Ander Barandiaran Ziordia

"Liburu hauek nahiko denbora pasa dute gordeta"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 22a, 14:03
Ander Barandiaran Ziordia. UTZITAKOA

Salduko ez diren liburuak hartu, eta kaleetan banatzen ditu Ander Barandiaran Ziordia altsasuarrak. Helburua eraldaketa sozialerako urratsak ematea da, baita liburuak salbatzea ere.

Gizarte Langilea hezkuntzaz, Ander Barandiaran Ziordia altsasuarrak Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria deitutako ekimena jarri du martxan. Liburuz betetako gurdi batekin ibiltzen da kalez kale, momentuz Iruñeko Alde Zaharrean; baina udan zehar proiektua Nafarroako zenbait herritara hedatu nahi du.

Nola sortu zenuen proiektua?
Egun batean, aitarekin hizketan, liburuen gaira iritsi ginen; eta, ez dakit nola, saltzen ez diren liburuekin zer gertatzen den komentatzen hasi ginen. Zer egiten zen liburu horiekin. Erantzuna izan zen suntsitu egiten zirela. Kolpea izan zen. Gaiari bueltak ematera eraman ninduen horrek. Ezin nuen imajinatu liburuak txikitu edo suntsitu zitezkeenik. Normalena izan arren, azaltzen dutenez, biltegietan lekua behar dute liburu berriak sartzeko; eta, ondorioz, liburuak atera ere egin behar dira. Izugarrizko ondare literarioa dago hor, euskal literaturarena, gainera. Modu batean edo bestean, jendearen eskuetan jarri behar zen. Horrela hasi zen ideia: nola jar daitezke jendearen eta gazteen eskuetan liburu horiek.

Nola lortu dituzu suntsituko zituzten liburu horiek?
Argitaletxeekin kontaktuan jartzeko garaia iritsi zen. Bidalketa orokor bat egin nien euskal argitaletxeei, korreoz eta telefonoz. Nire ideia azaldu, eta laguntza eskatu nien.

Liburuak hartu, gurdi batean sartu; eta estetika berezi batekin, kalera atera zinen.
Gurdia Alde Zaharreko herri mugimenduko lagunen bidez utzi zidaten, baita biltegia ere. Komunitatearen laguntzarekin. Jantzia duela pare bat urteko inauterietatik neukan. Hasieran behintzat, zerbait deigarria egin behar nuen, jendea deitzeko eta proiektura erakartzeko. Igande batez atera nintzen, izan ere, igandeetako bermutaren ordua nahiko aproposa da: jendea eserita dago, kaleetan jendea dabil... 50 bat libururekin atera nintzen. Gurdia pixka bat beteta ikusteko. Ordutik, hiru aldiz atera naiz.

Zer moduz joan da?
Oso ongi. Lehenengo aldia izan zen arraroena jendearendako: bat-batean tipo bat kalera ateratzea, karro batekin, horrela jantzita, liburuak banatzera. Baina geroago, prentsan ateratzean, pixkanaka jendea hurbiltzen hasi zen: liburuak ikusi, proiektua ezagutu...

Zenbat liburu eman dituzu?
Liburuen zerrenda eramaten dut. Lehenengo egunean, gutxi gorabehera, hogei bat liburu banatu nituen, eta, ondoren, hogeita hamar liburutik gora.

Zer motatako liburuak dira?
Denetarik dago; haurrendako liburuak, komikiak, saiakerak... Igela argitaletxearenak, denak itzulpenak dira. Euskal idazleen liburuak daude ere, Susarenak eta Txalapartarenak…

Zer hartzen du jendeak?
Gehienbat hartzen dituzte haurrentzako liburuak. Esaten dute: nik etxean baditut liburuak irakurtzeko, baina ilobendako edo lehengusuarendako… Irakasleak ere hurbiltzen zaizkit.

Zer esan dizute ingurukoek?
Hasieran, eroturik nengoela. Ea zer ideia mota zen. Baina, gero, pozik. Lehenengo egunean eskatu nien lotsa kentzeko ondoan egoteko. Anaia eta lagunak ondoan nituen poteatzen zuten bitartean. Behintzat inguruan jende ezaguna izateko. Jendearen erantzuna oso ona izan da. Proiektua ezagutzen ez duen jendeak hasieran uste du zerbait saldu nahi dudala, baina azaltzen dudanean eta doan dela esaten dudanean, oso ideia ona iruditzen zaie. Laguntza handia izan dut.

Liburuak doan har daitezke, baina zer baldintzarekin?
Liburuak doan dira, baina nik eskatzen dut konpromiso bat. Ez dut kontrolatzen, baina jendearen fede onean sinisten dut. Egunean, gehienez, bi liburu har daitezke, bat norberarendako eta bestea norbaiti oparitzeko. Baina eskatzen dut, behin liburu hori irakurrita, beste norbaiti pasatzea edo berriz gurdira ekartzea. Liburu hauek nahiko denbora pasa dute gordeta. Ez daitezela berriz apal batean edo mesanotxean gelditu. Mugitu daitezela.

Jendeak etxean dituen liburuak gurdira eraman ditzake?
Printzipioz, hori ez da ideia; ideia da irteera ematea suntsitzeko arriskuan dauden liburu horiei. Baina baten batek ekarri dizkit, eta hartu ditut. Bestela, esaten diet ondokoari emateko, gurditik pasa gabe.

Posible litzateke liburu horiek berriz argitaratu behar izatea?
Oso polita litzateke hori. Gure inguruan ezagunak dira bi edo hiru idazle, eta are gehiago euskal literaturan. Batez ere gazteok idazle gutxi batzuk ezagutzen ditugu, baina badaude liburu asko hain ezagunak ez direnak eta oso interesgarriak direnak. Nik zerrenda hori daramat gero argitaletxeei esateko: liburu honetatik hartu dira hauek guztiak, eta jendeak eskatu dizkit beste hauek.

Zergatik soziala?
Ez delako bakarrik liburuak banatzea. Helburua beste mota batekoa da: maila batean edo bestean, eraldaketa soziala sortu nahi du. Gazteei bideratuta dago; azken urteotan, gazteok geroz eta aldenduago gaude literaturatik eta irakurketatik, pantailen indarragatik, literaturaren prezioagatik eta beste arrazoiengatik. Orduan, helburua da euskal literatura gazteei eskuragarri egitea eta ezagutzera ematea. Daukagun bonbardaketa guztiarekin, zaila izaten da batzuetan zenbait literatura guregana iristea. Beste helburua da jendearen artean sareak sortzea. Gizarte langilea naiz hezkuntzaz, eta sinisten dut gizarte langile batek sortu behar dituela eraldaketarako baldintzak, eta indartsuena da sare komunitarioa. Liburu bat oparitzen duzunean edo pasatzen duzunean pertsona horrekin konexio bat sortzen duzu; pertsona horrekin erlazioa sortzeko baldintza bat sortzen da. Hor babes sareak eta abar sor daitezke.

Proiektua herriz herri zabaldu nahi duzu.
Nire ahalmenen arabera ari naiz, eta inguruko jendearekin eta beste herrietako jendearekin hizketan. Udan zehar hiru edo lau herritara mugitzea da ideia.

Zein liburu salbatuko zenuke bai ala bai?
Liburuak biltzen eta kutxak irekitzen nengoenean, Susako biltegira joan ginen. Aitaren (Alberto Barandiaran) liburu bat aurkitu nuen. Hori bai ala bai salbatu beharrekoa da.