LED argiek argituko dute herria

Guaixe 2022ko mar. 23a, 09:25

Ilargia eta bonbila dun farola. ARTXIBOA

Argiteria publikoko bonbillen ordez haiek jartzeko bigarren faseko lanak eman berri ditu udalak eta aurki hasik dira lanean. 355.381 euroko inbertsioa da, baina udalak erdia ordaindu du, bestea dirulaguntza bidez pagatuko baita.

Argindar kontsumoa murriztu eta aldi berean elektrizitate faktura txikitzeko, Altsasuko Udalak argiteria publiko bonbillak LED argiengatik ordezkatzeko lanak eman berri ditu. Telman, Pipaón eta Montajes Eléctricos Noi enpresek osatutako aldi baterako enpresen elkarteak eskuratu du eta haiengatik 355.381 euro jasoko dute. Udalak Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren %50eko dirulaguntza du. Haien egitekoa 663 argi honako kaleetan jartzea izanen da: Zelai, San Juan, Gartzia Ximenez, Altzania, Erkuden, Kale Txiki, Nafarroa, Araba, Burunda, Zelandi, Zelai Txiki, Intxaurrondo, Egubera, Intxostia zeharbidea, San Pedro taldea, Frontoiaren zeharkaldia eta Baratzako Bide eta Iortia plaza, baita Bake eta Erkuden kaleko zati bana ere. 

Herriaren gainontzeko kale eta plazetan LED argiak jarrita daude. Izan ere, lan horien aurreneko fasea 2019an egin zen. Gainera, Zumalakarregi plazako eta Isidoro Melero eta Ermita kaleetako lanak baliatu ziren LED argiak jartzeko. Joan den urtean 86.735 euro ordaindu zituen argiteria publikoaren kontsumoagatik. Lanak despedituta kopurua jaitsi eginen da. 

Dirulaguntzak 
Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak irabazi asmorik gabeko erakundeendako joan den urteko laguntzak nori eman erabaki du. 6.200 euroak horrela banatu ditu: Biak Bat Elkartearen adingabeendako aisialdi inklusiboko programa baterako 1.550 euro; Nafarroako Esklerosi Multiplearen Elkartearendako 1.694,19 euro;  Zaporeak 1.505,81 euro jaso ditu, Lesbosen (Grezia) errefuxiatuei elikadura duina eta osasungarria emateko eta, azkenik, Asornak, Nafarroako Pertsona Gorren Elkartearendako 1.550 euro dira, komunikazio bitartekotzako zerbitzurako.

Aldi berean, garapenerako lankidetzako hiru proiekturako 4.000 euroko laguntzak eman ditu Altsasuko Udalak: Rode fundazioak 1.000 euro jaso ditu Boli Kostako herrixka bat oinarrizko azpiegiturez hornitzeko; El Salvador Elkartasuna kolektiboak Cinquerako ikasleei bekak emateko 1.000 euro eskuratu ditu. RSADen Lagunen Elkartearendako 2.000 euro dira, zentro pedagogiko bateko materialerako.

Ibarrea 
Industrialdeko hondakin urak jasotzeko sareko hirugarren eta azken faseko lanak hilaren aurreneko astean despeditu ziren. Udalak lanak baliatu ditu Ibarrea industrialdeko ur beltzak jasotzeaz aparte, Ibarmusu eta Errotatxiki etxeetakoak jasotzeko. Egindako sare berria Geltoki auzoko hodi nagusiarekin bat egin du. Beraz, herriaren ipar mendebaldean dauden enpresen eta etxebizitzen hondakin urak ez dute Altzania errekan bukatzen. Isurketa horiengatik Altsasuko Udalak Ebroko Ur Konfederakundeari urtero 1.345,2 euroko isuna pagatzen zion orain arte.