Bargagainerako bidearen ertzean dago Basaluzeko dorrea. Telegrafo optiko linea baten parte zen. Hark Madril eta Irun lotzen zituen, eta 1846 eta 1855 artean egon zen martxan. Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideek aspaldi zuten ondare horren berri. Horregatik, haren aldeko lanak egin izan zituzten. Azkena, astearteaz geroztik dago ikusgai. Eguzki plaka bat eta foku bat jarri dituzte dorreko teilatuan. Iluntzearekin batera pizten da argia, eta eguna argitzean itzali. ″Dorreak bizia izan dezan, hor dagoela gogorarazi nahi diegu horrela altsasuarrei″, azaldu dute taldekideek. Beren jardun horretarako udalaren laguntza izan dute. Taldekideen nahia litzateke dorrearen barruko aldea objektuz hornitzea, ″garai bateko bizimodua eta haren funtzionamendua″ erakusteko.
Ez da Altsasukoko Mendigoizaleak taldeak dorrearekin lotuta egin duten ekimen bakarra. Esaterako, altsasuarrak auzolanera hots egin zituzten 2011ko irailaren 31n. Dorrearen inguruko sasiak eta zuhaixkak kendu zituzten 25 metroko perimetroan; horrela, dorrea Altsasuko bazter guztietatik ikusgai uzteko. Hurrengo urtean ingurua garbi mantentzeko auzolanak egin zituzten mendizale taldeko kideek.
Zaharberritzea
Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako Kultur Ondasunen Legeari segituz, Basaluzeko dorrea inbentariatutako ondasun izendatu zuen 2017ko azaroaren 2an. Ondoren, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak telegrafo optikoko dorrearen erabateko zaharberritzea erabaki zuen. Lanak 2019ko garagarrila bukaeran hasi eta urte haren bukaerarako despeditu zituzten; inbertsioa 250.527,53 euroko izan zen. Altsasuko Udalak giltzak 2020ko abenduaren 15ean jaso zituen.
Basaluzeko dorrearen martxa ezagutarazteko, Altsasuko Mendigoizaleek haren maketa bat egin zuten. Haren bidez bere funtzionamendua, eta han nola bizi ziren erakutsi zuten. Gure Etxea eraikinean ikusgai jarri zuten maketa duela urtebete. Eta, ordutik, Iortia kultur guneko ezkaratzean dago. Mendizaleen azken ekimena dorrera daraman jatorrizko bidearen berreskurapena izan da. Aurtengo Bargagaingo igoera egunean (garilak 15) seinaleztapen berria mustu zuten, partikularren soroetatik joan ordez herri lurretatik doan bidea, askoz ere igoera suabeagoa duena.