Gracias. Eskerrik asko pankarta baten atzean 30 bat pertsonek Guardia Zibilaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur Altsasuko kuartelean. Parte hartzaileen artean, Ines Arrimadas Ciudadanos alderdiko presidentea, Carlos Perez-Nievas alderdiko Nafarroako koordinatzailea, Edmundo Bal Ciudadanoseko ordezko idazkari orokorra, Miguel Gutierrez, Fernando Sesma, Fernando Savater eta Catalunyako, EAEko eta Kantabriako Ciudadanoseko kideak, eta biktimen elkartetako eta Vox alderdiko kideak egon dira. Elkarretaratzea lasaitasunez egin da. Kontzentrazioaren ondoren Arrimadasek guardia zibilari lore sorta bat eman dio.
Elkarretaratzea bihar, irailaren 3, larunbata, ospatuko den Ospa Egunaren kontra egin dute. Arrimadasek Ospa Eguna ekimen "nazkagarria" dela esan du, eta udal zein Nafarroako gobernuen baimenarekin ospatuko dela salatu du. Altsasun ikasturte politikoa "modu sinbolikoan" ireki du, guardia zibilaren aldeko eta elkartasunezko mezua helarazteko: "Espainiako gizarteak Guardia Civilaren lana baloratzen du".
Ciudadanos Altsasun egin duen bisitaren harira, polemika sortzera joan direlaren mezuen aurrean Arrimadasek esan du, "haiek guardia zibilaren kontrako ospakizun bat egiten dute eta horiek ez dute desadostasuna sortzen. Baina, aldiz, guk sortzen dugu guardia zibilaren aldeko ekimen baketsu bat egiteagatik". Azken aldian "batasunoak, abertzaleak eta abar", gauza gehiago egin dezaketela eta aldiz "demokratek" gobernuaren laguntza gutxiago dutela adierazi du. "Niretako mundua alderantzizkoa da".