Haur eskolan ez da grebarik izanen bihar

Guaixe 2022ko urt. 25a, 19:27

Gurasoak haur eskolako aterantz, umeak jasotzeko. ARTXIBOA

Udalarekin bildu ondoren, Txirinbulo haur eskolako langileek hitzarmen berria aplikatzeko aukera dagoela uste dute.

Abenduaren 10ean eta 21ean bina orduko lan uzteak egin ondoren, LABek Txirinbulo haur eskolako langileak asteazkenerako grebara deitu zituen. Baina sindikatuak bezperan jakinarazi du langileek lanuztea bertan behera utzi dutela. Langileek ezartzen zaien eta “soldata lotsagarriak eta baldintza latzak dituen” estatuko hitzarmena utzi eta udalaren lan hitzarmena ezartzea nahi dute. Horrela “lan baldintzak duindu, eta bizi dugun prekarietatearekin bukatu” nahi dute. 

Bide horretan aurrerapausoak ikusi zituzten langileen ordezkariek alkatearekin atzo egindako bileran. LABeko kideek azaldu dutenez, “haur eskolako langileek ikusi zuten egun negoziatzen ari den hitzarmen berria aplikatzeko aukera bideragarria dela, eta horrek gatazka desblokeatzera eramanen lukeela”. Horregatik, greba deialdia bertan behera utzi zuten.  

Sindikatuko ordezkariek alkateari mahai gainean jarri zion proposamena da prozesu horrek bere bidea egiten duen bitartean, epe motz-ertainean, egun Altsasuko Udaleko gainerako langileendako indarrean dagoen hitzarmena Txirinbuloko langileei ere aplikatzea. Eta, ondorioz, “horrek ekarriko lituzkeen lan hobekuntzez ahalik eta lasterren baliatu ahalko lirateke haur eskolako langileak”.