Gerrako presoaren gorpua hobitik aterata

Guaixe 2021ko api. 21a, 11:13
Aranzadi zientzia elkarteko kideak deshobiratze betean Leteko hilerrian. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Memoriaren Institutuak 1936ko estatu kolpearen ondoren hildako gizonezko baten gorpua hobitik atera zuen Leteko hilerrian hilaren 9an. Manuel Elizalde Lecea altsasuarra izan liteke, 30 urte zituela 1938an hildakoa. 

Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin batera, Leteko hilerrian hobiratutako pertsona baten gorpuzkiak berreskuratu zituen ostiralean. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Itzako Udaleko Bake Epaitegian egindako ikerketen arabera, Manuel Elizalde Lecea 30 urteko altsasuarrarenak izan daitezke berreskuratutako gorpuzkiak. Haren identifikazioa Nasertic-ek duen DNA banku publikoaren bidez eginen dute. Izan ere, haren iloba Juan Jose Zelaia Elizaldek duela bost bat urte eman zuen bere DNA lagina helburu horrekin. Zelaia ere deshobiratzearen lekuko izan zen, Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Jose Miguel Gaston Aguas Nafarroako Oroimenaren Institutuaren zuzendaria eta Leteko Kontzejuko ordezkariarekin batera.

Estatu kolpearen ondoren preso hartu eta hil zituzten 13 altsasuarretako bat da Manuel Elizalde Lecea. 1907ko ilbeltzaren 12an jaio zen Zacariasen eta Bonifaciaren semea. Beste hiru arreba zituen, guztiak dagoeneko hilak daudenak. Ezkongabea zen. Beasaingo bagoi lantegiko langilea, CNTko militantea eta Altsasuko Sindikatu Bakarreko idazkaria zen. Iparraldeko frontean preso hartu zuten 1937ko irailean. Santander aldean zehaztu digu ilobak. “Amonak bera eta Altsasuko beste preso bat bitan bisitatu zituen Dueñasko espetxean”, gaineratu du Zelaiak. 

Lekualdatzean hil
Kantabriako espetxetik Iruñeko kartzelara eramatea erabaki zuten eta, jasotako datuen arabera, lekualdaketa horretan hil zuten. Historia memoria landu dutenek jasoa zuten Oskiate ondoko txipudian hil zutela altsasuarra. Baina Aranzadi zientzia elkarteko kideek heriotza-erregistroan eta auzitegiko txostenean oinarrituta jakin dute Elizalderen gorpua Iharteko zubiaren ondoan opatu zutela 1938ko maiatzean; Leteko bidegurutzean agertu zen, Asterain eta Irurtzun lotzen dituen NA-7010 errepidearen eta herrira eramaten duen NA-7064 bidearen gurutzean. 

Zelaiak azaldu digunez, Eritze Itzan dagoen Itzako Zendeako udaletxeko dokumentuan opatutako gorpuari buruzko hainbat datu daude, ziurrenik, udal idazkariak eta sendagileak idatziak direnak. Esaterako, han jasoa dago hildakoa altua zela, begi urdinak zituela, haren arropari buruzko xehetasunak (deshobiratzean larruzko oinetakoen eta atorraren botoiak agertu dira; atorra, amerikarra, gabardina eta txapela zituen), diru zorroan 38 pezeta zituela, altsasuar bati zuzendutako gutuna zeramala eta buruan 9 milimetroko bala baten tiroa zuela. Hilerriko atetik bi metrora lurperatu zutela ere idatzi zuten. 

Aranzadi zientzia elkartea da gorpuzkiak jaso zituenak eta bera arduratuko da DNA azterketa egiteaz eta hura identifikatzeaz, baldin eta Nasertic-en lagin bankuan daudenetako bat orain aterako dutenarekin bat egiten badu. Zelaiak ez daki noizko izanen duten azterketaren emaitza. Laginak bat etorriko balira eta Leteko hildakoa Elizalde balitz, Zelaiak jubilatzerakoan bere buruari jarritako zereginetako bat beteko luke, osaba opatzea hain zuzen ere. 

Aita
Elizalde ez da Zelaiaren familian errepresaliatua izan den senide bakarra. Bere aita Jose Zelaia Aguirrek kolpisten kontrako gerran parte hartu zuen. “Gudan zela zauritu zuten eta gerra erdia ospitalean eman zuen. Sendatu eta Kataluniako frontera joan behar zenean, hura erori eta beste asko bezala Frantziara pasa zen. Han kontzentrazio eremu batean baino gehiagotan egon zen. Azkena Gursen. Txilen koinatuak zituen eta haiek eskaera egin ondoren Txilera barkuz joan zen. Ez Pablo Nerudak sustatutako Winnippeg itsasontziaren bidaia ezagunean, beste batean baizik”.