Ospa Egunaren deialdiak zer esana eman du

Guaixe 2022ko ira. 2a, 13:04

Joan den urteko Ospa eguneko manifestazioa. ARTXIBOA

Errepresioaren kontrako hitzordua bihar da. Nafarroako Gobernuak, eskuineko hainbat alderdik, zenbait erakundek eta Guardia Civilen elkarteak kontra egin dute. Ciudadanos alderdiko zuzendaritzak Altsasuko kuartelaren ondoan ekitaldia eginen du.

Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduak 11. aldiz ospa eguna antolatu du, horrela, "errepresioaren kontrako borrokan mantenduz". Aurtengo edizioak Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu leloa du. Ospa!-ko kideek adierazi dutenez, "poliziaren normalizazioa, presentzia eta errepresioa handitzen doazen garai hauetan, edozein gorputz polizialen beharraren kontra agertuko da Ospa! beti". Biharko egitaraua polizia ereduaren inguruko eztabaidarekin hasiko da, 12:00etan, Iortia kultur gunean. Ondoren, 14:30ean, bazkaria izanen da. 18:30ean, Foru plazatik manifestazioa abiatuko da. Eta, bukatzeko, 22:00etan, Altsasuko gaztetxean Habemus Papam eta Katarsia taldeen kontzertuak izanen dira. Horren guztiaren aurretik, aurreko ostiralean, poliziaren funtzioa aztertu zuen hitzaldia izan zen kultur gunean. 

Biharko deialdiarekin bat egin du Altsasuko Isunen Kontrako Taldeak, "errepresioaren kontrako borrokan pausoak ematen jarraitzeko". Agerraldi jendetsua egin zuten hainbat altsasuarrek "Guardia Civilaren partetik sufritzen ari garen jazarpena eta errepresio erasoaldia" salatzeko. Azaldu zutenez, erasoaldi horren muina "etengabeko isun politikoak" dira. "Azken bi hilabeteetan hamar isun baino gehiago" jaso dituztela salatu zuten, haietako bat haur eskoletako grebalariekin elkartasun argazkia egiteagatik izan zela jakinarazi dute. Azken bi urteetan isunetan 30.000 euro ordaindu dituztela nabarmendu zuten taldekideek. Haien iritziz, isunen arrazoiaren atzean "jatorri komun bat" dago, "instituzioetatik kanpo antolatzeko ezintasuna eta oinarrizko askatasun politikoen ukapena. Militantzia politikoa ekidin nahi dute, militanteen biziraupen materiala kolokan jarriz". Horregatik, taldetik altsasuarrei dei egin zieten antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzera. Izan ere "ekonomia errepresioak aurrean antolakuntza indartsu bat ez balu, militantzia irentsiko luke. Hori horrela ez izateko, gurekin antolatzen jarraitzeko deia egin" zieten altsasuarrei.

Erreakzioak
Ospa egunaren deialdiak hainbat erreakzio eragin ditu. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirez Apestegiak adierazi zuenez, foru gobernuak "Ospa Eguna bezalako ekitaldiak erabat gaitzesten ditu, Nafarroako herritarren bizikidetzaren desioen kontrakoa delako". Gaineratu zuenez, "gure babesa adierazten diegu indar polizialei, demokrazian eskubideak eta askatasunak bermatzen dituztelako". 

Ospa egunaren kontra egiteko, Ciudadanos alderdiko zuzendaritzak Altsasuko Guardia Civilaren ondoan ekitaldia eginen du gaur eguerdian. "Alde Hemendik lelo horrek Guardia Civilak Euskal Herritik bota nahi ditu. Gobernuarekin elkar hartuta, Estatuaren sinboloak eta presentzia desagerrarazten saiatzen dira". Horren kontra egin eta Guardia Civilari babesa adierazi nahi dio alderdiak. PPk, egunaren aurrean, Espainiako Gobernuaren gelditasunaz galdetu dio Fernando Grande Marlaska Ministroari, "Guardia Civilaren kontrako gorroto delitua baimentzen duelako". Vox-ek ere biharko deialdiaren kontra egin du. 

Egunaren debekatzea eskatu du ere, esaterako, Jucilek, Guardia Civilarendako Justiziarako Elkarte Profesionalak. Haien iritziz, "gorroto delitua" eginen da Ospa egunean, eta hori eragozteko eskaerak egin ditu Arartekoan eta Gobernu Ordezkaritzan. Union de Guardia Civiles elkartea kontra azaldu da. Eta Altsasuko alkate Javier Ollo Martinez Rosa Diezi argitu behar izan dio udalak ez duela ekimena sekula antolatu. 

Azkenik, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkari Jose Luis Arastik adierazi zuen biharko Ospa Eguna errefusatzen duela. Estatuaren Abokatu, Fiskaltza edota Guardia Civilaren txostenetan jasotako ″datuak eta aurrekarietan″ oinarrituta, biharko deialdia ezin dela debekatu nabarmendu zuen. Arastik esan zuenez, ″ez litzateke halako ekitaldirik egin beharko. Kasu honetan erakunde guztiek mugak eta zuzenbideko eta lege tresnak ditugu, eta haiekin lan egin behar da″. 

Bestalde, atzo, 15:30 aldera, Guardia Civilaren helikoptero bat Altsasuko herri gunearen gainean oso baxu bueltaka ibili zen.