Hotz, oso hotz esnatu zen igandea, eta pista eta ibilbidea izoztuta zirela hurbildu ziren Altsasuko Kros Herrikoian parte hartu zuten korrikalariak Dantzalekura. Baina atletak ez ziren kikildu, eta goiz osoa iraun zuen atletismo festa handia bilakatu zen Dantzaleku. Lasterketa guztiak kontuan hartuta, 630 korrikalarik hartu zuten parte Altsasuko Kroseko zirkuitu mitikoan.
Kros Herrikoia, goiztiarrena
Altsasuko Kros Herrikoia 9:45ean zen hastekoa, eta termometroak 0 azpitik 6 gradu jasotzen zituen korrikalariak ia 6 kilometroko proba egitera abiatu zirenean (5.960 m, zirkuituari hiru itzuli). Aurretik, minutu bateko isilunea gorde zen azaroan zendutako Dantzaleku Sakana klubeko bazkide, korrikalari eta atletismo sustatzaile sutsua zen Candi Arnanzen alde. Lasterketari hasiera emateko duela 50 urte Altsasuko lehendabiziko krosa iragartzeko erabili zen pistola erabili zuen antolakuntzak. “Jose Luis Vergara “El Txipi” epaile eta kronometratzailearena zen, eta haren familiak, Vergara-Tanco familiak, Dantzaleku Sakana klubari eman dio” azaldu du Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak. Kros herrikoian 48 korrikalarik hartu zuten irteera, eta horietatik 38 sailkatu ziren, hotzari behar bezala aurre egin eta zirkuitu ederrari hiru itzuli emanda.
Ibilbidea Dantzalekuko pistan hasi, futbol zelai zaharra zeharkatu eta Basoitxin sartzen zen, buelta hartu eta Usolarrainen itzuli bat egin ondoren Dantzalekun despeditzeko. Haritzen arteko ibilbide politak bi salto zituen: enborrez osatutako bat, eta fardoz osatutako bestea. Ez zegoen lohi askorik eta zorua ohi baino gogorrago zegoen, tarteka izotza, baina sustraiez betetako zoruan adi egon behar izan zuten korrikalariek.
Juan Carrascal Morales santurtziarra izan zen azkarrena (21:49), Kevin Alves Piresen (Hiru Herri, 21:54) eta Gaizka Arbizu Armendarizen (Hiru Herri, 22:01) aurretik. Sakandarren artean, Felix Benjumea Motino izan zen lehena, sailkapenean zortzigarren. Emakumezkoetan Lorea Burgete Mikeo lekunberriarra iritsi zen lehena, Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarraren (Dantzaleku Sakana, 28:08) eta Ainhoa Markinez Askargorta olaztiarraren (28:42) aurretik. Bi txapeldunak lehen aldiz aritu ziren Dantzalekun eta proba gogorra eta polita iruditu zitzaien.
Proba guztiak kontuan hartuta, guztira 630 korrikalari lehiatu ziren Dantzalekuko zirkuitu mitikoan
Errelebo ikusgarrietan 444 korrikalari
Bitartean Nafarroako Kirol Jokoetako Errelebo Mistoen jardunaldian parte hartu zuten 111 taldeetako 444 korrikalariak prestatzen ari ziren, 10:30etik 12:45 arte kategoria ezberdinetako lasterketak jokatu baitziren. Dantzalekuko pistatik aterata, Usolarrainen prestatutako zirkuituan izan ziren probak, eta erreleboko txanda aldaketak pistetan egin zituzten. 18 urtez azpian 10 talderen artean Hiru Herri gailendu zen eta 16 urtez azpian 9 talderen artean Hiru Herri A. 14 urtez azpian 26 talde aritu ziren, bi serietan banatuta. Lehen seriea Hiru Herri A-k irabazi zuen eta bigarren seriea, aldiz, Dantzaleku A-k. 12 urtez azpiko mailan 39 taldek hartu zuten parte eta 10 urtez azpikoan 27 taldek, baina bi maila hauetan probak ez ziren lehiakorrak izan, eta Nafarroako Atletismo Federazioak ez zuen sailkapenik egin. Dantzalekuko talderen bat lehen postuan sartu zen, klubaren eta senitartekoen pozerako.
