Astekaria

EH Bilduk aterpea ez ixteko eskatu du

Guaixe 2021ko aza. 15a, 10:32

Aterpeko aparkalekuan jarritako pankarta.

Altsasuko Udalari itxieraren aurka argi eta garbi agertzeko eskatu dio.

EH Bildu Otadia aterpea ixtearen kontra dago. Eta orain arte bezala Nafarroako Gazteriaren Institutuak kudeatzea nahi du. Koalizioak gogorarazi du aterpea nazioarteko aterpetxeen sare baten parte dela. EH Bilduk azaldu duenez, urtean 10.000 gaualdi hartzen ditu, “dauden langileekin, hori ia betetze maximoa da”. 

Koalizioak nabarmendu duenez, aterpea “era guztietako elkarte, kultur eta kirol taldeek erabiltzen dute, baita Altsasukoak ere”. Eta adibide gisa Haize Berriak banda, Erkudengo Ama abesbatza, gaztetxea, inauterien aldeko kolektiboa jarri ditu. “Maiz erabili dute aterpea Altsasura datozen taldeei ostatu emateko”. Aterpean ostatu hartutako pertsonak herriko denda eta taberna eta jatetxeetan kontsumitzen dutela gogorarazi du EH Bilduk, gainera, “Altsasu kanpoan sustatzeko modu bat dira”. Koalizioak ziurtatu duenez, aterpeak erreserba eskaerak jasotzen segitzen du. 

Aterpearen itxieraren kontra Altsasuko Udalak “jarrera argi eta garbia hartzeko” eskatu du koalizioak. Aldi berean, “aterpearen jarraipena defendatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko” deia egin die herritarrei. Lehendabizikoa bihar, 09:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean izanen da. CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuek deitutako elkarretaratzea da.