik zehaztu, baina betebeharreko arauak zehaztu dira: partidak publikorik gabe jokatuko dira, osasun araudi zorrotzak egongo dira... Liga hasteko aukera izango duzuela uste duzu? 
Nik baietz uste dut, baina ez une honetan. Akaso otsailetik aurrera... Kutsatze datuen arabera. 

11. 2020ko martxotik lehiatu gabe zabiltzate. Uste duzu zuen jokoak geldialdi hau nabaritu duela?
Bai, zer edo zer jaitsi dugu, bereziki defentsan. Martxotik lehiaketan aritu gabe gaude eta entrenatu ere kontakturik gabe entrenatu behar izan dugu duela gutxira arte, eta hori nabaritzen da. Kontaktu gabeko entrenamenduekin ezin izan ditugu defentsa eta bestelakoak behar bezala entrenatu. Aurten haurren mailan gaude eta 1. mailan aritzea erabaki dugu, gure burua gehiago motibatzeko eta taldea gehiago hobetzeko. Izan ere, gure taldeak ez ditu emaitza oso onak lortzen. Iruñeko taldeak handiak dira, jokalari mordoa dituzte eta onenak hautatzen dituzte. Hemen ez ditugu horrenbeste baliabide, baina guk oso gustura jokatzen dugu, pozik, animatuta. Eta gure burua estutzeko nahiago dugu 1. mailan aritzea.