Iñaki Abad Olea

"Beti txarrenera jo dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 20a, 14:54

Iñaki Abad Olea altsasuarrak erabateko askatasuna lortu zuen hilaren hasieran.

Bi urte hirugarren graduan pasa ondoren, urriaren 4an erabateko askatasuna lortu zuen Iñaki Abad Oleak. Bost urte pasa dira Altsasuko auzia bezala ezagutzen denaren gertakariak izan zirela.

Iñaki Abadek sare sozialetan atzera kontua egin zuen: 100 egun, 99 egun, 98… eta urriaren 4an 0 zenbakira iritsi zen. Erabateko askatasuna berreskuratuko zuen eguna zen. Zaballako kartzelan azken bi urtetan eraman duen eskumuturra eta etxeko tresna utzi ondoren, modu xumean ospatu zuen egun berezia altsasuarrak. Oporrak prestatzen ari da dagoeneko. Ingurukoak bera baino emozionatuago zeudela aitortu du. Ostiralean, urriaren 15ean, bost urte bete ziren Altsasu Auziko gertaerak izan zirela. Urteurrena bada ere, efemeridea ia ahaztuta zuen Abadek. Lehenengo urteurrena gogorrena izan zela azaldu du.

Lehenengo egunak erabateko askatasunean. Zer moduz?
Egia esan, sinbolikoagoa izan da beste zerbait baino. Gurasoek, beste auzipetuek edo lankideek gehiago bizi izan dute. Bezeroak tabernara etortzen ziren eta zoriontzen ninduten, eta arraroa da. Bitxia. Whatsapp erori zen egun horretan izan zen, baina goizean mezu pila bat iritsi zitzaizkidan eta zerbait arraroa gertatu zela pentsatu nuen. Zorion mezuak ziren. Nik ez dut asko nabaritu aldaketa, baina egia da badagoela. Gauean ez duzu erlojua begiratzen egon beharrik, oporrak prestatzen ari naiz… Ez diot garrantzi handirik ematen, baina nabaritzen da.

Ospatu zenuen?
Egun horretan bertan, Zaballan dena utzi ondoren, bi lankiderekin Gasteizera bazkaltzera joan ginen. Siesta egiteko denborarik ez nuen izan, eta inoiz egin nuen gauza bat egin nuen: hedabideei erantzun. Neurrian. Asko ezin izan nituen hartu, estutasun handia izan zelako. Arratsaldean askaria egin genuen.

BOST URTE ATZERA
Nola gogoratzen duzu gau hura?
Bost urte pasa direnez, egia da ez dudala asko pentsatzen. Baina gogoratzen dut hurrengo urtean oso gaizki pasa nuela. Ferien aurreko egunak ziren, pilota partiduak ere egon ziren, eta etengabe gogoratzen nintzen. Tabernan lanean nengoen, garbitzen, eta dena gogoratzen nuen. Aurten, nik uste ez dudala hain presente izango. Gero, agian, bai. Burua horrelakoa delako. Baina askoz okerrago pasatu nuen hurrengo urtean, baldintzapean nengoela. Irudi gehiago zetozkidan burura.

Ez diozu garrantzirik ematen edo buruak oroitzapenak blokeatu nahi ditu?
Ez diot garrantzirik ematen. Pentsatzen jartzen banaiz, normalean gogoratzen naiz hedabideek galdetzen didatenean, orduan haritik tiratzen hasten naiz, eta dena gogoratzen hasten naiz. Bestela, egunerokotasunean, ez.

Koxkaren aurrean zerbait gertatzen ari zen. Zer pentsatu zenuen une horretan?
Logikoa ez zen edo normaltasunetik kanpo zegoen zerbait ikusten nuen. Hor erabaki nuen telefonoa ateratzea eta grabatzen hastea. Atxilotu bat zegoela jakin nuen, eta atxilotua bi parranda tabernen artean zuten. Nire ustez, hori nolabait probokatzea zen. Foruzaingoaren komisaria dago eta herria handigoa da; atxilotua komisariara eramaten baduzu, parrandak jarraituko luke, baina atxilotua Koxka eta Biltoki artean baduzu, zerbait arraroa gertatzen dela pentsatzen duzu. Jendea parrandan zegoen. Denok dakigu nolakoa zen Koxkako atea pandemiaren aurretik, baina atentzioa deitu zidan atxilotu bat zegoela Foruzaingoaren kotxean, kotxea ez zen mugitzen, eta foruzainak kanpoan zeuden.