Horrenbeste proba eta lasterketek ikusle ugari erakarri zituen Dantzalekura. Jendea zirkuituan barna banatu zen, eta ez zen arazorik izan. Giro oso ona zegoen, eguzkiak tenperaturak goxatu ahala, are gehiago. Eta erreleboak bukatuta, 13:15 inguruan abiatu zen proba garrantzitsuena: Altsasuko 36. Krosa, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa zena. Nafarroako atletarik onenak bildu ziren, lehen lau sailkatuek ilbeltzaren 30ean Jaenen jokatuko diren Espainiako Kros Luzeko Txapelketan parte hartzeko txartela lortuko zutelako.
Erreleboetan parte hartu zuten 444 korrikalariek ikuskizun polita eskaini zuten
Nagoreren lesioa
Aurreikusi moduan, 36. Altsasuko Krosa gogorra izan zen. Korrikalariek zirkuituari bost itzuli egin behar izan zizkieten, guztira 9.800 metro osatzeko. 138 korrikalarik hartu zuten irteera, ziztu bizian. Dantzalekun bildu ziren ikusleak harrituta zeuden korrikalariek eskainitako mailarekin. Ez da harritzekoa, Nafarroako onenak baitziren. Javier Nagore (Grupompleo) orain arteko Nafarroako txapelduna zen lasterketa irabazteko faboritoetako bat. Hasieratik erritmo gogorra ezarri zuen, baina ustekabean korrikalari iruindarrak arazoak izan zituen txorkatilan eta lehen itzulian proba utzi behar izan zuen.
Gainontzeko faboritoek ez zuten aukera alferrik galdu. Joan den urtean, 2021ean Altsasuko Kros Herrikoia irabazi zuen Abdelkader Al Ghamek (Grupompleo) sekulako lasterketa egin zuen eta proba irabazi zuen (31:13), Jaouad Boualameri (A. Albacete) 46 segundo ateraz. Marcos Yanizek (At. Iranzu) osatu zuen podiuma (32:10). Sakandarren artean, Israel Arbizu Alberto etxarriarra (Hiru Herri) izan zen lehena, 18. postuan (35:10). Arbizuk aipatu zuen aurreko postuetan sailkatzea “oso zaila” zela, sekulako maila zegoelako, eta hala izan zen. Etxarriarrak ere Abdelkader Al Gham jo zuen faborito nagusia eta ez zuen huts egin.
Altsasuko Kros Herrikoia zero gradu azpian jokatu zen. Felix Benjumea eta Erkuden San Martin, lehen sakandarrak
Herritartasuna
Izan ere, Iruñean bizi den 27 urteko Abdelkader Al Gham marokoarrak irabazi zuen Altsasuko Krosa, baina herritartasuna ez duenez, ezin izan zuen Nafarroako Txapelketa irabazi. “Hiru urte daramatzat soilik proba herrikoietan aritzen, orain arte bizileku-baimena ez nuelako. Hau federatu gisa aritzen naizen nire lehen krosa da” zioen Al Ghamek, txapela buruan. Baina herritartasuna izan arte ezin du Nafarroako edo Espainiako Txapelketetarako puntuatzen. Altsasuko krosa “asko” gustatu zitzaiola nabarmendu zuen. Eroso aritu zen, gustura, eta Dantzalekun, Basoitxin eta Usolarrainen hegan egin zuen.
Altsasuko proba “polita baina gogorra” izan zela nabarmendu zuen lasterketan bigarren baina Nafarroako txapeldun izan zen Jaouad Boualamek. Jatorriz marokoarra, 38 urte ditu eta 27 urte daramatza Tuteran bizitzen. Lehendabiziko aldiz irabazi zuen Nafarroako Txapelketa. “Azken unera arte borrokatu dut, duela zenbait urtetik Nafarroako Txapelketa lortu nahi nuelako. Bigarren, hirugarren… sailkatzen nintzen, baina ez nuen txapelketa lortzen, gaur arte. Txapelketa nire familiarendako da, bide honetan lagundu nauten guztiendako” azaldu zuen.
Alicia Carreraren laugarrena
Emakumezkoetan Alicia Carrerak (Grupompleo) bere laugarren Nafarroako Txapelketa irabazi zuen, Altsasuko Krosa erraz irabazi eta gero (36:52). Ia bi minutu atera zizkion Vanesa Pachari (Hiru Herri, 38:44) eta Ainara Alcuazek osatu zuen podiuma (Hiru Herri, 39:04). Emakumezkoen proban Izaskun Beunza (Beste Iruña) eta Eneritz Karasatorre (Dantzaleku Sakana) ariko zirela espero zen, baina ez zen hala izan. “Zirkuitu irregularra da eta ezin da modu jarraian azkar korrika egin. Aurten gogorragoa izan da emakumeek lehendabiziko aldiz 10 kilometro egiten ditugulako. Eta, gainera, hiru enborrez osatutako salto bat zegoen, mortala zena” azaldu zuen Alicia Carrerak. Bere asmoa suabe ateratzea eta gutxika erritmoa hartzea zen, baina gizonezkoekin batera atera zirenez, aurreikusi baino erritmo azkarragoan aritu zela aipatu zuen, eta lasterketa guztian erritmo horretan aritu zela. 28 urteko txapeldunak aitortu zuen “oso gustura” egin zuela korrika.
