Udal bilkurak onartu ondoren, Altsasuko Udalak Nasuvinsarekin hitzarmena sinatzeko argi berdea du. Haren bidez udalak Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoari Galtzada, Amandrea eta Uhaldera kaleen artean dagoen partzela bat utziko dio han babes ofizialeko etxebizitzak egin ditzan. “Nafarroako Lurzoru eta Etxebizitza Departamentuak konpromisoa hartu du lehen fasean aipatutako lurzatian babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari atxikitako 21 etxebizitza inguru sustatzeko”, azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratu duenez, “batez ere 35 urtetik beherako gazteendako izanen dira etxe horiek, gaur egun alokairuko etxebizitzen eskari handiena duen biztanleria delako. Ezgaitasunen bat duten pertsonak edo bestelakoak dituztenak ere aukera izanen dute, beti ere, udalak eta Nasuvinsak osatutako batzordeak zehaztutakoaren arabera”.
Udalak Otadia aldean duen partzela horrek 1.690 m2-ko azalera du. Etxebizitzak eraikitzeko lehen fasea partzelaren hegoaldean, Uhaldera kalean eginen da. Behe solairua eta hiru alturako eraikin bat izanen dela aurreratu du alkateak. “Nasuvinsak 21 etxebizitza horiek egiteko proiektua izateko ideia lehiaketa deituko du”, zehaztu du Ollok. Lehen faseko eraikineko beheko solairuko 596 m2-ko lokal eraikia udalarendako izanen da, dohainik, eta ekipamendurako bideratuko da.
Bi aldeek eskritura publikoa sinatzen dutenetik Nasuvinsak gehienez urte bat izanen du eraikinaren babes ofizialeko etxebizitzaren behin-behineko kalifikazioa eskatzeko. Epea pasata enpresa publikoak pausorik emanen ez balu, partzelaren jabetza udalaren eskura bueltatuko litzateke. Nasuvinsak lehen faseko babes ofizialeko etxebizitzaren behin betiko kalifikazioa lortu ondoren, Nasuvinsak bost urte izanen ditu partzelaren beste zati batean etxebizitzen bigarren sustapen fase bat egiteko. Hala ez balu eginen, udalak batere kosturik gabe berreskuratuko luke eraiki gabe geldituko litzatekeen partzela zatia. Otadia aldean eraikitzea aurreikusten diren etxebizitza horiek guztiak publikoak dira. Baina “titulartasun publikokoak izateari utziko baliote, Altsasuko Udalak eskubidea izanen luke utzitako lursaila eta han eraikitako etxebizitzak, kargarik gabe, itzultzeko eskatzeko, eta ez luke inolako kalte ordainik edo ordainketarik ordaindu beharko, Nasuvinsak edo sozietate jabeak beharrezko gastu guztiak bere gain hartuta”.
Alokairuko etxebizitza falta
Udalean jakitun dira Altsasun alokairuko etxebizitzen eskaera handia dagoela, batez ere gazteen artean. Hala ere, alokatzeko etxebizitza gutxi daude eta gazteen eskaera ez da betetzen. “Gure udalerrian horrelako etxebizitzarik ez izateak eta horrek gazteengan duen eragin nagusiak berekin dakar, alde batetik, emantzipatzeko zailtasuna eta, bestetik, altsasuarrak alokairuan bizitzeko aukera duten beste herri batzuetara joatea”.
Egoera bideratzeko alokairuzko etxebizitzak eraikitzeaz aparte, Altsasuko Udalak Nasuvinsaren alokairu poltsarekin bat egin zuen joan den urtean. Ondorioz, poltsa horren bidez beraien etxe bat alokatu nahi dutenek errenta puntualki eta aseguratuta kobratuko dute lehen maizterra sartzen denetik. Nasuvinsak etxebizitza egoera onean bueltatuko dio (etxebizitzaren erabilera normalak eragindako ohiko higaduratik salbu) eta etxebizitzan gerta daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituen arrisku anitzeko asegurua (edukitzailearena) kontratatua izanen du enpresa publikoak.
Alokairuko etxebizitzagatik ordaindu beharreko errentaren %25, 50, 75 edo 90 ematen die Gizarte Eskubideen Departamentuak familia maizterrei, beren diru sarreren eta familia unitatearen arabera. Horrela, familia horiek beren ekonomia ahalmenaren arabera arrazoizko errentamenduak eskuratu ahal izan ditzaten.