Astekaria

Otadia aterpeak ilbeltzaren 14an itxi zituen ateak

Guaixe 2022ko urt. 31a, 08:44

Aterpearen itxieraren kontra Altsasun egindako elkarretaratzea.

Sei langile langabeziara joan dira. Egoitzaren etorkizuna aztertzen ari da Nafarroako Gazteria Institutua.

Hainbat urtetan zerbitzua eman ondoren, Otadia aterpeak hilaren 14an, ostiralearekin, itxi zituen ateak. Han lan egiten zuten sei langileak langabezian gelditu dira. Nafarroako Gazteriaren Institutuak hartu zuen aterpea ixteko erabakia. Haren zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriain Bustok iraila hasieran azaldu zuenez, “aterpetxeak hilabeteak daramatza erabili gabe. Sukaldea kudeatzeko lehiaketa hutsik gelditu zen, eta elikadura zerbitzua eskaintzerik ez dago. Beraz, ezinezkoa da ostatu hartzea eskaintzea”. Amatriainek nabarmendu duenez, “instalazioak birplanteamendu sakona behar du bere etorkizuna bideragarri egiteko”. Gaineratu zuenez, “Altsasuko Udalarekin, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuarekin eta etorkizunari begira interesa izan dezaketen beste erakunde batzuekin hitz eginen dugu bideragarritasuna emateko”. 

Itxieraren kontrako mozioa onartu zuen Altsasuko Udalak azaro bukaeran. Altsasuko hainbat eragilek babesa adierazi zieten aterpeko langileei eta hura orain arte bezala mantentzeko eskatu zuten, idatziz eta kontzentrazio bidez ere. LAB sindikatuak itxiera salatzearekin batera jakinarazi zuen Altsasukoa zela Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen zuen aterpetxe bakarra. Sindikatu abertzaleak jakinarazi zuenez, Aspace fundazioarekin zerikusia duten pertsona batzuk zentroa bisitatzen egon ziren.