Lasaitasunaren eta kaosaren artean

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 29a, 11:44
Andrea Santiago abeslariak kontzertua eskaini zuen larunbatean Altsasun. UTZITAKOA

Madrilen hasi zuen ibilbidea Andrea Santiago musikariak. Bertan kaotikoagoa dela azaldu du. Iruñeak, aldiz, konposatzeko lasaitasuna ematen dio. Bere musika "intimoa" dela esan daiteke. Larunbatean kontzertua eskaini zuen Iortia kultur gunean

Andrea Santiago "zorte handia" duen musika konpositorea da. "Oso laster aurkitu nuen nire proiektuarekin bat egiten zuen pertsona egokia: Borja Muerza". Banda "zoragarria" lortu zuela ere aipatu du iruindarrak. Betidanik gustatu izan zaio abestea, baina ez zuen uste ongi egiten zuenik. Gorabehera askoren ondoren, "COVID-19aren pandemiaren erdian", lana utzi zuen eta musikatik bizitzea erabaki zuen. Larunbatean, irailak 25, Altsasuko Iortia kultur gunean kontzertua eskaini zuen, Bira Nafarroan Barna programaren barruan. 

Musikarekiko oroitzapen "gazi-gozoak" dituela aitortu du Santiagok. "Irakasle batek esaten zidan inoiz ez zuela neskato bat ezagutu gitarra hain gaizki jotzen zuenik". Gitarra klaseetan "asko sufritzen" zuela esan zion irakasleak amari, eta gitarra etxera eramaten zuen entseatzeko. Gurasoen lagun batek Fender gitarra bat oparitu zion orduan, gaur egun oraindik jotzen duena. "Ez nuen teoria ikasi. Bakarrik jotzen eta jotzen nuen". Konposatu ere egiten zuen. "Hamalau urterekin, gutxi gorabehera, abestiak sortzen hasi nintzen". Gutxi gorabehera dio, "denborak dantza egiten didalako". Gitarra jotzen eta konposatzen aldi berean hasi zen.

Baina duela hiru urte inguru "salto egitea" erabaki zuen. Madrilen bizi zen, eta kontzertu akustikoren bat eskaintzeko aukera sortu zitzaion. "Baina ez nuen erabakia hartuta. Beldurra ematen zidan". Pare bat hilabetez bere izebaren etxera joan zen, "inguru lasaia baita", eta bertan konturatu zen aspaldi nahi zuena zela. "Beldur eszenikoak, traumak eta lotsak atzera bultzatzen ninduen ". Iruñera itzuli zen eta bere lehenengo EP grabatu zuen: He Dejado de Buscar tu Casa. Miguel Tiberio lagun musikariarekin harremanetan jarri zen, eta Borja Muerza ezagutu zuen, bateria jolea, ekoizlea eta Santiagorekin batera proiektuan parte hartzen duena . Ondoren, Nacho Muerzak eta Txumak osatu zuten taldea. "Bi urte geroago nire lana utzi nuen. Pandemiaren erdian. Arriskua gustatzen zait".

"Egia esan, ez dugu lortzen genero bat aurkitzen". Pop alternatiboa edo indie alternatibo gisa deskribatu daitekeela aipatu du. "Baina rock progresiboaren ukituak ditu, edo, orokorrean, abesti rockeroagoak daude". Beste aldaera bat ere badu: harana (el valle), "guztiz akustikoa dena". Hitza, agian, intimista da. "Ez dakit zehazki zer den. Nire musikak generoetatik ihes egiten du".

2020an, pandemiaren erdian, Las bestias que me acompañan, Materia viva eta La reina de las nieves abestiak kaleratu zituen Santiagok, ondoren Trilogia de las bestias diskoan bildu zituenak. Ondoren, De tu mirada abestia kaleratu zuen, eta martxoan Regresé abestia publiko egin zuen.

Telefonoa
Sortzeko telefono mugikorrean dituen idatzitako notak behar ditu. "Erdi txantxa da; batzuetan esaldi bat datorkit burura eta telefonoan idazten dut. Ondoren, abestia sortzen dut esaldi horretatik abiatuta". Beste batzuetan gitarrarekin ari da, "oso mugitua naizelako", eta ezerezetik bezala sortzen zaizkio abestiak. "Denak nire esperientziak dira, egunak".

Iruñea eta Madril artean bizi da, baina orain Iruñean gehiago bizi da. "Iruñean lasaiago nago, gehiago hozten naiz, nire inguruan nago eta hobeki konposatzen dut". Madrilen kaotikoagoa bihurtzen dela, "urduriago", baina asko inspiratzen duela esan du musikariak. "Bertan urte luzez bizitzen egon nintzen, eta beti esaten dut bien artean bizi naizela nire lagun minenak bertan daudelako. Baita nire ahizpa ere, lagun mina dena". Musikaren abentura bertan hasi zenez, oso gogoan du Madril.

Hamarkada bat egingo du musikaren munduan eta gai askotan "izugarri" ikasi duela esan du: "Abestiek pentsatzen nuena baino askoz energia karga handiagoa dutela, jendea ondoan dagoela, dena delakoa, beti dago norbait, ez dela diskografika bat behar, baina bai aldiz lagun eta talde on bat izan". Abestiak bukatzea erabaki bat dela ere ikasi du, "bestela ez lirateke inoiz amaituko". Musikaren industrian gauza "tristeak" ere ikusi ditu, "baina horrekin dokumental bat egin genezakeen".

Urte hauetan ikusi duenagatik ere artista berriek laguntza eta aukera gehiago behar dituztela esan du Santiagok. Bira Nafarroan Barna programak, hain zuzen, Nafarroako artista berriak sustatu nahi ditu. "Iniziatiba oso ona da". Artista berriendako horrelako aukerak "beharrezkoak" direla azaldu du, "eta egia esan Nafarroan oso ongi ari dira egiten". Programarekin jarraitzea eta denbora luzez egotea espero du, "baita hedatzea ere".