Euterperen eraginpean

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 9a, 12:36

Arkaitz Martinez, Ekhine Lumbreras eta David Sanchez Banden Federazioaren kontzertuan. UTZITAKOA

Haize Berriak bandak kulturaren eta musikaren munduan isildutako emakumezkoen lanak aldarrikatuko dituzte, horretarako emakumezkoek konposatutako lanekin 'Musak' kontzertua eginen dute larunbatean, martxoaren 13an, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Gizartearen edozein arlotan bezala, kulturan eta musikan emakume sortzaileen lanak alboratuak izan dira. Bigarren plano "bidegabe" batean egon da beti emakumea. Martxoaren 8a emakumearen eguna dela baliatuz, eta, ondorioz, martxoa "emakumearen hilabetea" denez, Haize Berriak bandako batzordeak erabaki zuen udaberriko kontzertua emakumeari eskaintzea. "Musikan emakumearen papera ez delako agerikoa". Hasieran emakumezko bakarlariekin eta zuzendariekin kontzertu bat egitea pentsatu zuten, baina egoera dela eta "zaila" zela azaldu du David Sanchez Haize Berriak bandako zuzendariak. "Orduan, pentsatu genuen kontzertu bat egitea emakume konpositoreen lanak bakarrik osatutako errepertorioarekin". Martxoaren 13an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean izanen da Musak kontzertua.

Musikaren historian emakumezkoaren papera ikustarazi nahi dute emanaldi berezi honekin. Sanchezek onartu duenez, "hasieran lanak aurkitzea kostatu zitzaidan". Baina "pixka bat arakatu" ondoren "pila bat" aurkitu dituela azaldu du zuzendariak: "Oso interesgarriak dira, maila handikoak". Kontzertu berritzailea eta desberdina eginen dute, izan ere, pieza hauek ez dira oso entzunak izan: "Eta ez dut ulertzen zergatik. Edozein lanekin baino hobe pasatzen ari naiz. Gauza pila bat dituzte, eta alderdi askotatik landu dezakegu: erritmoa, afinazioa, enpasteak…". Sanchezek "urrezko harrobi" bat aurkitu duela aipatu du, "gauza askotarako aukera" ematen duelako. Kontzertu honen bidez lan horiek mugitu daitezkeela uste dute bandako kideek.

Konpositoreak
Gero eta emakumezko konpositore gehiago agertzen ari direla esan du Sanchezek, "eta dagokien lekuan egoteko saiatzen ari dira". Hala ere, musika "oso matxista eta patriarkala" dela aitortu du, eta historian zehar emakumezkoak baztertuak izan dira, "nahiz eta maila altuko lanak egin". Esaterako, Clara Schumann Robert Schumannen emaztea konpositore ospetsuaren "maila berean" zegoen, baita Fanny Mendelssohn pianista bere anaia Felixen maila berean zegoen ere, "hobea ez bada". "Emakumeek beti sortu dute, baina gizarteagatik albo batean gelditu dira. Ez dira inoiz ikusi. Gu saiatzen gara protagonismo hori ematen". Musak kontzerturako konpositoreen lanak hartu dituzte, "baina ez dugu musikan bakarrik gelditzea nahi. Bandatik haratago doalako". Musikariak, zuzendariak eta bestelako kulturgileak omendu nahi dituzte emanaldi honen bidez.

Kontzertuan "denetarik" egonen da. Elvira Checaren XX. mendeko pasodoble bati buruz hitz egin dute bandako kideek. Bestetik, gehienbat XX. mendeko eta gaur egungo lanekin osatutako kontzertua izanen da: "Garai horretakoak dira orain hasi direlako emakumeen lanak ateratzen. Komatxoen artean orain utzi diete gauzak egiten". Bandarako piezak aurkitzea, gainera, zailagoa da: "Orkestrarako eta talde txikiagoendako agian zerbait gehiago dago". Sakanako bandak hainbat obra erosi ditu. "Horrela merezitako errekonozimendua, ordaina eta laguntza ematen diegu". Esaterako, AEBtako 25 urteko konpositore baten lan bat erosi dute.

Antzinate klasikoan Euterpe musikaren musa edo jainkoa zen; txirula jotzearen artearen zaindaria, hain zuzen. Musak artistak inspiratzen zituzten jainkosak ziren, eta kontzertu hau emakumezko konpositoreek inspiratu dutela esan du Sanchezek: "Kartelean Euterpe agertzen da eta konpositore hauek inspiratu gaituzte; kontzertu hau inspiratu dute". Jokoa eginez Musak izenburua sortu zen.

Banden federazioa
Haize Berriak banda Nafarroako Banden Federaziaren barruan dago. "Duela bost edo sei urte inguru sortu zen federazioa eta kontzertu bat egiteko ideia sortu zen. Kontzerturen bat egin zuten eta gero utzi zuten", azaldu du Arkaitz Martinez saxofoi joleak. Orain berriro itzuli da. "Indartsu itzuli da eta komentatu zuten federatutako bandako kideekin zerbait egin nahi zutela. Izena emateko aukera zabaldu zuten, eta izena eman genuen". Federazioak errepertorioaren eta mailaren arabera kontzerturako musikariak aukeratzen dituzte, eta Haize Berriak bandako hiru kidek federazioak antolatutako abenduko kontzertuan parte hartu zuten: Martinez, Ekhine Lumbreras eta Sanchez.

Esperientzia oso ona izan zela esan dute hirurek. "Musikari pila bat ezagutu genituen eta musika aldetik ere kontzertu handia izan zen eta beste modu batean joko ez genituzkeen piezak jo genituen". Lumbrerasek "esperientzia polita" izan zela esan du. "Hasiera batean ez nuen izena eman behar, baina nire aita musikaria denez eta Davidek eta beste kideek animatu ninduten". Kalitate handiko kontzertua zela esan du. "Aberasgarria izan zen".

Dagoeneko Haize Berriak bandak urte osorako kontzertuak aurreikusi ditu. Maiatzean Piazzolaren 200 urteurrenaren harira bi aktore eta akordeoilari batekin ospatuko dute eta urte amaierako kontzertu pedagogiko bat egitea pentsatu dute. Arkaitz Martinez saxoi joleak azaldu duenez, nahi baino kontzertu pedagogiko gutxiago egiten dituzte, izan ere, "garrantzitsua da haurrei erakustea banda bat eta kontzertu bat zer den". Betiere bandaren zigilua izanen du: zerbait desberdina eskainiko dute.