Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren martxoaren 15eko 127/2017 epaia betez, Beikolar auzoa urbanizatu eginen du Altsasuko Udalak, horretara behartzen duen epaia irmoa baita. Beikolarko Hiri Jarduketarako Plan Berezia, bizitegi-erabilerarako, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen 2020ko azaroaren 30an, eta jendaurreko informazio aldian dago. Baikolar Bizirik taldeko kideek behin baino gehiagotan adierazi dute “babesgabe” sentitu direla.
Altsasuko Udalak bi aukera zituen eremu hori arautzeko: egun dauden etxebizitzak finkatzea edo eraikin guztiak botatzea. Aurreneko aukeraren alde egin du udalak eta familia bakarreko etxebizitza librea ezartzeko gune gisa kalifikatu du (7.250 metro karratu). Planteatutako kalifikazioarekin bateragarriak diren zazpi etxe mantendu eginen dira eta gainontzeko aziendarako pabiloiak, txabolak eta lantegiak, zazpi, bota eginen dituzte. Azken horien jabeek dagokien kalte ordaina jasoko dute.
Ingurunea urbanizatu ondoren gutxienez 300 metro karratu izanen dituzten 29 partzela sortuko dira, dauden zazpi etxebizitzez aparte. Beikolarren ez da babestutako etxebizitzarik izanen, 2002ko hirigintza planean eremu horretarako halakorik ez zelako zehaztu.
Ipar-hegoa norabidea duen gaur egungo bidearen ezkerrera eta eskuinera kaleak eginen dira. Eta ekialdean oinezkoendako eta bizikletendako bidea aurreikusi da, dermioko bideekin bat egiten duena. Bestalde, mendebaldea, autobiaren ondoan libre geldituko den espazioa egonen da, etxe berriak trafikoak sortzen duen soinutik urruntzeko. Halako beste espazio bat kokagunearen iparraldean egonen da, bide ondoan, guztira 3.152,17 m2. Azkenik, inguru berean berdegune bat aurreikusi da (1.087,5 m2).
Inguru hori urbanizatzeak dirutza balioko du: 1,5 milioi euro inguru. Urbanizazio lanak kooperazio sistemaren bidez eginen da, hau da, lur-jabeen kontura. Udala da lur jabeetako bat eta milioi erdi euro inguru pagatu beharko du. Gainontzeko jabeek milioi bat euro pagatu beharko dute. Duten azaleraren arabera eginen lukete ordainketa jabeek.
Auzokideek Beikolar Bizirik plataforma sortu dute, egitasmoarekin ados ez daudela adieraziz: "familia gutxi gara eta oso zaurgarri sentitzen gara".
Auzibide baten emaitza
Altsasuko Udalaren 2002ko hirigintza planean bizitegi izaera eman zion Beikolarri. Baina hirigintza garapenik egin ez zenez, lur jabe batek epaitegira jo eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen. Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3 zenbakiko Epaitegiak, 81/2007 prozeduran emandako 2008ko martxoaren 26ko 72. epaiaren bidez, Altsasuko Udala kondenatu zuen inguru horren Plan Berezia eta Birpartzelazio Proiektua idaztera. Epai hori betez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Erabilerarako Plan Berezia onartu zuen (2015ean behin betiko onartua). Nekazaritza eta abeltzaintza erabilerarako Plan Berezi hori baliogabetu egin zen gerora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (127/2017 epaia, martxoaren 15ekoa) ulertu baitzuen ez zirela betetzen 2002ko planean ezarritako zehaztapenak (funtsean, eremurako planteatutako erabileratik eratorritakoak).
Ordutik egiten ari den betearazpen judizialeko prozesu baten ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak udala behartu du Beikolarrerako bizitegi-erabilerako Plan Berezi bat onartzera eta izapidetzera, 2002ko planaren eta 2017ko martxoaren 15eko epaiaren arabera.