Urte hauetan noizbait pentsatu duzu, "hortik pasatu izan ez banintz…"
Pentsatzen dut egun horretan taberna lehenago itxi izan banu, lehenago iritsiko nintzela etxera. Bai, pentsatzen dut. Baina istorioa horrela gertatu zen.

Grabatzeagatik damutzen al zara?
Hurrengo egunetan, dagoeneko albistea mugitzen hasi zenean, lagun bati esan nion bideo bat grabatu nuela, eta esan zidan ea eroturik nengoen; Mordaza legearekin 3.000 euroko isuna jar ziezadaketela. Beldur handiena zen guardia zibila grabatzeagatik eta horregatik agian pixka bat larrituta nengoen. Baina isuna etortzen bazen, ordaindu eta listo. Aurrekoetan galdetu didate ea egoera berean egongo banintz telefonoa aterako nukeen, eta argi eta garbi esan dut baietz. Horrelako gertaerak daudenean modu batean edo bestean dokumentatu behar dira; autoritate abusuak eta horrelakoak.

Dokumentatuta gelditzeko.
Konstantzia utzi behar da. Gero, buruarekin jokatu behar da, eta ez zabaldu Whatsapp bidez. Besterik gabe, dokumentatuta gelditzea. Egunen batean guri gertatu zitzaigun bezala Auzitegi Nazionalera iritsi zela eta terrorismoagatik 50 urteko zigorra eskatzen zutela, bideo bat dago esaten duena gizon hori gezurretan ari dela. Nik ordaindu dut bideoan ikusten den alkandora daraman sargentoagatik, eta nahiko argi gelditzen da grabatzeagatik izan dela. Animatzen dut, posible bada, grabatzera. Badira legalki hainbat gauza ez ditudanak asko kontrolatzen, baina esan zidaten nire bideoa leku batetik bestera mugitzen egongo balitz, egiatasuna galduko zuela. Eta hori hasiera batean ez zutela proba bezala onartu nahi izan.

Nolakoak izan ziren hurrengo egunak?

"Lehenengo astean, behintzat, ez nuen niri gertatuko zitzaidala pentsatzen"

Hasiera batean ez nuen uste eragingo zidanik. Bi auzipetu joaten ziren Iruñera sinatzera, eta nik kanpotik bizi nuen. Hedabide asko ikusten ziren, udal batzar bat egon zen eta udaletxearen lorategiak kazetariz beteta egon ziren. Hortik pasa nintzen eta "ai ama, nola ari den hau hazten" pentsatu nuen. Lehenengo astean, behintzat, ez nuen niri gertatuko zitzaidala pentsatzen. Are gehiago, "gazte gaixoak gainean eroriko zaiena!" pentsatzen nuen.

Eta, bat-batean, inplikatzen zaituzte. Zer pentsatu zenuen?
Ez dakit zer momentutan zehazki izan zen. Urdiaingo igerilekuetako inguruetan nenbilen lagun batekin gaztainak hartzen eta abisatu ninduten nire izena diligentzietan zegoela. Zergatik oso ongi jakin gabe nire izena hor zegoen. NA eskatu zidaten. Momentu horretan ez nekien nola zihoazen gauza horiek; orain, bai. Ez dut gogoratzen menditik oso larrituta jaitsi nintzenik. Gurasoekin hitz egin nuen, izango dena izango da pentsatu… Baina zetorren guztia pentsatu gabe. Hasieran Jokin eta Garin izan ziren. Hilabetean lehenengo atxiloketa izan zen, eta aste bat lehenago jakin ziren izen guztiak. Iruñeko abokatuak izan ziren abisatu gintuztenak. Orduan, aholkatu ziguten hoberena Iruñera joatea zela eta deklaratzeko aurretiko jarrera erakustea zela. Orduan, konpetentziak Audientzia Nazionalera bidali zituzten. Egun horietan elkartu ginen denak. Momentu horretan abokatuak esan zigun agian iristean gure zain egongo zirela eta atxilotuko gintuztela. Pentsatu genuen: "Nola?". Epaitegira iritsi ginen eta ez zegoen inor. Ez ziguten harrera ere egin. Baina sinatu genuen borondatez joan ginela. Ez zuen ezertarako balio, baina joan ginen.

