Futbola

30 urteren ondoren, Preferente

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 24a, 14:30

Altsasu, garaipena ospatzen. NAGORE DIAZ

Altsasu futbol taldeak Dantzalekun jokatutako partida ahaztezinean lortu zuen Erregional mailatik Preferente mailara igotzea. Jokalarien, teknikarien, Altsasu Kirol Elkartearen juntaren eta zaleen batasunak egin du posible

Pasa dira ospakizun handiaren ajeak. 30 urteren ondoren, Altsasu futbol taldea Preferente mailara igo da. Bukatu da gurutze-bidea. Poz-pozik dago Jesus Sayas presidentea buru duen Altsasu Kirol Elkartea, festaondoko bulego lanetan murgildua. Izan ere, datorren denboraldian gauza asko aldatuko baitira talde gorritxoan eta horrek bulego eta burokrazia handia dakar. 

Duela 30 urte
Urte luze hauetan Altsasu futbol taldearen gorabeherak gertutik bizi ditu Peio Goikoetxea Barandiaran entrenatzaileak. Mailaz igotzeagatik "pozik baino, kristoren bakea sentitzen dut. Izan ere, igotze kontuarekin presio handia zegoen, aurten, agian, gehiago" aitortu du. Lanbidez masajista, bere lanarengatik eta entrenatzaile titulua izateagatik, kirol munduari oso lotuta egon da. Futbol jokalari izan zen Altsasu eta Urdiaingo Aitziber taldeetan, urte luzez, eta entrenatzaile ondoren. "Duela 30 urte Altsasu entrenatzen nuen, Preferente mailan. Aurretik Hirugarren mailan ere jokatu izan zuen Altsasuk. Gogoan dut Hirugarrenera igo ginenean, ni eta Fernando Barrenetxea entrenatzaile ginela. Esan bezala, duela 30 urte Altsasu Preferente mailan utzi nuen, eta futbol entrenatzaile izateari utzi nion. Hurrengo denboraldian jaitsi zen Altsasu Erregional mailara" kontatu du Goikoetxeak. 

Orduan hasi zen Altsasuren kalbarioa. Hasierako urte haietan Peio Goikoetxea pilotaren eta txirrindularitzaren munduan aritu zen entrenatzaile, "oso gustura", masajista lanarekin uztartuz. Urte batzuk pasa eta gero, Lakuntzako Lagun Artearendako masajista hasi zen, eta hor lotu zen berriz futbolera. "Batetik, Urdiainen kimuen futbol talde bat sortu nahi zuten eta ni hasi nintzen entrenatzaile; aldi berean, entrenatzaile titulua nuenez, Preferente mailan zegoen Lagun Artea entrenatzeko proposatu zidaten. Garai haietan ez ziren Lehen Maila Autonomikoa ezta Bigarren B maila existitzen, eta orduko Preferenteak beste maila bat zuen, egungoa baino askoz ere handiagoa. Baiezkoa eman eta Lagun Artean entrenatzaile hasi nintzen, gustura. Taldea Hirugarren mailara igotzea lortu genuen. Sekulakoa izan zen" gogoan du. Hirugarren mailan ez zuen Lagun Artea entrenatu, oso lanpetuta zegoelako, eta handik tarte batera etxera itzuli eta Altsasu Kirol Elkartean hasi zen berriz. 

Peio Goikoetxea: "Igoera bat dagoenean taldean sekulako giroa dago. Hori, beti"

Altsasura buelta
Bigarren ibilbide honetan Altsasun zenbat urte daramatzan ez daki zehazki. "Jubeniletako taldeak entrenatzen urte dezente eman ditut" dio. Hain zuzen ere, joan zen denboraldian Goikoetxeak zuzentzen zuen Altsasu jubenilen taldea Maila Nazionalera igo zen, "eta lorpen historiko horrekin batera, paradoxikoki, Altsasuk erregional mailan jarraitzen zuen" dio. Altsasu Kirol Elkarteak duen harrobia eta egitura kontuan hartuta, oso arraroa dela ezin daiteke uka. Erregionala ez da bere tokia. "Urte luze hauetan erregionalean egotea estigma bat bezala izan da. Zergatik jarraitzen zuen Altsasuk Erregionalean? Esango nuke faktore askok bat egiten zutela. Batzuetan ez zelako asmatzen kanpotik taldea entrenatzera etortzen zen jendearekin, motibazio falta, harreman falta… Bestalde, klubeko talde nagusia erregional mailan egotea agian erreferente eskasa da gazte batendako, eta gure harrobian trebatutako jokalariak maila altuagoko beste taldeetara joan izan dira, Lehen Maila Autonomikoan dagoen Lagun Arteara edo Preferente mailan dagoen Etxarri Aranatzera, esaterako. Momentu honetan nire eskuetatik pasatu diren launa jokalari daude talde bakoitzean, eta hori ere ulergarria da" gaineratu du Goikoetxeak. 

