Mende erdiko Lagun Onak

Guaixe 2022ko mai. 9a, 13:01
Lagun Onak elkarteak Manuel Turrillas Ezkurrari egindako omenaldia 1995ean. UTZITAKOA

Elkarteak bere 50 urteurrena bazkari batekin ospatu zuen larunbatean. Bazkideak, bazkide ohiak eta elkarteko lagunak elkartu ziren. Igande eguerdian, ohi bezala, auzatea eskaini zuten. Hilero jarduera bat antolatuko du.

Pandemiagatik beharrezko patxadarekin ezin izan dute urteurren bazkaria behar bezala antolatu eta 50 bat pertsona eta txaranga elkartuko ziren bazkaltzera. "Santa Agenda ospatu ez zuten batzuk maiatzeko gurutzean kinto bazkaria egin behar dute. Beste batzuk oporretan joan dira… Horregatik, bazkide batzuk ez ziren bazkarian izanen. Baina espero dezagun irailaren 15eko bazkarian egotea. Bazkari hori elkartea sortu zuen koadrilak egiten zuen", azaldu du Iñaki Lanz Agirre elkarteko presidenteordea eta 50. urteurreneko batzordeko kideak. Maiatzeko gurutzeko ospakizunarekin batera, domekan, Lagun Onak elkarteak altsasuarrei hamabietakoa eskaintzen die urtero. Horregatik, festetan edo ferietan ez dute auzaterik eskaintzen. 


Iñaki Lanz Arregi elkartean.

Urteurren ekitaldiak antolatzeko batzordea azaroan eratu zuten zuzendaritzan ez dauden bazkideek. "Pandemiarekin ez genekien zer egin zitekeen" azaldu du Lanzek. Batzorde horren urtean zehar hainbat jarduera antolatuko ditu. "Pandemiarekin ez genekien zer antolatzeko aukera izanen genuen eta, hara sorpresa: Santa Agedako korua atera zen! Aspaldi ateratzen zen eta pandemia baino bi urte lehenago berreskuratu genuen". Apirilaren 24an DBA txapelketa jokatu zen elkartean (miniaturazko figurekin jokatzen den gerra zaharren jokoa). Bele Beltzak talde altsasuarrak antolatu zuen. Elkartekideen asmoa da urteurrena dela eta hilero jarduera bat antolatzea. Momentuz aurreikusi dituztenak dira: ping pong txapelketa (duela sei eta zazpi urte egin zen), udarako mendi martxa bat antolatu nahi dute, irailaren 15eko festetako bazkaria, maiatzeko gurutzeko artisau feria egon aurretik elkarteak antolatzen zituen herri jokoak berreskuratzea ferietarako (zinta, sagarra zuen pertza, uztaiak…), mus txapelketa… "Lotu ahala jakinaraziko dugu". 

Historia
Lau koadrila elkartu ziren 1971n eta elkartea sortzea erabaki zuten. Haien artean Lagun Onak koadrila zegoen, jarduerak egiteko egoitza behar zuenak. Horretarako foru plazako 14. zenbakian zegoen lokala (egungo elkartea) hartu zuten elkartea sortzeko. Estarbia zena auzolanean egokitu zuten. Beheko sua zuen bajera bat besterik ez zen lehen elkarte hura. Hasieran alokairuan egon ziren. Estatutuak idatzi eta beste egiten ziren bitartean 1971 eta 1972 urteetan behin behineko zuzendaritza izan zuen. 1971ean egindako batzar batean zuzendaritza aukeratu zuten eta 1972ko martxoan elkartea eratu eta erregistroan izena eman zuten. Ondoren jabeari eraikina erosi zioten eta 1984an eraikina berritzeko lanak egin zituzten, elkarteari gaur egungo itxura emanez. 

Lagun Onak koadrilak XIV. Espainiako Akordeoi Txapelketa antolatu zuen 1971ko maiatzaren 1ean eta 2an. Antolatzaileek Enrike Zelaiaren aholkularitza izan zuten eta epaileak honakoak izan ziren: Carmelo Bernaola, Luis Taberna, Agustin Gonzalez Acilu, Jose Garcia eta Salvador Rodriguez. Junior mailan zazpi akordeoilarik parte hartu zuten eta senior mailan, berriz, hamaikak. Donostiako Radio Popularrek eta Loiola Irratiak lehiaketa zuzenean eman zuten. Gazte mailako saria Luis Angel Sarobek eskuratu zuen eta helduen mailakoa Angel Protigok, biak bizkaitarrak. Juan Carlos Agirre altsasuarra hirugarren sailkatu zen helduen mailan. 