Dena oso azkar joan zen.
Hilabete bat izan zen. Urrunetik ikusita oso azkar joan zela dirudi. Egia esan, ez zitzaigun oso luze egin, oraindik ez zuelako gerora hartu zuen dimentsio guztia hartu. Orduan, lanean jarraitu nuen, abokatuarekin hitz egitera joaten ginen… Orain ikusita oso azkar pasa zela dirudi, eta bai. Jakin gabe zer etorriko zen ez genion garrantzi handirik eman. Abokatuak esan zigun bertan egon zitekeela itxoiten atxilotzeko. Ez zutela uste, baina Audientzia Nazionalean hartzen bazuten beste abokatu batzuk izan behar zutela. Esan ziguten hobe zela guardia zibilari ezer ez esatea eta bakarrik epailearen aurrean hitz egin behar genuela. Pixkanaka, nahi gabe, zure burua prestatzen hasten da. Ordura arte inork ez dizkizu gauza horiek azaldu. Ez da berdina egun batean guardia zibila etxera joan eta ateari kolpe bat ematea. Sustoa askoz handiagoa da.

ATXILOKETA
Azaroaren 14an lehenengo atxiloketa izan zen. Nola bizi izan zenuen?

"Atxiloketarako prestatuta geunden, baina aldi berean ez"

Prestatuta geunden, baina ez. Lehenengo aldia askoz diskretuagoa izan zen. Herria guardia zibilez betea zegoen ere, baina diskretuagoa izan zen. 8:30ak inguru ziren eta amak deitu zidan kezkatuta, esanez guardia zibila etxera joan zela eta nire aitarekin nire etxerantz zetozela. Nire aitak ez zekien non bizi nintzen, duela gutxi etxez aldatu nintzelako. Beste txirrin bat jotzen aritu ziren, eta uste zuten gezurretan ari zela. Etxera iritsi ziren, eta ez zuten epai baimenik. Berez, ezin dira etxean sartu, baina nik momentu horretan ez nekien. Hiru guardia igo ziren, eta behintzat aitaren aurrean lasaitasun irudia eman nahi zuten. Esaten zuten arratsalderako kanpoan egongo nintzela, badaezpada telefonoa hartzeko, bestela Madrilen askatzen baninduten ea zer egingo nuen han telefonorik gabe. Telefonoa oraindik Madrilen dago, noizbait joan beharko naiz. Hotza egiten zuela eta txaketa hartzeko ere esan zidaten. Guardia zibilak kaleko jantziz jantzita zeuden, kalean ere pertsona bat zebilen buru-berokiarekin… Nabaritzen zen zerbait gertatzen zela. Kalean aitari besarkada bat eman, eta kotxe batean igo ninduten, kotxe normal batean. Bertan eskuburdinak jarri zizkidaten. Aitak ez zuen hori ikusi, eta Madrileruntz joan ginen. Harrigarriki jatorrak zeuden. Janaria eskaintzen zidaten, ondokoak esaten zidan ea eroso nindoan gerrikoarekin… Ni isilik joan nintzen. Argazki batzuk egiten harrapatu nuen. Irratian albistea agertu zen, eta bolumena igo zuten nik entzun nezan, tabernan egon zirela jakitera ematen zuten…

Lehenengo aldi horretan hilabete egon zinen espetxean. Ateratzeko itxaropena zenuen?
Orain gehiago ezagutzen dut, baina garai horretan ez genekien ezer prozedura hauei buruz. Ez genekien instrukzio fasea zer zen. Momentu horretan terrorismo lesioengatik 10 eta 15 urteko espetxe zigorra eskatzen zuten. Lamela zen instrukzio epaile. Ateratzeko itxaropena? Beti txarrenera jo dugu. Baina egia da, nahiz eta, uste txarrenetara egiten joaten zaren, ez du esan nahi egina zaudela. Ez duzu pentsatzen. Oso ohikoa da pentsatzea kartzelatik bihar edo etzi aterako zarela, eta horrek suntsitzen zaitu. Burua txikitzen dizu. 10 eta 15 urte bitarte eskatzen zizkiguten, bertan denboraldi bat egongo ginen, baina ez dakizu instrukzioa itxi behar dutela, fiskalaren eta akusazioaren eskaera egon behar dela, epaiketa, epaia… Gainera, hilabete horretan gatazka modulu batean geunden, Oihan eta biok ziega berean geunden. Txarrenera egiten geunden. Batzuk atera ginenean nik uste nuen pixkanaka besteak ere aterako zirela. Atera nintzenean esan nion Oihani hilabete batean-edo aterako zela. Ez zen horrela izan.