Nafarroako Atletismo Federaziotik azaldu zuten Altsasuko Krosean sailkatutako lehendabiziko laurak Espainiako Txapelketetan arituko direla: Alicia Carrera, Vanesa Pacha, Ainara Alcuz eta Izaskun Olleta, emakumezkoetan, eta Abdelkader Al Gham, Jaouad Boualame, Marcos Yaniz eta Atarratze Rota, gizonezkoetan. Beste lau atleta –bi emakumezko eta bi gizonezko– federazioak izendatuko ditu.
Al Ghamek irabazi zuen krosa, baina Boualame izan zen Nafarroako txapelduna
Aitzindariei omenaldia
Igandekoa 36. Altsasuko Krosa izan zen, baina urteurren berezia zuen, lehendabiziko krosa duela 50 urte antolatu zelako, 1972. urtean. Lagun Onak elkarteko kuadrilla bati iruditu zitzaion Dantzalekuko parajea krosak antolatzeko aparteko tokia zela eta lehen krosa antolatu zuten. Bete betean asmatu zuten. Ondoren Altsasu Kirol Elkarteak hartu zuen krosa antolatzearen ardura, eta beranduago Dantzaleku Sakana klubak. Dantzaleku Sakana Klubak urteurren berezia gogoan izan nahi zuen eta omenaldi txikia egin zien aitzindari guztiei, haien gertukoei eta lagunei. Kantatutako aurreskua eskaini zitzaien, eta omendutako guztien izenean Felipe Perez de Villarrealen eta Candi Arnanz zenaren alabek lore sorta jaso zuten. Omenaldi xumea bezain ederra izan zen, eta klubak bertan parte hartu zutenei eskerrik beroenak eman nahi dizkie.
Altsasuko Krosa urte luzez antolatzeaz gain, Altsasuko San Silvestrea –42 edizio ditu, Nafarroako beteranoena– eta Zubeztiako Oinezko Lasterketa-Barricarte Oroimenezkoa –40. edizioa– antolatu izan ditu kuadrilla berberak eta Altsasun atletismoaren sustatzaile nagusiak izan dira. “Korrikalari izateaz gain, guztia egiten zuten: probak antolatu, epaile lanak, entrenatzaile lanak… Altsasuko atletismoan erreferente izan dira” nabarmendu du Dantzaleku Sakanak.
SAILKAPENAK
Sakandarrak 36. Altsasuko Krosean (9.800 m)
Gizonak
1.Abdelkader Al Gham 31:13
2.Jaouad Boualame 31:59 (Nafarroako txapelduna)
18.Israel Arbizu 35:10
22.Jabi Gasanz 35:19
23.Ivan Sobredo 35:19
25.Mikel Astiz 35:44
46.Isidro Asurabarrena 40:27
Emakumeak
1.Alicia Carrera 36:52 (Nafarroako txapelduna)
20 urtez azpiko gizonak (7.880 m)
1.Abule Esteban 27:05
20 urtez azpiko emakumeak (5.960 m)
1.Jihad Essoubi 23:19
Sakandarrak Altsasuko Kros Herrikoian (5.960 m)
Gizonak
1.Juan Carrascal 21:49
8.Felix Benjumea 23:25
9.Asier Ansa 23:50
10.Imanol Guerrero 24:12
13.Ivan Gonzalez 24:48
16.Juan Luis Maiza 25:48
18.Tasio Garcia 25:57
21.Ismael Lopez de Goikoetxea 26:29
22.Xabi Martinez 26:30
24.Jon Lapuente 26:52
25.Juan Carlos Villareal 27:28
26.Fernando Larrea 27:50
28.Juantxo Azurmendi 28:17
30.Luis Angel Diaz 30:05
Emakumeak
1.Lorea Burgete 26:48
2.Erkuden San Martin 28:08
3.Ainhoa Markinez 28:42