Euria egitean putzuak sortzen ziren Zelandi ikastetxeko publikoko eskolako patioan, eta hori saihesteko, kanalizazio eta urbanizazio egokia eskatu zuten hainbatean eskola kontseiluak eta guraso elkarteak. Zoladura berritzeko, euri urak biltzeko sistema jartzeko lanak garila akaberan hasi ziren eta berriki despeditu dituzte.
Egitekoen artean, orain arte ez zegoen euri-uren kolektore bat egin da, eta “ekaitz-tanke” bat ere jarri da. Era berean, ikastetxeko patioko hormigoizko pista zaharra erabat berritu da, eta hormigoizko zoladura berria egin da, koloreztatua, euri-urak azaletik ateratzea ahalbidetzen duena. Era berean, pista horren inguruko espaloiak erabat berritu dira. Azkenik, iturri bat jarri da pista horretan, eta lehen ez zeuden argiteria publikoko beste sei farola ere jarri dira.
Apezetxea Anaiak enpresa egin ditu lanak eta haren truke 147.232,60 (BEZ kanpo) jaso ditu. Lanak finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza du, herrialdeko aurrekontuak onartzean Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa batek aurrera egin baitzuen. Horiek ez dira ikastetxean aurten egindako lan bakarrak, izan ere, eskolako beheko eta lehen solairua margotu zituzten udan.