Beikolarko plan berezia onartuta

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 11:00
Iparraldeko Autobiaren Murgilgo tunelen eskuinean dago Beikolar.

Erabakiari helegitea jartzeko bi aukera daude: gora jotzeko helegitea Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean, edo Administrazioarekiko auzi-helegitea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean.

Beikolarko Plan Berezia behin betiko onartu du Altsasuko Udalak, horrela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren martxoaren 15eko 127/2017 epaia betez. Udalak onartutako erabakiari helegiteak aurkezteko aukera dago. Geroa Baik aldeko botoa eman zuen eta EH Bilduk kontrakoa. Javier Ollo Martinez alkateak bilkuran azaldu zuenez, “argi dago denok honen kontra gaudela. Inork ez du estrategikotzat jotzen Beikolarren bizitegi erabilera garatzea, baina epaia dago”. EH Bilduko bozeramaile Javier Paz Miñok gaia “nahaspila” gisa definitu zuen, eta alkateak bat egin zuen harekin. Pazek gaineratu zuen: “garbi dago sektorea garatu behar dela, epaiak horretara behartzen gaitu”. 

Koalizioak, kontrako botoa ematean, argudiatu zuen sektorea garatzeko parte hartze prozesuarekin ez zegoela ados, “egin beharreko administrazio tramitazioa egitera mugatu da udala, eta auzokideen iritzia ez da kontuan izan”. Alkateak salatu zuenez, “2019ko agorrilaren 19tik Beikolarren gaia aztertu den batzordeen bilera batean ere ez da egon EH Bildu. Onerako eta txarrerako, ordezkatuta gauden bi talde politikoek iragan bat dugu udalean eta, arduragatik… Estrategikoki onargarria da ezezkoa, etikoki…” Pazek gaztigatu zuenez, “ekarpenak ditugunean egiten ditugu. Eta bileretara ez bagara etorri da udalez kanpo lana eta beste eginbehar batzuk ditugulako”. Gaztigatu zuen batzordeen bilerak 17:00etan edo goizez jartzen direla, aurreko legegintzaldian 19:00etan zirenean. Ollok erantzun zuen “politikan kasualitate gutxi” daudela. 

Bestalde, sektorearen garapenari lotuta, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusi Pablo Muñoz Trigok ebatzi zuen Beikolarko Plan Bereziak ez duela ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean. Beraz, “aldaketa txikia da, eta ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua baino ez du behar”. Horrekin batera, Muñozek ebatzi du Iparraldeko Autobiaren (A-1) trafiko zarataren kontrako babes akustikorako neurriak hartzea, Nafarroako planeko hirugarren fasean jasotakoari jarraituz. Aldi berean, gau giroa babesteko, errepideetako eta oinezkoen bideetako argiak 199/2007 Foru Dekretuak dioen moduan jartzeko eskatu du. Gainera, “urbanizazio-proiektuan orain dauden intereseko zuhaitzak babestea, segurtasun-baldintzek aukera ematen badute”. Eta, azkenik, sektoreko berdeguneak kudeatzea eta garatzea ebatzi du, eta, horrekin batera, sute-arriskua saihesteko irizpideak ezartzea ere.