Kalean zeunden, baina berriz sartuko zirenaren sentsazioarekin?

"Lagun batek esan zidan hoben ikusten ninduela kartzelan, baldintzapean baino"

Denok ez dugu baldintzapeneko askatasuna berdin bizi. Baina nik egunero pentsatzen nuen berriz sartu behar nindutela. Espetxea baino pisutsuagoa egin zitzaidan baldintzapekoa. Gehien bat 50 urte eskatzen dizkizutenean. Asko pisatzen zuen. Kartzelan egotea okerragoa da, baina baldintzapean egotea ere oso txarra zen. Lagun batek esan zidan hobe ikusten ninduela kartzelan, deskantsatuta, kanpoan baino. Bitxia da, ulertzeko zaila, baina horrela izan da.

Pelikula batean sentitu zara?
Dudarik gabe. Altsasu liburuan esaten dut, eta egia da. Pelikula bat zirudielako sentsazioa neukan. Zertan ezagutzen ditugu kartzelak? Pelikuletatik. Sotora, 2:00etan iritsi, eta gizon lodi batek bazilatzen hartu gintuen. Hedabideetan atera zenez ezagutzen gintuen. Ziegak ere pelikuletan bezala… Urrunetik ikusten baduzu sekulakoa iruditzen zaizu. Lekualdaketan Burgosen gelditu ginen eta kartzela zaharra da. Gau baterako bitxia zen. Iruñekoa eta Zaballakoa berriagoak dira. Navalcarneron ere aste betez egon ginen eta kisketa handia zen eta 7:00etan zarata handiarekin irekitzen zuten, dutxak patioan zeuden…

EPAIKETA
Epaiketa iritsi zen. Zer espero zenuen?
Nik uste dut epaiketaren sentsazioak guztiek antzekoak izan ditugula. Uste dut Amaia Izkok esan zuela: epaiketa batzuk irabazten dira, baina epaiak galtzen dira. Kasu honetan, pasatzen zen egun bakoitzeko geroz eta alaiago bukatzen genuen; aurkezten genituen lekukoengatik, haien kontraesanengatik, ez zuten informaziorik ez zutelako ikertu… Irabazten joaten ginen. Aretoan barre batzuk ere bota genituen: pilota partiduen zatiak ikusi genituen, lekukoek esaten zutenarekin barre egin genuen, akusazioak esaten zuenarekin ere…

Epaia atera zen. 13 urteko espetxe zigorra. Kartzelara itzultzea argiago ikusten zenuen?
Ezta ere. Sorpresa pixka bat izan zen ere. Epaia ekainaren 1ean publikatu zuten, eta asteburu horretan lanean hasi nintzen. Astelehenean eta asteartean itxita zegoen eta manifestazioa egon zela uste dut. Abokatuarekin hitz egin genuen, eta gure artean komentatzen genuen terrorismoa ez zegoenez atxilotzeko aukera zegoenik ez zirudiela. Ez genekien ziur atxilotuko gintuzten edo ez. Baldintzapean egon ginenean astero bitan sinatzera joaten ginen eta hor erakusten zen aurretiko jarrera. 50 urteko zigor eskaerarekin ez baduzu ihes egin, orain 13 urtera zigortu zaituztela, ez du zentzurik ihes egitea. Plataformako norbaitek esaten zuen ez zuela hain argi ikusten ez gintuztela atxilotuko. Baina astelehen horretan herria guardia zibilez bete zen. Astelehenean bertan ikusten genuen.


Iñaki Abad atxilotu zuten tokian. 

