Errepresioaren kontra antolatzeko deia berretsi du Ospa!-k

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko abu. 31a, 10:41

Ospa Egunean egindako manifestazioa.

Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduak milatik gora pertsona elkartu zituen larunbateko manifestazioan, Errepresioaren kontrako borrokak darrai leloa izan zuena. Hamargarren urtez errepresio indarrak ez dituztela nahi adierazi zuen.

Ospa! mugimenduak larunbateko manifestazioaren akaberan adierazi zuenez, “hamar urtetan hainbat errepresio motari aurre egin diegu zorroztasun politikoa eta satira tresna izanda”. Ospakoek azaldu zutenez, “desjabetuon kontrako errepresioa ez da egun batetik bestera bukatuko, kapitalaren sistema erabat gaindituz baino ez da posible”. Horregatik, Ospa! Mugimenduko kideek “errepresioaren kontra antolatzeko deia” egin zuten, eta Lizarrako eta Altsasuko ereduak aipatu zituzten, “errepresioaren kontra bultzatzen ari diren erremintak garatuz antolakuntzaren hauspotze bat bermatu ahal izateko”. 

Ospako kideek salatu zutenez, “azken urte eta erdi hau ezagutu dugun gogorrena izan da. Kontrol soziala inoiz imajinatu ez dugun maila basati eta beldurgarri batera iritsi da”. Mugimendukoek azaldu dutenez, “gizarte kontrola sistema kapitalistaren kapital akumulazio dinamika bermatzeko praktika natural gisa ulertzen dugu. Boterea dutenen ikuspuntutik poliziaren figura geroz eta beharrezkoagoa da, eta horren beharrezkotasun faltsu eta artifizialaren ideia barneratu da gizartean. Horren jakitun, estatuak, osasun larrialdi egoera beren interesak defendatzeko erabiltzen ari dira, atxilotzeko eta isunak jartzeko erraztasuna handitu da”. 

Nabarmendu zutenez, “masa komunikabideek errepresioaren eta kontrolaren gorakadan paper ukaezina izan dute, errepresioa jasaten dutenak kriminalizatuz eta poliziaren abusuak justifikatuz”. Gaineratu zutenez, hainbat alderdi politikok “poliziaren ekintzak babestu dituzte, eta, horregatik, kontrol sozialaren handitzearen kolaboratzaile zuzenak ere badira”. 

Mugimenduak azaldu zuenez, azken urte eta erdian Altsasun “errepresio mota nagusia isunak dira”. Jakinarazi zutenez, isunetan 25.000 euro pagatu dituzte denbora tarte horretan (gazte batek 2.000 euroko isuna jaso du). “Ekonomia errepresio horren funtzioa oso zehatza da, are gehiago langileriaren pobretze orokortu baten testuinguruan”, adierazi dute Ospakoek. Isunei aurre egiteko taldearen,“elkartasun antolatuaren garrantzia” goratu zuen Ospa!-k, “erresistentzia kutxa betetzen parte hartu dutenen garrantzia” nabarmenduz. Haren “beharrezkotasuna eta antolakuntzarako potentzia nabaria da”.