Altsasuar errepublikazalea Donostiako mausoleo frankistan

Guaixe 2022ko mai. 17a, 09:04
Eloy Zufiaurre Garcia. UTZITAKOA

Polloeko mausoleo batean hamazazpi miliziano eta gudari hilobiratuta daudela argitzen duen dokumentazioa aurkitu du Aranzadi zientzia elkarteak. Han lur emandakoen artean dago Eloy Zufiarre Garcia altsasuarra.

Aranzadi Zientzia Elkarteak astelehenean jakinarazi zuen, dokumentazioa aztertu ondoren, Donostiako Polloeko hilerrian dagoen mausoleo frankistan 17 miliziar eta gudari hilobiratuak daudela. Han bertan errepublikaren zale gehiago lur emanda egon daitezkeela gaineratu zuten Aranzadiko kideak. Guztiak ere Donostia babesteko frankisten kontra borrokatu zuten miliziarren gorpuzkinak lirateke. Han lur emandakoen artean dago Eloy Zufiaurre Garcia altsasuarra. Casiana eta Antonioren semea, Zufiaurre 1912ko otsailaren 7an jaio zen. El Hortelano ezizena zuen eta pilotaria zen. Trenbideetako langilea eta UGTko kide zen. Herri Milizien kide zela Loiolako kuartelaren kontrako eraso batean hil zen, 1936ko garilaren 24an, 24 urte zituela. Ezkondu gabe zegoen.

Altsasu Memoriak jakinarazi duenez, haren anaia Isidrok Donostiako kuartela hartzeko ekintzan parte hartu zuen eta 1937an Bilboko Artxanda mendiko borroka batean hil zen (23 urte). Haien anai zaharrena, Juan Ignacio, errepublikaren alde borrokatu ondoren Frantziara pasa eta Gurseko kontzentrazio eremuan preso izan zuten. 

Aranzaditik jakinarazi dutenez, 1940ko garilaren 8an edo 9an lekualdatu zuten Zufiaurreren gorpuzkia aipatu mausoleora. Han lurperaturikoen izen-abizenak agertzen dira. Gehienak poliziak militarrak edo guardia civilak ziren. Gurutze handi baten azpian zera irakur daiteke: Beren idealak, Jainkoa eta Espainia defendatzeagatik eraildakoen oroimenez. Otoitz bat haien arimengatik. Aranzadi ikertzen ari da beste 14 errepublikar zale mausoleo horretan lur emanda ote dauden. Hori dela eta, Donostiako Udalak biktimen senideak izan daitezkeen familiei dei egin die Udalarekin harremanetan jartzeko euren datuak eskuratu ahal izateko. Horretarako Giza_Eskubideak@donostia.eus e-posta helbidera idatzi edo 943 481 975 telefonora hots egin behar da.