Hilabetean behin, dianak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 3a, 12:38
Altsasuko Gaiteroak Olaztiko festetan. UTZITAKOA

Altsasuko Udalarekin hitzarmena sinatu du Altsasuko Gaiteroak taldeak, eta horren barruan hilabetero kalejira egitea adostu dute. Bestetik, herriko festetan eta ferietan, erraldoiak ateratzen direnean, aterako dira gaiteroak ere.

Altsasuko Gaiteroak urteko egitaraua bat egin du, eta hilabetean behin dianak jotzera aterako dira, "baina egunak zehaztu gabe", azaldu du Jose Luis Ojer Mangas gaiteroak. Elkarteak Altsasuko Udalarekin kontratua sinatu du, eta horregatik urtean zehar eginen dituzten emanaldiak zehaztu dituzte. "Aurreko urtean horrelako zerbait proposatu genuen, baina esan ziguten koronabirusagatik ez zela posible". Aurten hitzarmena adostea lortu dute. Kontratuaren barruan hilabetean behin eginen dituzten kalejirak, festetako eta ferietako erraldoiekin irteerak, eta haizezko instrumentuz lagundutako bi emanaldi aurreikusi dituzte.

Urtarrrilean egin zuten lehenengo diana. Sorpresa izan zen herritar gehienendako, beste batzuk sareetan aurretik emanaldiaren berri bazuten. Altsasuko Gaiteroak elkarte bezala duela zazpi bat urte sortu zen, baina bere historia atzetik dator. "Duela hamabost urte inguru bildu ginen eta musika eskolan gaita klaseak hartzen hasi ginen". 2015ean legalki Altsasuko Gaiteroak "legalki" elkarte izatea lortu zuten, "CIFarekin eta guztiarekin". Larunbatero Lizarrara joaten dira klaseak hartzera, Villartako gaiteroekin. "Gaita jotzea zaila da, etengabe ikasi behar duzu, eta asko entseatu behar duzu. Bestela, behin utzita, berriz hartu behar diozu martxa". Taldea orain hiru musikarik osatzen dute: Miguel Angel Lealek, Josetxo Lumbrerasek eta Ojerrek. Aurretik Saioa Erro egon zen ere.

Nafar gaita
Nafar gaita, dultzaina edo bolizongo izenaz ezagutzen Altsasuko gaiteroek jotzen dutena. Haizezko musika trenaren bat da, egurrez egindakoa. Zazpi zulo ditu eta mihiak kanaberazkoak dira, eta haizea botatzean bibrazioa sortzen du. Bibrazio horrek sortzen du soinua. Bi eskuekin jotzen den instrumentua da, eta ohikoena atabalarekin lagunduta joatea da. Herrialde Katalandarretan jotzen den gaitaren antzekoa da. "Galiziakoarekin oso desberdina da; poltsa bat batetzen dute, eta gure kasuan airea zuzenean bota behar duzu. Haizea etengabe sartu behar da.

"Erriberan agian tresna ohikoago bat da". Baina hemen ere dultzaina herriko edozein festatako doinu nagusia izan ohi da, gehien bat, erraldoiak daudenean. Errepertorioa askotarikoa dela azaldu du Ojerrek. Altsasuko Udalarekin egindako hitzaremenari esker, hilabetero aterako dira kalera, eta apirilean eta ekainean haizezko instrumentuekin lagunduta aterako dira. Horrekin batera, erraldoiak ateratzen direnean haiekin jotzeko hitza eman dute ere, baita festetan egunero dianak egiteko ere. Festa bat dagoen hilabetean, beraz, ez da igandeko dianak izanen. "Irailean, adibidez, bost egunez aterako gara, nahiko dela uste dugu". Ohitura berri bat sortu du taldeak, izan ere, hilabetean behin dianak egitearena berria da, "ohitura ez zegoen, baina gure iritzia zen udalarekin hitzarmena sinatzen bagenuen, kalera atera behar ginela".

Ikasketak
Ojer Lizarrakoa da eta bertan gaitaren tradizio handiagoa dagoenez, dela 30 urte hasi zen musika tresnaren ikasketekin. "Gero utzi nuen eta Altsasura etorri nintzen, duela hamabost bat urte arte". Lealek esan zion musika eskolan klaseak ematen zituztela, eta aurretik ikasitakoa berreskuratzeko izena eman zuen. "Ordutik ari gara gaita jotzen". Astean hiru edo lau egunetan entseatzen dute, eta larunbatero Lizarrara joaten dira ikasten jarraitzeko. Musika tresna ikasten hasteko "solfeo pixka bat" jakitea gomendatzen du Ojerrek.

Elkartea sortu zutenetik herriko festa gehienetan ez ezik, Altsasuko Gaiteroak kanpoko festetan izan dira ere: "Olaztitik beti deitzen digute, beti joaten gara, Uharte Arakilera, Iruñera txupinazora, Tafalla, Lizarraga, Oiartzen, Donostia...". Batzuetan hirurak bakarrik talde bezala joaten dira, bestetan bertako dultzaineroekin aritzen dira.

"Guretzako Altsasuko festetako txupinazoa oso berezia izaten da". Iruñeko sanferminetako txupinazoaren ondorengo "unetxoa" ere izugarria dela esan du Ojerrek: "Udaletxetik atera eta hor biltzen gara 200 bat gaitero, gure inguruan jende guztia saltatzen eta dantzatzen ikustea...

Jendea festan dagoen bitartean, haiek kaleak zeharkatzen egon ohi dira. "Moldatzen zara". Ojerrek ez du sakrifizio bat bezala ikusten, "gustatzen zaigulako, gustura egiten dugu". Festak bizitzeko beste modu bat da. "Egia da festetan, esaterako, ezin duzula egunero parrandan atera eta sakrifizio pixka bat badela. Besterik gabe, zaindu behar gara". Oinez eta, aldi berean, jotzen ikasten eta moldatzen dela ere azaldu du gaiteroak. Baita eguraldi txarrarekin jotzen ere.