Iortia kultur gunean eta Zelandi kirol gunean energia kontsumoa murrizteko hainbat lan egin nahi ditu Altsasuko Udalak. Horretarako, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak onetsitako titulartasun publikoko eraikinak birgaitzeko dirulaguntzen deialdira lanen proiektuak aurkeztu ditu. Deialdi hori Europako Next Generation berreskuratze funtsak finantzatu du. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, Iortia kultur gunean honako lanak egitea aurreikusi du udalak: eraikinaren inguratzaile termikoa (fatxada, estalkia eta kanpoko arotzeria) birgaitzea eraikinaren energia galerak murrizteko, kultur gunearen instalazio termikoa berritzea eta gas galdararen ordez geotermia jartzea eta, azkenik, autokontsumorako panel fotovoltaikoak jartzea. "Lanek 1.571.870,81 euroko aurrekontua dute eta dirulaguntza 1.223.364,3 eurokoa izan daiteke. Dirulaguntza onartuz gero, lanak, gehienez, 2024ko irailaren 30erako bukatuta egon beharko dute", argitu du alkateak.
Aipatutako dirulaguntzen deialdiaren beste lerro baten bidez Altsasuko Udalak eskaera egin du Zelandi kiroldegian ere eraberritze lanak egiteko. Izan ere, "Zelandiko frontoiko eta kiroldegiko estalkiak isolatu gabe" daudela jakinarazi du Ollok. Horregatik, Zelandiko kirol gunean hiru lan aurreikusi ditu udalak. Alde batetik, aipatutako bi eraikinen klimatizazio egokia lortzeko inguratzailea, fatxadako estalkiak eta beirateak birgaitzea. Bestetik, aerotermia sistemarako panel fotovoltaikoak jarri nahi dira estalkian. Eta, oro har, autokontsumo elektrikorako ere izanen direnak. Eta, azkenik, eraginkortasun handiko berreskuratzaileak jarri nahi dira.
Bestalde, Altsasuko Udalaren energia kontsumoa murriztu eta, horren bidez, fakturak txikitu eta klima aldaketaren kontra egiteko CO2 isuriak murrizteko asmoa du. Bide horretan neurrietako bat da argiteria publikoa berritzea eta dauden bonbillak kendu eta LED argiak jarri. Lan horien bigarren faseari joan den asteartean ekin zion kontratua hartu duen aldi aterako enpresen elkarteak. Gartzia Ximenez eta Zelai kaleetakoak aldatzen hasi dira. Guztira 663 argi jarriko dituzte.