Astekaria

Otadia aterpearen etorkizuna berraztertzen ari dira

Guaixe 2021ko aza. 15a, 10:30

Otadia aterpean salaketa pankarta jarri dute.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, “instalazioak birplanteamendu sakona behar du bere etorkizuna bideragarri egiteko”. Sukaldea kudeatzeko deialdia hutsik gelditu zen eta “hilabeteak dira erabilerarik ez duela”. Etorkizuna berraztertzen den bitartean aterpea itxita egonen da. 

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriain Bustok azaldu duenez, “aterpetxeak hilabeteak daramatza erabili gabe. Sukaldea kudeatzeko lehiaketa hutsik gelditu zen, eta elikadura zerbitzua eskaintzerik ez dago. Beraz, ezinezkoa da ostatu hartzea eskaintzea”. Amatriainek nabarmendu duenez, “instalazioak birplanteamendu sakona behar du bere etorkizuna bideragarri egiteko”. 

Zuzendariak aterpeko ostatu gauen kopuruari, erabiltze motari (kirol federazioak, behar bereziak dituzten pertsonen elkarteak…), instalazioaren neurriei, eraikinaren antzinatasunari, mantentze lanen kostuari eta abarri erreparatu die. “Horiek guztiak orain arte inoiz egin ez den beharrezko hausnarketa agerian uzten dute. Horregatik, orain bertan erabaki dugu jarduerarik ez duen instalazio bat irekita ez mantentzea, etorkizuna birplanteatzen den bitartean”. Hausnarketaren akabera datarik ez dago. 

Langileak
Aterpean sei lanpostu daude, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak jakinarazi duenez, horietatik bost aldi baterako langileek betetzen dute, eta seigarren plaza hutsik dago. “Plaza horien amortizazioari esker, izaera teknikoko lau lanpostu berri sortuko dira (Gazteriako goi mailako teknikari bat, bi gizarte hezitzaile eta erdi mailako teknikari bat), Nafarroako gazte guztiei benetako eskaeretan lan egiteko zerbitzua emango dietenak: berdintasuna, ingurumena eta ongizate emozionala”, azaldu du Amatriainek, eta gaineratu du: “gazteen errealitate berriak egokitzera behartzen gaitu. 

Estrategia lehentasunei jarraituz, “aldaketa hori egiteko, beharrezkoa da, besteak beste, plantilla egungo eskaeretara egokitzea”. Zuzendariak gaineratu duenez, “aldaketa hori egiteko, eskakizun teknikoko plaza berriak sortu behar dira, gaur egun institutuak ez dituenak, eta, horretarako, ezinbestekoa da norberaren organigramaren barruan zenbait plaza amortizatzea”. Aterpekoak 
bitarteko langileak direnez, kontratazio zerrendara bueltatuko dira. “Ezin dira birkokatu, ez baitago zerbitzu orokorretako edota administrazioko lanposturik eskaintzeko, egoitza nagusian dagoeneko behar adina langile baitaude beharrak asetzeko. Nolanahi ere, plantilla organikoaren aldaketak Funtzio Publikoak ezartzen duen denboran eta moduan gauzatuko dira eta, beraz, gaur egun ezin da kontratuen akabera data zehatzik zehaztu”, argitu du zuzendariak.

Aterpeez
Altsasukoaz aparte, Nafarroako Gazteriaren Institutuak beste hiru aterpe ditu: Lekarozko Baztango aterpetxea, Doneztebeko Belbieretxea eta Orba ibarreko Getadar. Gainera, Iruñean, baina Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikita, ikasle asko dituen Fuerte del Principe Gazte Egoitza dago. Amatriainek azaldu duenez, aterpeek “funtzionamendu independentea dute, eta, beraz, zerbitzua bermatuta dago. Gaur egun, instalazio guztiek, Otadiak izan ezik, pandemiaren aurreko ohiko funtzionamendua berreskuratu dute”.

Altsasuko aterpetxeak 84 ohe ditu, hainbat tamaina geletan banatuta. Gainera, bilera gelak eta berdegune zabala ditu. 2019an 8.239 aldi bete ziren oheak, “edukiera osoaren heren bat, gutxi gorabehera. Zenbakien kontua bakarrik ez bada ere, kontua da arlo publikoa kudeatzeko erantzukizunak baliabideen eraginkortasuna bilatzeko eta instalazio horren bideragarritasuna serioski planteatzeko eskatzen digula, orain arte baloratu ez dena”, zehaztu du Amatriainek. Jakinarazi duenez, “Altsasuko Udalarekin, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuarekin eta etorkizunari begira interesa izan dezaketen beste erakunde batzuekin hitz eginen dugu bideragarritasuna emateko, baina momentuz egokia iruditu zaigu instalazioa zabalik ez mantentzea, ez baitago ez okupaziorik ez jarduerarik, eta, bitartean, etorkizuna birplanteatzea”.