Marta eta Cristina Diego Diaz

"Loreekiko sentsibilitate berezia behar duzu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 19a, 14:18
Lorea loradenda eta belar dendako Cristina eta Marta Diego Diaz ahizpak amarekin. UTZITAKOA

Altsasuko Lorea loradendak eta belar dendak 40 urte bete ditu.

Marta eta Cristina Diego Diaz ahizpen amak ireki zuen eta haiek loreen eta belarren munduan jarraitzea erabaki zuten.

1. Nolakoak izan ziren hasierak?
Denda gure amak ireki zuen duela 40 urte. Belar denda eta loradenda izan zen hasieratik. Belar denda familiatik zetorren: aitona eta birraitona medikuak ziren, eta nahiko naturalistak. Amak kontatzen zuen 11 urte bete arte begetarianoa izan zela. Orduan, nire amak oso argi zeukan belar dendarena txikitatik jaso baitzituen jakintza horiek. Loradenda izatea ere erabaki zuen loreak asko gustatzen zitzaizkiolako. Balkoian loreak jartzen zituen, garai horretan ez zen hain ohikoa. Helduagoak ginenean, bazkide batekin denda irekitzea erabaki zuen.

2. Zerbait berria izan zen, ezta?
Bai. Hemen ez zegoen. Gertuenak Iruñean eta Gasteizen zeuden. Garai hartan ez zeuden gaur egun dauden ikastaroak, eta ama hiriburuetako loradendetara joaten zen lore sortak nola egiten ziren ikastera. Ikasteko ahaleginak egin zituen. Guk ikastaro asko egin ditugu espezializatzeko. Denborarekin ikasi dugu.

3. Zergatik da Lorea berezia?
Apainketengatik eta eskaintzen dugun zerbitzuagatik. Gure bezeroak fidelizatzeko, erosketa bakoitzeko %2a txartel batean itzultzen diegu. Lore ikastaro ospetsuenetarikoak egin ditugu. Lore artean esperientzia handia dugu. Gauza da geldirik ez egotea; gauza berriak probatzea.

4. Zergatik erabaki zenuten amaren ibilbidea jarraitzea?
Nik uste jakin-minagatik. Cristinak denda bat ireki zuen Iruñean, eta ni hemengoan hasi nintzen. Gero erabaki genuen Iruñekoa kentzea eta biak hemen egotea. Duela 26 urte inguru hasi nintzen. Cristinaren kasuan loreen munduan 32 urte daramatza.

5. Zerbait berezia behar da loreekin lan egiteko?
Sentsibilitatea behar da; loreekin ibiltzeko sentsibilitate berezi bat. Gero artea eta gustua ere. Azkenean, zerbait artistikoa da, eta ahalmen artistiko hori izan behar duzu. Arte familiatik gatoz, eta nabaritzen da.

6. Estilo propioa duzuela esan daiteke?
Naturarekin lan egiten dugu; naturan aurki daitezkeen elementuekin. Mendira joatea gustatzen zaigu, eta inspirazio iturri da. Orduan, horrekin lotzen ditugu gure lanak. Naturatik gertuen dauden loreekin lan egitea gustatzen zaigu, hau da, tintatu gabekoak, ahalik eta naturalenak. Esaterako, 2017an Landart ikastaroa egin genuen Aralarren.

7. Zein da zuen landare edo lore gogokoena?
Martari gehien gustatzen zaiona fresia da. Usainagatik gehien bat. Ez da oso lore ikusgarria, baina ikustean harrapatzen zaitu. Cristinari platycerium edo altze adarra. Hostoak grisak dira eta altze baten adarrak dirudite.


Zentrum belar dendaren erakusleiho leihaketaren saria jasotzen. UTZITAKOA

8. Erakusleiho lehiaketa bat irabazi duzue, ezta?
Zentrum belar denda markak antolatzen zuen. Haiek eskatzen zuten haien markaren zazpi eta hamar produktu bitarte agertzea erakusleihoan. Espainia mailan hirugarren saria irabazi dugu. Erakusleiho apainketa gustatzen zaigu. Horretan ere asko busti gara. Ez zen denboraldi hoberena lan asko genuelako, baina zerbait egitea erabaki genuen. Basoko makilekin apaindu genuen, naturaren elementuekin eta barazkiekin. Ez da irabazten dugun lehenengoa: bi urtez Altsasuko inauteriena irabazi genuen.


Erakusleiho leihaketara aurkeztutako lana. UTZITAKOA

9. Garai berrietara egokitu zarete ere.
Informatikan oso txarrak ginen, baita sare sozialetan ere, eta horretan boom bat egin dugu. Online denda ireki dugu ere. 2017an Etxarriko denda ireki genuenetik informatizatu ginen, eta webgunea egin genuen. Asko ikasi dugu. Oso mugituak gara. Orain Marta euskara ikasten ari da eta Cristina argazkilaritza.

10. Zein da urteko sasoirik hoberena?
Maiatza. Baita Saindu Guztien eguna ere. Prestaketek hilabete bat irauten dute eta gero bezeroak azken asten horretan etortzen dira. Baina orain, apirilaren bukaeran hasi eta ekainaren hasieraraino lan handia izaten dugu. Loreak gaur egun errazago lor daitezke. Garestiagoak dira, baina edozein garaietan edozer jar dezakezu. Iruñetik, Valentziatik, Txipionatik, baita Herbereetatik ere ekartzen dizkigute loreak.

11. Loreak jarraipena izango du?
Ezetz uste dugu. Gure seme-alabek beste bide batzuk hartuko dituztela esango genuke. Norbait animatzen bada… Nork daki, agian azkenean helduago egiten direnean gustua hartzen diote eta animatzen dira. Lan handiko garaietan laguntzera etortzen dira, baina momentuz ez zaigu iruditzen.