Astekaria

Txirinbulon udal lan hitzarmena nahi dute

Guaixe 2021ko abe. 27a, 10:14

Txirinbulo haur eskolako langileak pankarta jartzen.

Aldarrikapen hori egiteko bi egunetan bi orduko lan uzteak egin dituzte langileek, eta ilbeltzaren 26rako greba iragarri dute. 

Udal haur eskolako langileek hilaren 10ean eta 21ean bina orduko lanuzteak egin zituzten. Horien bidez haiei Altsasuko Udalaren lan hitzarmena ezartzea nahi dute, “lan baldintza duinak” izateko. Horrela, langileak bizi duten “prekarietatearekin” bukatu nahi lukete. Aldarrikapen “zaharra” da, gaur egun estatuko lan hitzarmenaren barruan baitaude, “soldata lotsagarriak eta baldintza latzak dituena”. Horrekin batera, langileek haur eskolaren baldintzak hobetzea eskatu dute, esaterako: eraikinaren mantenu egokia egitea; materialak erosteko duten partida ekonomikoa handitzea, “oso eskasa baita; patioa eraberritzea eta ikastaroetan ikasitakoa praktikan jartzeko baliabideak. 

Udala 
Txirinbuloko gurasoei bidalitako gutunean Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, “heziketa zikloa denez, Hezkuntza Departamentuak hobetu behar ditu udal haur eskoletako langileen baldintzak. Horiek Nafarroako administrazio publikoetako gainerako langileen baldintzekin parekatu behar ditu”. Hori egin ondoren udalaren ustez departamentuak egin beharko lukeena da “haur eskolak zuzenean kudeatzen dituzten udalen finantziazioa hobetu”. Bitartean Altsasuko Udalak, zenbait alderditan, langileen soldata baldintzak hobetu dituela jakinarazi du: urteko igoerak, familia laguntza eta abar. Nafarroako Gobernuak heldu den ikasturterako aldaketak iragarri ditu. Hori kontuan hartuta, “udalaren hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren esparruan, alderdi horretan aldaketak egin ahal izango dira”, jakinarazi du. 

Udalak azaldu duenez, “hau eskolaren proiektua ikastetxean planteatutako beharrizanak kontuan hartuta idatzi eta onartu zen, eta, jakina, departamentuaren nahitaezko baimena izanda”. Horren barruan sartu du patioa, eta han ere hobekuntzak egin direla gaztigatu du. Udalak azaldu du administrazioaren funtzionamenduak berak mugak jartzen dituela gastua egiterakoan eta zerbitzu guztiei aplikagarria dela. Bestetik, haur eskolan hobekuntzak egiteko dirulaguntza deialdiak baliatu dituela nabarmendu du udalak.