Lagun Onak elkarteko sokatira taldea eta bazkideak.

Elkartean kopak eta txapelak daude. Lagun Onak elkarteak sokatira taldea izan zuelako eta hainbat lehiaketetan parte hartu eta saritu zituzten. Altsasun egiten zen zaldiki gisatu txapelketan eskuratutako garaikurrak ere badituzte elkartean. Garai batean Lagun Onak elkarteak mus txapelketa antolatzen zuen ere. 

Bestalde, Altsasuko San Silbestre lasterketa Nafarroako zaharrena da. 42 edizio jokatu dira 1978tik eta hura antolatzen Lagun Onak elkartea hasi zen. Lanzek argitu duenez, "lasterketa batean ezbehar bat izan zen eta antolatzaile guztiei medikua zuen anbulantzia jartzea eta korrikalari guztiendako asegurua exijitu zien Nafarroako Gobernuak. Udalak ez zuen dirulaguntzarik eman eta antolaketa utzi genuen, atletismo klubak hartu zuen".

Elkarteaz 
Lagun Onak-ek 72 bazkide plaza ditu eta gaur egun 66 gizon-emakume dira bazkide. Haietako hiru elkartea sortu zenetik dira bazkide. Sei plaza hutsik daude eta nahi duenak egin dezake elkartean sartzeko eskaera. "Duela lau urte estatutuak moldatu eta bi bazkide mota ditugu: eraikinaren jabe den A bazkidea eta B bazkideak ez du zuzendaritzako betebeharrik edota zerbitzuen elkartean, baina kuota pixka bat handiagoa ordaintzen du", azaldu du Lanzek. 

Hamar bazkidek osatzen dute zuzendaritza. "Urtero bost kide berri sartzen dira eta joaten dira presidentea, presidenteordea, diruzaina eta bi bokal. Haiekin zuzendaritzan zeudenak ardurak hartzen dituzten eta sartu berriak ordezkoak dira, eta urte batez ikasten egoten dira, ondoren ardura hartzeko". Zuzendaritza aukeratzeko "hautatuak izan daitezkeenen artean presidentea aukeratzen dugu eta hark zuzendaritzarako bera lau kideak aukeratzen ditu". Elkarteko zuzendaritzan bi urte eman ondoren, bazkide horiek hurrengo hamarkadan ezin dira hautatuak izan. "Beraz, hamabi urtero zuzendaritzarako hautatua izan zaitezke". Elkarteak hiru solairu eta bi solairuarte ditu. Batzarrak egiten dituztenean zuzendaritza beheko solairuan jartzen da eta bazkideak tabernan eta lehen solairuan. 

Lanzek azaldu duenez, "musukoak kendu direnez geroztik, jendea elkartera bueltatzen hasi da. Ordura arte ez zen etortzen. Zeren musukoa jantzita afaltzera etortzea ez zen plana. Asteburuetan mugimendua ikusten hasi da berriro. Ohikoak arratsaldeetan egon gara, baina gutxi gehiago. Nik uste dut 60 urtetik gorako bazkide batzuei etortzea kostako zaiela". Pandemia aurretik elkarteak zuen bizitzarekin "pozik" zeuden. "Urtearen akaberan izaten ziren irabaziekin elkartean inbertsioak egiteko aukera genuen. Agian bi urteetakoa biltzen genuen obra egiteko. Baina, ekonomikoki, ez geunden gaizki". Bazkidetza utzi ondoren plazak ez direla betetzen eta kezka hori dute. "Bazkideen bataz besteko adina 50 urte ingurukoa izanen da, pandemia aurretik zortzi gaztek izena eman baitzuten. Batzuk familia herentziagatik bazkidetu dira, eta B bazkidetza sortu genuenetik elkarte bateko kide izan nahi zutelako ere", argitu du Lanzek. 

