Zelai kaleko 87. zenbakia da Otadia aterpea, Nafarroako Gazteriaren Institutuak kudeatzen duena. LABek salatu duenez, “antza denez, pandemiaren ondoren, aterpetxe hau uzteko erabaki politikoa hartu zuen Nafarroako Gobernuak. Jakin dugunez, erreserbak baztertu egin dira, eta orain badakigu Nafarroako Gazteriaren Institutuak ez duela zentro horren ardura hartzen jarraitu nahi”, azaldu dute LABetik. “Aterpetxearen itxieraren edo pribatizazioan aurrean gaude”, zehaztu dute. Sindikatuak salatu duenez, “inork ez du esaten aterpetxearekin eta hango sei lanpostuekin zer pasatuko den. Dakiguna da sei lanpostuak gazteriaren instituturako gazte teknikarien plazen mesedetan amortizatuko direla”.
Sindikatuak jakinarazi duenez, 2019an, guztira 10.000 ohe bete ziren Otadia aterpean. “Altsasura datozen bisitariek tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzen dute; beraz, pandemia eta egungo kontsumo ereduaren ondorioz kaltetua dagoen sektore bat gehiago zigortzen du aterpearen itxierak”. LABek aterpetxearen etorkizunaren alde aktibatzera deitzen ditu Sakanako gizartea eta eragileak, bere izaera publiko eta lanpostuen defentsan. “Aterpetxea ixtea, enpleguaren, ostalaritzaren, saltoki txikien eta inguruan ezartzen ari den garapen estrategiaren aurkako erasoa da”.