Karpa jartzeko eskaera bakarra aurkeztu da

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 10:14
Zubeztiako plazako festetako karparen parean ikuskizun bat. ARTXIBOA

Udalak eskatzaileen artean ez du zozketarik eginen. Jakinarazi duenez, prozedura hori martxan jarri zuten lehendabiziko aldiz bi eskaera aurkeztu zirelako. 

Festetan Zubeztia plazan karpa jartzeko eskaerak egiteko epea atzo eguerdian itxi zen, eta udalak eskaera bakarra jaso zuen. Beraz, eskaera egin duen entitateak jarriko du karpa. Hasiera batean, Altsasuko Udalak karpa jartzeko bi entitateren eskaera jaso zuen. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “lehendabiziko aldiz bi eskaera aurkeztu ziren. Horren aurrean udalak bi aukera zituen: eskaera lehendabizi aurkeztu zuenari baimena ematea, edo beste prozedura bat martxan jartzea eta bi eskaera edo gehiago aurkeztuko balira zozketa bat egitea haien artean”. Azken prozedura horren alde egin zuen udalak, “prozesu garbiago eta objektiboagoa bermatzen baita, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritan azken asteetan gertatzen ari dena kontuan izanda”. 

Alkateak jakinarazi duenez, festetan karpa jartzeko eskaera aurkeztu zuten bi entitateei “jakinarazi zitzaien bi eskaera zeudela, eta interesa mantentzen bazuten beste eskaera bat aurkeztu ahal izango zutela prozedura berriaren baitan, beste edozein pertsona, kolektibo edo elkarte bezala”. Eskaerak aurkezteko epea atzo 13:00etan despeditu zen, eta eskaera bakarra aurkeztu zen udaletxean, eta, beraz, hura egin duen entitateak jarriko du karpa festetan.