Juantxo Skalari

"Skalari esentzia mantentzen da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 1a, 14:48
Juantxo Skalari 'Unplugged' kontzertua. GERARD MACARRO

Pandemiaren erdian ‘Roots Markets’ diskoa kaleratu du Juantxo Skalari & La Rude Band taldeak. Ostegunean Juantxo Skalarik ‘Unplugged’ kontzertua eskainiko du Altsasun

Juantxo Skalarik 25 urte baino gehiagoko ibilbidea bete du musikaren munduan, betiere ska musikaren inguruetan dantzan. "Skalari izpirituak" jarraitzen duela esan du. Juantxo Skalari & La Rude Band taldearekin Roots Markets diskoa kaleratu du eta bira "merezi bezala" egiteko gogoz dago. Bitartean, unplugged edo kontzertu akustikoak eskaintzen ari da. Datorren ostegunean, ekainaren 3an, 19:15ean, Altsasuko gaztetxearen plazatxoan emanaldia eskainiko du.

Nola ikusten duzu zure musikaren ibilbidea?
Daukat sentsazioa nire musika ibilbidearen lehenengo etapa egin dudala, eta orain bigarrena datorrela. Atzera begiratzen dut eta esperientzia handiak bizitzeko zortea izan dut: Europatik eta Latinoamerikatik bira luzeak, kontzertu gogoangarriak eta musika munduaren milaka anekdota, non borrokarako prest egon naizen. Pandemiak agian Skalari-ren bigarren erasoaren meridianoa markatu du. Beste 25 urte aktibo egotea lorpen izugarria izanen litzateke…

Beti ska musikaren inguruan, zergatik?
Ska erreferente bat da, bai. Ez dakit meritu edo desmeritua den. Erritmo hau Jamaican jaio zen 1950ko hamarkadan eta transformazio eta mutazio ugari jasan ditu; ospe handiko momentuak eta xumeagoak. Niretako erreferentzia bat da, latente mantendu behar den hasiera puntu bat. Baina XXI. mendean egonda, musikaren garapena izan dela, eta bizi garen inguru sozial eta politikoa kontuan izan behar ditugu. Hau guztia Roots Marketa azken diskoan ikusten da, baita Skalari historiaren disko bakoitzean ere.

Juantxo Skalari 'Unplugged' pandemiari aurre egiteko modu bat da edo aurretik buruan zeneukan?
Egia esan, Juantxo Skalari Unplugged kontzertuetan JSK. Memorias de Kalle y Tren liburuaren aurkezpenetan egin nituen formatu bat berreskuratu dut. Kontzertuak Skalariren geltoki desberdinetatik bidaia egiten du, liburuan bezala. Bai, JSK Unplugged pandemia garaietarako perfektua da; lokal txikietarako, antzokietarako, eta eserita egindako aretoendako. Gainera, azken hilabetetan garatuz joan gara, eta Skalari errepertorioa lau instrumenturako sortu dugu.

Berrasmatu edo hil?
Berrasmatu baino, egokitu. Bidean jarraitzea da gauza. Ez dut uste talde askok pandemiaren erdian diskoa aterako dutenik. Roots Market diskoa 2020ko urrian kaleratu genuen, eta aurkezpena online edo Live Stream Concert egitera behartu gintuen egoerak. Lehenengo Skalari disko baten mundu mailako aurkezpena izan zen. Bidean jarraitzea posible bada, aurrera jarraitu behar dugu. Egokituz. Hori bai, Estatuan eta Euskal Herrian zehar egin behar genuen bira atzeratu behar izan genuen. Horren kontra ezin dugu ezer egin. Ari gara aurkezpen elektronikoren bat egiten Juantxo Skalari & La Rude Bandaren formatu naturalean, baina oso puntualak dira. Unplugged eskatzen digute gehien bat, garaietara hobe egokitzen delako. Dagoena da. Egia esan, gustua hartzen ari natzaio. Toki berri hauetan sortzen den dinamika gustatzen zait. Leku guztietatik ikasten da. Dena dela, urritik arekin hastea aurreikusi dugu.

Nolakoak dira ‘unplugged’ kontzertu hauek?
Formatu erdi akustiko batean egiten ditugu: kontrabaxu, biolina, gitarra akustikoa eta ahotsa. Errepertorioa lau instrumentutara egokitu dugu. Unplugged-aren lasaitasunarekin baina abestien indarra galdu gabe, esentzia mantentzen delako. Skalari etapa desberdinetatik bidaia egiten dugu. Formatu berezia da, eta momentu batzuetan publikoarekin ere hitz egiten dut, kontzertu normal batean baino gehiagotan. Gertutasuna handiagoa da. Skalariren 25 urteko historiaren hit batzuk aukeratu ditugu eta Roots Market azken diskoaren abestiren bat egongo da ere. Kanta guztiek narrazio orokor bat osatzen dute, horretarako hautatuak izan dira.

Abestiak asko moldatu behar izan dituzu?
Abesti batzuek aldaketa garrantzitsua jasan dute originalarekin alderatuz eta beste batzuk lau instrumentuko formatura egokitu ditut. Formaturako egokiak diren abestiak aukeratu ditugu ere.

Nola ikusten duzu egoera? Eta etorkizuna?
Kulturaren egoera, eta musikarena bereziki, zaila da. Baina bizi garen munduaren isla baino ez da. Ikuspuntu horretatik ikusita, ulergaitza da nola musikaren sektorea, pandemiaren momentu zailenetan jendeari dena eman ziona, modu librean eta online kontzertuak eskainiz, eta beti gizartearekin bat egin duela hainbat kausa babestuz, orain laguntza behar duenean ahaztutako eta zigortuetako sektore nagusienetarikoa izatea. Ez da orokortu behar, baina bai sentitu naizela gizarte alde handi batengatik eta agintari askorengatik ahaztuta.

Proiektu berriak dituzu buruan?
Beti daude proiektuak buruan. Gertukoena Roots Market diskoak merezi duen bezala aurkeztea da; Euskal Herri, estatu eta Latinoamerikako bira batekin. Urritik aurrera eta neurri murriztatzailerik gabe egitea espero dugu. Bitartean, uzten diguten erritmopean dantzatuko dugu, edukiera mugatuarekin, eserita, perimetro itxierarekin eta abarrekin unplugged formatuan.