Astekaria

"Elkartea sortuz, Extremadura ezagutarazi nahi genuen"

Guaixe 2022ko urr. 5a, 10:02

Julia Cid Gonzalez eta Maria Pinto Balsera.

La Encina Extremadurako kultur zentroaren 20. urte bete ditu. Guztiak gertutik ezagutzen ditu Julia Cid Gonzalezek, zuzendaritzako kideak.

La Encinak kultur zentroak kultur astea eta urteurrena ospatu zuen iraileko hirugarren asteburuan.

20 urte betetzen ditu elkarteak. Baina aurrelana ere izanen zen, ezta? 
Lan handia bai: elkartea jartzeko lokalak begiratu ziren. Nahiago genuke herrian balego, eskura legoke eta. Baina ez genuen ezer egokia opatu, eta hona jaitsi ginen. Pixkanaka aurrera egin zuen elkarteak. Oso ongi. 

20 urte. Azkar esaten da!
Hegan pasatzen dira. 

Elkartea sortzean, zer asmo zenuten?
Extremaduratik etorritako jendea elkartzea, baina sartu nahi zuen guztiari atea zabalik utziz. Nahi genuen gure kultura oroitu, aldian behin elkartu, gure lurra bisitatu, Extremadura ezagutzera eman… Extremaduraz ere ez genekien asko, oso gazte ekarri gintuztelako; gurasoek kontatzen zigutena genekien. 

Elkartea eta asoziazioa dituzue. 
Extremadurako kultur zentroa gara. Bagenuen jende pila kultur ekintzetarako eta ekitaldietarako bazkide zena. Gastronomia elkartea ez genuen izan nahi, baina horretara eraman gaitu, bazkide gehienek bazkaltzeko edo elkartzeko toki bat nahi zuten. Biak batean ditugu. 

Zer moduzko osasuna du La Encinak? 
Pandemia aurretik makaltzen hasi zen. Antzekoak ez diren kuadrillak elkartzean eztabaidak daude, eta batzuek utzi egin zuten. Pixka bat jaitsi ginen. Gaur egun, ginen bazkideen erdiak gara. 

Hainbat elkartetan belaunaldi aldaketa gauza zaila da. Zuenean?
Pena da, baina ez dugu belaunaldi erreleborik. Seme-alabak gazteak direnean eta lagunekin bazkariren bat egin nahi badute, ekartzen dituzu. Baina independizatzen diren unea iristen da, eta bakarrik uzten gaituzte. 

Pandemia ondorengoa, nola izan da? 
Pandemia bitartean ez ginen elkartera etorri, Baina, jakina, gastuek sortzen segitzen zuten. Beti izan dugu aurrezki txiki bat eta ongi mantendu ahal izan dugu. Pandemia ondoren jendea bueltatu da. Pixkanaka hasi gara etortzen. Orain kontuz ibili behar dugu: argindarraren prezioa igo da; neguari beldur diogu, berogailu gastuagatik… Gastu horiek eskuetatik ez joatea da kontua orain. Zeren ehun bazkiderekin eta 50ekin gastu bera sortzen da, baina ez da gauza bera. Berrogeita hamarrekin ezin duzu egin lehen ehunekin egiten zenuena. 

Extremadurako Eguna, kultur astea… Gogoz bueltatu zarete!
Gogotsu eta sasoitsu. Extremaduraren berri ematen segituko dugu. Ea orain jendeak laguntzen digun! Zeren adinekoenak diren bazkideak dagoeneko ez dira honaino jaistera ausartzen. Talde majoa zen. Haien falta sumatuko dugu. Ospakizunak eginen ditugu, baina haien falta izugarri sumatuko dugu. Eta jende berria etortzen bada, informazioa egoki emanen diogu: zer den Extremadura, zer sentitu dugun, harengandik zer sentitzen dugun… Egia da nik Extremadura gutxi gozatu dudala, baina maite dut. Hara noanean nirea balitz bezala sentitzen dut. Han zerbait dudan sentipena dut. Aldi berean, Altsasun familia dut, eta lur hau maite dut. 

Bazkide egiteko aukera dago? 
Jakina! Anima daitezela!