Egora pertsonalak bulkatuta, aurtengo denboraldian jubenilen taldea entrenatzeari utzi zion Goikoetxeak, "pena handiz". Altsasu erregionala Carlos Cedeño entrenatzaile iruindarrarekin hasi zen lanean, eta taldeak ongi ekin zion denboraldiari. Abenduan Cedeñok entrenatzaile izateari utzi zion, "eta etxekoa nintzenez, entrenatzaile tituluarekin, eta nire egoera pertsonalak hobera egin zuenez taldearen ardura hartu nuen, Alberto Barricarterekin batera. "Jokalari guztiak ezagutzen nituen, eta alde horretatik abantaila nuen. Bestalde, Imanol Lobo koordinatzaileak esan zidan ongi moldatuko nintzela Albertorekin eta hala izan da. Bien artean hartu izan ditugu erabakiak, eta sekulako babesa izan da" azaldu du Goikoetxeak. Aldi berean, kimuen mailako talde bat entrenatzen du Goikoetxeak. 

Kimika berreskuratu
Aurten sentsazio berezia zegoen liga hasieratik. Urte berezia izango zela zirudien. Aurten bai, igoera posiblea zela. "Bai, ezta? Nik ere hala uste dut. Horretarako gakoa izan da energia berri hau sortzeko taldeko jokalarien, teknikarien, Altsasu Kirol Elkarteko juntaren eta zaleen arteko kimika berreskuratu dugula. Guztiek bat egin dugu. Teknikariok gure lana egin dugu: jokalariak tratatu ditugu tratatu behar diren bezala, eta Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzaile Imanol Loborekin batera ideia eta molde berriak martxan jarri ditugu. Nik uste dut lan horrek fruitua izan duela. Eta jokalariek txalotzeko moduko denboraldia egin dute. Altsasu futbol taldeak ilusioa piztu du, eta futbolzaleek bikain erantzun dute. Nik ez dut maiatzaren 14an Dantzalekun egon zen giroa sekula ikusi. Bere garaian Altsasu Hirugarren mailara igo zenean ez zen giro hori egon" nabarmendu du. 

Altsasu Kirol Elkarteak ongi asmatu du jubenil mailako bi taldeak, tartean Maila Nazionalekoa, indartsu mantentzen, jokalari horiek erregionaleko taldera igo gabe, eta aldi berean erregional mailako taldea sendotzen. "Jokalari gazteekin batera zenbait beterano aritu dira, inplikazio handiz. Jokalari bat izan ezik, lesionatuta dagoelako, beste 24 jokalariak jokatzeko moduan egon dira azken egunera arte. Eta hori ez da batere normala, beti baja asko egoten direlako. Niretako gogorrena 24 horietatik azken partida polit eta erabakigarrirako 18 jokalari aukeratzea izan da, zinez, baina ez dago besterik, eta aukeratu beharra zegoen. Ildo honetan, nabarmendu behar da jokalari guztien jarrera, denboraldi osoan, ikaragarria izan dela, txalotzekoa, eta hain zuzen ere, horregatik etorri da etorri den emaitza" azpimarratu du. 

Peio Goikoetxea: "Zulotik atera izana aste honetan ari naiz barneratzen"

Bidea disfrutatu
Denboraldian presioari eustea zaila izan da. Gainera, Erregional mailatik Preferentera igotzeko sistema "injustua" dela deritzo Goikoetxeak. "Ligan sekulako denboraldia egin dezakezu, aurten Iruntxikiri gertatu zaiona, liga alde handiz irabazi baitu, baina igoera fasean partida bat huts egiten duzu eta ez zara igotzen. Preferentetik Lehen Maila Autonomikora eta Autonomikotik Hirugarren mailara igotzeko, aldiz, ez da igoera faserik jokatzen" azaldu du. Liga bigarren despeditu zuen Altsasuk, Leitzako Aurrera taldearen atzetik, eta igoera fasean bi kanporaketa jokatu behar izan zituen: lehena Urroztarraren kontra, eta hura gaindituta, Beti Onaken kontra. Joaneko partida bana berdinduta, maiatzaren 14an Altsasun jokatutako partidak erabaki zuen igoera fasea "eta denboraldi guztia". "Kartelak ikustea bezalakorik ez dago: "final handia", "soilik irabazteak balio du"... Eta galduko bagenu, porrota litzateke? Hori ere ez da justua. Horregatik nik denboraldi hasieratik futbolariei esaten nien bidea disfrutatzeko. Disfrutatzen bagenuen emaitzak etorriko zirela. Eta hala izan da" argi du. 