Nola gogoratzen duzu ekainaren 5 hori?
Luzea izan zen astelehenetik, aurreko egunetik, izan zelako. Bagenekien zer zetorren. Nik behintzat banekien. Gurasoak aurretik agurtu nituen, eta lagun baten etxean pasa nuen gaua. Abokatuarekin hitz egiten saiatu nintzen, baina berandu zen. Goizean berarekin hitz egin nuen eta esan nion guardia zibilak ez zekiela non nengoen ez nengoelako etxean, eta ea zer egingo nuen, entregatu edo arratsaldean kotxea hartu eta Madrilera joan. Entregatzeko esan zidan, bestela kontrolen batean gelditzen baninduten pentsa zezaketela ihes egiten ari nintzela. Eta horrela izan zen. Dirua eta nortasun agiria poltsikoan nituela, guardia zibilengana joan nintzen. GUAIXEk hartu zuen momentu hura. Bertan dago bideoa. Beste egun batean bista geneukan, epaiketa baino hotzagoa, areto bera zelako, baina jende gutxiagorekin, eta abokatuak bideoa erakutsi zuen esanez entregatzen ari nintzela eta birala egin zela; ez nuela ihes egin behar. Fiskaltzak ihes egiteko arriskuagatik espetxea eskatzen zuen, baina ikusten zen entregatu nintzela; besteak beste, lan kontratua ere bazegoen…

ESPETXEA
598 egun kartzelan. Nolakoa zen bizitza han? Edo nahiago duzu ez gogoratzea?
Egoeraren araberakoa izaten da. Esaterako, Jokinekin eta Adurrekin pote batzuk hartzeko elkartzen bagara barre batzuk botatzen ditugu gauzak gogoratzen. Etxean, nahiago dut ez hitz egin. Kuadrillakoei eta lankideei ere anekdotak kontatzen dizkiet. Artista batzuk ezagutzen dituzu bertan, egoera desberdinak ezagutzen dituzu. Etapa desberdinak daude. Lehenengo hilabetean, Soto del Realen,  Oihanekin ziegan nengoen gatazka moduluan. Beste etapa bat Madrilen bigarren atxiloketaren ondoren izan zen, ni bakarrik nengoela trantsizio moduluan. Lekualdaketa unerik zailenetarikoa izan zen. Beste etapa bat Iruñekoa izan zen, nahiko zaila, bizikidetzarako oso zaila delako. Beste fase bat Zaballakoa izan da. Denak elkarrekin geunden, modulu berean, eta gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan elkarrekin egoten ginen. Fase desberdinak daude, lekuagatik eta elkarbizitzagatik. Gorenak zigorra 3,5 urtera jaitsi zidanean, erdia praktikoki egina neukan eta hirugarren graduan sailkatu zuten.

Kalean bai, baina ez aske. Nola eraman duzu hirugarren gradua?

"Kartzelan eta hirugarren graduan etapa desberdinak egon dira"

Hirugarren graduaren barruan ere fase desberdinak egon dira. 2019ko abenduaren 20an atera ginen Aratz eta biok Zaballatik eta alarma egoerara arte, astelehenetik ostegunera, kartzelara joaten ginen lo egitera. Ateratzen zara eta pentsatzen duzu berdin zaizula kartzelara lo egitera joatea, kanpoan zaudelako. Horretara ohitzen zara. Baina gero pisua hartzen hasten da. 00:00etan sartzen zara, funtzionarioa etorri arte eta ziegara sartu arte, 1:00ak, eta lo hartzen duzunerako 1:30ak. 6:15ean ateak irekitzen zituzten. Astean zehar ez duzu deskantsatzen. Zaballara joan etorriak… Hiru hilabete horrela egon ginen. Juntari eskumuturra eskatu genion, bidaiak ekiditeko aukera badagoelako, eta atzera bota zuten. Baina astebetera alarma egoera ezarri zuten eta kartzelak itxi zituzten. Lo egiten genuen tokia, Zaballaren kasuan, kartzelaren barruko modulu bat, itxi zuten. Orduan, eskumuturra irabazi genuen. COVID19aren bi aldeak. Baina Adurri, Jokini eta Oihani hilabete horretarako baimenak eman zizkioten, eta ezin izan zuten atera. Ekainera arte ezin izan zuten. Gainera, gero, aislamenduan berrogeialdia egin behar zuten. Zigortzeko moduan erabiltzen zuten koarentena egitea. Eskumuturraren fasea etxeratze aginduekin eta abar izan dugunez, nahiko ongi eraman dut. Gero, egia da beste hainbat momentutan ez dela neurririk egon, eta gehiago molestatzen zuela. Garapen bat izan da: kartzelan zaude eta ateratzen zara, zer ongi bakarrik lo egitera joan behar dudala, baina pisutsua egiten da; zer ongi etxean nagoela eskumuturrarekin eta ez naizela ezertarako joan behar, baina eskumuturra ere pisutsua egiten hasten zen ezin nuelako planik egin. Lagunak afaltzera mendira joaten ziren, erlojuari begira egon behar nuen. Lan egiteko ere. Batzuetan korrikan atera naiz tabernatik 00:50ak zirelako eta 1:00etan etxean egon behar nuelako. Orain kendu didatela askatasun osoa da. Arazorik gabe mugitu naiteke orain.

