Lanbide Heziketako irakasleak “pozik” hartutako erabakiekin

Guaixe 2021ko mar. 10a, 13:14

Ikasketak mantentzearen alde egin zuten hainbat eragilek prentsaurrekoan otsailaren 5ean.

Mendi Erdiko eta Eskaladako heziketa-zikloek bere horretan jarraituko dutelako eta heldu den ikasturtean institutuan Mikroinformatika Sistemen eta Sareen euskarazko ziklo berria ezarriko delako.

Hezkuntza Departamenduak hartutako erabakiak “pozez” hartu dituzte Sakana Lanbide Heziketako (LH) institutuko irakasleek. Haien iritziz, “Mendi Ertaineko eta Eskaladako Teknikarien irakaskuntzari eusten bazaio, horretarako irizpide teknikoak daudelako da”. Irakasleek Hezkuntza Departamentuari ere bi eskaera egin dizkiote. Batetik, “hartutako erabakiari jarraipena emateko konpromisoa har dezala”. Eta, bestetik, “aurrerantzean parte hartzeko mekanismoak antola daitezela, ikastetxeko prestakuntza-eskaintzaren definizioan irakasleen eta lurralde-eragileen iritzia ezagutzeko”. 

Horrekin batera, irakasleek esker ona azaldu diete “defendatu ditugun irizpide teknikoak hasieratik babestu” dituztenei: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta Afapna sindikatuak, Sakanako Garapen Agentzia, Sakanako Mankomunitatea, Altsasuko alkatea, Bidelagun (Sakanako turismo-enpresen elkartea) eta ibarreko eskola publikoak. Geroa Bairi, EH Bilduri eta Izquierda- Ezkerrari ere eskerrak eman dizkiete haiek eskatuta Carlos Gimeno Gurpegi kontseilaria eta Tomas Rodriguez Garraza Lanbide Heziketako zuzendariak presazko agerraldia egin baitzuten Nafarroako Parlamentuan. Irakasleek azpimarratu dutenez, “guztion artean egindako lana izan da ziklo horiek ibarrean mantentzera eraman gaituena”.