Emozioak kudeatu
Maiatzaren 16ko finala "oso berezia" izan zen. "Halako partidetarako jokalarien motibazioa ia altuegia da, eta emozioak ongi kudeatu, hori da egin beharrekoa. Nire kasuan, zerrendako 18ak aukeratzeak eman zidan buruko minik handiena, kanpoan geratu zirenak ere partidan egotea merezi zutelako" dio. Altsasu hasieratik aurreratu zen, eta horrek lasaitasuna sortu zuen. "4 eta 1 irabazi genuelako askok esan zidaten erraz irabazi genuela, baina ez da horrela: ederki estutu gintuzten. Gu beraiek baino askoz ere gehiago izan ginen Atarrabian, eta bana berdindu genuen. Gainera, guk ezin genuen huts egin; eurek ez zuten presio hori. Hirugarren mailan beste talde bat dute eta eurendako polita litzateke irabaztea, baina ez zen ezinbestekoa, guretako bezala, eta hori asko nabaritzen da". Asier Salgadok eta Imanol Lobok sartutako bina golei esker, partida irabazi eta eromena piztu zen Dantzalekun. 

"Jokalariek kristoren poz eztandarekin bizi izan zuten garaipena, baina ni, une horietan, irla bat naiz (kar, kar…). Ni aulkian oso adierazkorra naiz, esplosiboa, baina halako une erabakigarri horietan, poz une hori lehertzen denean, ni bakean geratzen naiz, plof. Berdin geratu zitzaidan Altsasurekin eta Lagun Artearekin Hirugarren mailara igo ginenean. Aldiz, azkeneko hilabetean egunero eta egun guztian arraso emozionatuta egon naiz. Irabaziz gero, garaipena nola biziko zen imajinatzen nuen, erantzuna nolakoa izango litzatekeen. 30 urteko bidaia luze eta triste hau oso ongi ezagutzen nuenez, guztiz hunkitzen nintzen. Baina partida egunean pozak eztanda egin zuenean ni aparte geratu nintzen, aurrekoetan bezala" aitortu du. 

Denboraldian gertakizun askok bat egin dutela gaineratu du, "barnean" gorde dituenak. "Duela 30 urte Vergara eta Urkijo ziren Altsasuko orduko Preferenteko atezainak, nik entrenatzen nituen, eta aurten euren semeak dira atezainak. Eta oso gogoan izan dut Mitxel Agirre ere. Duela 30 urte Altsasun jokatzen zuen, eta Urrotzen sekulako kolpea hartu zuen. Hain zuzen ere aurten Urrozko partida jokatu baino pixka bat lehenago utzi gintuen. Bere semea entrenatzen dut kimuetan. Kointzidentzia bereziak izan dira" dio. 

Futbolariak goraipatzen ditu. "Futbolariak dira protagonistak, eurek dute meritu guztia. Euren jarrera bikaina izan da. Zortea izan dut beti egon naizen aldageletan, baina talde honetan sortu den harremana ikusgarria izan da. Igoera bat dagoenean horrek esan nahi du aldagelan sekulako giroa dagoela. Hori beti. Baina aurtengoa apartekoa izan da, berezia" argi du. Pasadizo pare bat kontatu ditu. "Iturmendin bizi den argentinar batek jokatzen du gurekin, Juan Bautista Garciak. River Plate taldearen zale amorratua denez, Riverren kamiseta bat erosi nuen eta partidan aldaketa egiteko prestatzen ari zela, kamiseta jantzi nuen. Bere aurpegia ikustekoa izan zen!" irribarre egiten du entrenatzaileak, partida bukaeran jokalariek bere eta Barricarteren irudiekin egindako kamiseta jantzi zutenean egin zuen bezala. 

Datorrena
Goikoetxea orain ari da barneratzen "zulotik atera izana". Datorren denboraldian jarraitzeko asmoa du. Altsasuk Preferenten jokatuko du, baina litekeena da Erregional mailako Altsasu talde berria ere ateratzea, "jubeniletatik 14 jokalari igoko direlako eta aurretik genituen 25 jokalariak eta fitxa egin gabe geratu zirenak kontuan hartuta, bi talde sortzeko jendea dagoelako". Lana ez zaie faltako.

Altsasu Erregionala. 2021/2022
Atezainak: Ekai Urkijo, Ivan Gorriz eta Angel Vergara.
Jokalariak: Unai Alaba, Aitor Lopez de Goikoetxea, Kenneth Paulette Vergara, Juan Bautista Garcia, Jonathan Medina, Mikel Arellano, Jon Mendia, Eneko Vera, Imanol Lobo, Javier Guisado, Julen Barreiro, Jon Insausti, Jon Lanz, Aitor Lara, Javier Morras, Asier Amiama, Xabier Ayestaran, Asier Salgado, Aitor Flores, Joseba Montoya, Gorka Martinez, Unai Santano eta Javier Diaz. 
Entrenatzaileak: Peio Goikoetxea Barandiaran eta Alberto Barricarte Calvo.