Esku hartze Globaleko lehen Plana indarrean da

Guaixe 2022ko urr. 5a, 13:03

Zumalakarregi plazako eraikinen birgaitze irudikapena. ALTSASUKO UDALA

Zumalakarregi plazako 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 zenbakietako eta Bake kaleko 36, 38 eta 40 zenbakietako bizilagunen komunitateetako etxebizitzak hartzen ditu. Eraikinen inguratzailea berritzea eta igogailua jartzea erabakitzen duten komunitateek dirulaguntza handiagoak izanen dituzte.

Altsasuko Udala eraikinak zaharberritzeko dirulaguntzei buruzko ordenantza 2019 akaberan tramitatzen hasi zen, eta apirilaren 2an sartu zen indarrean. Tarte horretan udalak lehentasunezko birgaitze eremu izendatu zituen Zumalakarregi plazako 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 zenbakietako eta Bake kaleko 36, 38 eta 40 zenbakietako bizilagunen komunitateak. Izan ere, etxebizitza horiek guztiek Obra Sindikalak XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan sustatutako etxebizitza motei dagozkien eraikuntza ezaugarriak dituzte. Altsasuko Udalak eremu horretarako esku-hartze globaleko plana egin zuen 2021ean, eta planak Nafarroako Gobernuaren oniritzia jaso du orain. 

Onartutako planak ez ditu etxe jabeak zaharberritze lanak egitera behartzen. Baina etorkizunean komunitate horietakoren batek eraikinaren inguratzailea berritzeko lanak egin nahi baditu, edota horiekin batera arkitektura oztopoak kendu (igogailua jarri), planean onartutakoaren arabera egin beharko du. Horren helburua da inguru horren irudi homogeneoa lortzea helburuarekin, eta horrek ere espazio publikoa biziberritzea lortzen du, eta, era berean, 2019an eta 2020an Zumalakarregi plazaren eta inguruko kaleen berritze lanen jarduera osagarri bihurtzen da.

Dirulaguntza 
Altsasuko Udalaren eraikinen zaharberritzerako bi motako dirulaguntzak aurreikusten ditu: inguratzaile termikoa berritzeko, eta hori eta igogailua jartzeko. Beti ere etxebizitza erabilera badute eta lehentasunezko birgaitze-eremuetan badaude. Udalak lanen exekuzio materialaren aurrekontuaren %4aren adinako dirulaguntza emanen du. 

Javier Ollo Martinez alkateak gogorarazi duenez, ″lehentasunezko birgaitze-eremu batean eta, ondorioz, Esku-hartze Orokorreko Plan batean sartuta dagoen eraikin baten birgaitzeak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza %40tik %50era handitzea dakar″. Altsasuko Udalaren asmoa da Esku-hartze Orokorreko Plan gehiago onartzea inguruko kaleetan, beti ere, eraikinek antzeko ezaugarri arkitektonikoak baitituzte.

Etorkizunean nola 
Esku-hartze globaleko lehen planaren bidez Altsasuko Udalak ezarri du nola egin beharko diren zaharberritzeak komunitate horietan. Horretarako kontuan izan du prezioa/prestazio erlazio hobearen irizpidea. Horregatik, inguratzaile termikoaren birgaitzea eraginkortasun energetikoko irizpideen arabera egin beharko dute, beti ere Eraikuntzaren Kode Teknikoa eta Ziurtapenaren gaur egungo eskakizunetara egokituz.  

Eraikinen fatxada nagusietan eta atzekoetan kanpoaldetik jarritako isolamendu termikoko sistema aukeratu da. Hau da, dentsitate handiko porespan trinkoko plakak fatxadan itsatsi edo torlojuen bidez finkatzen dira. Haren gainean oinarrizko kapa bat jartzen da ondoren errefortzuzko sarea eta morteroa jartzen dira. Bukatzeko, guztia margotu egiten da. Lehen plan horretako fatxadetarako kolore txuri edo argiak erabiliko dira. 

Errehabilitazioa egin ondoren, leihoek itxura estetiko bera eta antzeko portaera termikoa izango dute, indarrean dagoen araudia betez. Jarriko diren leiho berriak kanpoko estalduraren kolorearen araberakoak izango dira, baita pertsiana ere. Indarrean dagoen araudi teknikoa betetzen duten eraikineko leihoak mantendu daitezke, baina pertsianen eta arotzeriaren kolorea proiektuan zehaztutakoa izatea eskatuko da. Hala ez bada, margotu egin beharko dira. Leihotik fatxadara arteko tartea aluminio estrusionatuzko eta lakatuzko xaflarekin egingo dira, zurgintzaren kolorearekin eta fatxadaren kolorearekin bat etorriz, eta isolamenduarekin, zubi termikoa saihesteko.

Terrazak dituzten etxebizitzak mantendu egingo dira jabeek hala nahi badute. Kasu horietan, terrazetako fatxada gainerako fatxadaren antzeko sistemarekin eginen da. Terrazetako sabaietan kartoi-igeltsuzko sabai faltsu bat jarriko da, isolamenduarekin; forjatuaren aurrealdeak, berriz, aireztatu gabeko fatxada-sistema baten bidez eginen dira, aluminiozko panelaren akaberarekin. Begiratokiak dituzten etxebizitzetan, horien ordez beste leihoen antzeko prestazioak eta ezaugarriak dituzten begiratokiak jarriko dira. 

Bestalde, lehortzen ari den arropa bistan ez gelditzeko elementu metalikoak egingo dira, eta bigarren mailako fatxadetan jarriko dira. Teilatuari dagokionez, kode teknikoak eskatzen duen isolamendu termikoa gehituko da. Azkenik, Zumalakarregi plazako behe solairuko lokalen bat etxebizitza erabilera hartuko balu, haren akabera-materialak eraikineko gainerako etxebizitzetakoen antzekoak izan beharko litzateke.

Gaur egun eraikinetako fatxadetan dauden instalazioak aireztatuko aire-ganberako espazioan antolatu eta ezkutatuko dira etorkizunean. Ezkutatu ezin direnak kanaleta erregistragarri baten atzean ordenatuko dira. Konponbide hori konpainia hornitzaileetako teknikariekin adostuko da. Etxebizitzatik etorkizuneko kableatuetarako elementu komunetaraino hodi hutsak aurreikusiko dira. Eta telefonia-koadroak integratuta eta erraz erregistratzeko moduan geratuko dira konexio-lanetarako. Azkenik, sukaldeetatik kea ateratzeko teilaturainoko hodiak jarriko dira.