Aratzekin kalera atera zinen, baina besteak espetxean gelditu ziren.
Oso desberdina izan da. Eta hori autoengainatuta atera ginela lehenengo aldi horretan, pentsatuz dena laster amaituko zela. Oraingoan, ez; oraingoan benetan amaitzen ari zen. Ni banoa, baina beranduenez sei hilabetetan besteak aterako dira. Eta horrela izan zen. Zoriontasun sentsazioa zen. Guregatik eta beraiengatik. Ez zen gu bagoaz eta ez genekiela besteak zenbat egongo ziren barruan.

Sareetan atzera kontua egin duzu. Amaiera ikusten zenuen?
Oso esamolde talegero bat dago, baina egia da: kartzelan sartzen den jende guztiak ateratzeko data du. Nirea urriaren 4a zen eta, egia esan, terapia bezala izan da atzera kontuarena. Egiteko zerbait izategatik. Goizean jaikitzen nintzen, eta jartzen nuen.

ELKARTASUNA
Lehenengo momentutik herriaren elkartasuna izugarria izan da. Espero zenuten?
Zorionez prozesu hori kanpotik bizitzeko aukera ere izan dut. Pentsatu nahi dut horrelako kasu baten aurrean, jende askok egin duen bezala, mugituko nintzela. Horrelako kasu bat horrela etortzen denean… mugitu behar zara. Jendearekin oso eskertuta gaude. Ez nuen espero, eta aldi berean bai. Altsasukoak aske plataformak eta Altsasu Gurasoak-ek lan handia egin dute leku askotara iristeko. Gertatutakoa ongi azaltzen baduzu, jendeak informazioa hartzen du eta mobilizatu behar dela sentitzen du. Beste aldaera bat izan zen Madriletik etortzen ziren albisteak aurrekoak baino gogorragoak zirela: 50 urte eskatzea erokeria bat zen. Auzi honek balio izan badu norbaiti buruan klik egiteko, ongi.

Denetarik egin da, baina beste itxiera bat merezi zuen?
Denboran asko luzatu da. Orain, adibidez, nik eskumuturra kendu dut, baina beste sei gelditzen dira eskumuturrarekin. Aratz eta biok atera ginenean, zer ekitaldi handi egingo duzu besteak kartzelan jarraitzen badute? Arraroa da, pixkanaka joaten delako. Katakraken nolabaiteko amaiera bat egin genuen. Nik uste nahikoa dela gure partetik alamena emateaz. Nire aldetik horrelako auziekin nire laguntza eskainiko dut, zor antzeko bat daukat. Baina oso pertsonala da orain. Gertukoekin ospatzen duzu. Kontadoreak jarraitzen du, etxean daudelako, baina ez aske.

Zer ikasi duzu?

"Gertuko hedabideek ezer eskatu gabe dena eman duzue"

Zuzenbidean master bat egin dugula esan daiteke, eta egia da orain albisteak askoz gehiago aztertzen ditudala. Hedabide batera edo bestera jotzen duzu, eta ez duzu edozer gauza sinisten. Nire gorputzean bizi izan dudalako muntai mediatiko bat. Ez dela mediatikoa bakarrik: mediatikoa, poliziala, judiziala… Horregatik etxeko edo gertuko hedabideei benetako eskertza egin nahi diet. Ezer eskatu gabe dena eman duzue.

Erlazionatuak

Gau hartatik, bost urte

Guaixe 2021 urr 15 Altsasu