Aldaketak
Elkarteko sukalde txikitik denetariko jaki goxoak ateratzen dira. Baina Lanzen arabera "azkenaldian ikusten ari gara kasuren bat izena eman duen jende gazteak prestatutako jakiak, cateringa, ekartzen ditu, zerbitzatzen du, platerak eta edariak ordaindu eta horrela ez dut sukaldean aritu beharrik. Jakina, gaztea bazara eta hogeita luzerendako bazkaria egin behar baduzu, hausnartu behar duzu". 

Elkarteko sarrera eta kudeaketa guztia informatizatuta dute. Bazkideek hartutakoak ordenagailuan apuntatu behar dituzte. Informatizazioarekin hasieran batzuk beldurtu ziren, baina ez zuten aparteko arazorik izan. "Egunero etortzen ziren adinduak beraien kontuak ongi egiten zituzten eta aldamenekoei laguntzen aritzen ziren. 

Bazkideek ordainketak esku dirutan edo banku bidez ordain dezakete. "Jende askok nahiago du esku diruarekin ordaintzea. Gerta daiteke koadrilarekin etortzea banku bidez ordaintzea eta dirua poltsikoan duzula atera behar izatea. Diruarekin ordainduta, arazorik ez, eta hala hilabete bukaeran kolpe handia ez hartzeko". Bi ereduak izateak "zuzendaritzarendako lan pixka bat gehiago da, baina eman beharreko zerbitzua da. Hilabetea ixtea ordu bat kostako da, %60k banku bidezko ordainketak egiten ditu. Gainontzekoa txartelen balioa eta dirua bat egiten dutela begiratzea da". 

Hondakinak bereiztearena ere elkarteetara iritsi da. Lanzen arabera, "olioa eta beira oso ongi kudeatzen ditugu. Kartoia bereiztea erraza da. Baina ontzi eta materia organikoarena zailagoa da. Sukaldea oso txikia da eta ez dugu lekurik. Aukera badago: sortzen dituzun hondakin horiek poltsetan sartu eta edukiontzietara eraman".

Elkarteen arteko harremana 
Garai batean aurrez aurreko afari-bilera egiten zuten herriko elkarteek. "Teknologia berriak iristearekin halakorik ez da egiten", argitu du Lanzek. Bilkura horiek "elkarteen ezaugarrien berri emateko ziren: hau gertatu zait, bazkide batekin arazo hau izan dut, aseguruarekin arazo hau izan dut, Udalarekin… Egunerokoan sortzen zirenak komunean jartzen ziren, zuri gertatuz gero nola jokatu jakiteko". 

Altsasuko elkarte guztietako kideak Aita Barandiaran eta Josefina Arregi egoitzara bisitan joaten dira urtero, eguberrien aurreko azken igandean. Elkarte guztiek dirua jartzen dute eta bi egoitzen artean banatzen dute. Elkarteetako kideak bisita horietarako banatu egiten dira. Aita Barandiaranera musikariekin joaten dira "eta dantzatu nahi duten adinduek horretarako aukera dute". Josefina Arregin ere musikariek jotzen dute, baina han ez dira klinikan dauden pertsona guztiak biltzen. "Gauza oso polita da ikustea  adineko batzuk musikarekin nola pizten diren, bakarren batzuk aulkitik jasotzeko ahalegina ere egiten du". Bi egoitza horien zabaldu aurretik elkarte altsasuarretako ordezkariak ospitale psikiatrikoan gaixo zeudenei bisitan joaten ziren. "Iruñera autobusez joaten ziren eta gaixoei galletak, pastak, tabakoa… eramaten zieten. Batez ere, herriko gaixoei ematen zieten. Elkarteko musikariak joaten ziren. Hura bizi izan zutenak giro oso gogorra zela diote. Aldi berean, ospitalean alaitzeko modu bat ere bazen", azaldu du Lanzek. 

Himnoa 
Elkartea sortu zuen Lagun Onak koadrilak himnoa du, Manuel Turrillas Ezkurra maisuak konposatutakoa. Haren letra Agustin Gonzalez de Aciluk sortu zuen. Koadrilaren 50 urteurrenean Turrillasi omenaldia egin zioten elkartean eta plaka bat eman zioten aitortza moduan. Koadrilako eta elkarteko kideekin bazkaltzen egon zen. Elkartekide asko musikariak ziren eta, horregatik, urteetan elkarteak ez zuen txarangarik kontratatu. Enrike Zelaiak Lagun Onak koadrilaren himnoaren bertsioa grabatu eta Nafarroa diskoan argitaratu zuen.