Mank-ek aurrekontuekin aurrera eginen du

Guaixe 2022ko ira. 30a, 13:03

Sakanako Mankomunitatearen batzarra. ARTXIBOA

Altsasuko Udalak aurkeztutako helegitea ez du onartu epez kanpo aurkeztu zelako. Udalak argudiatu zuen aurten ordaindu behar zuen kuota ‘behar bezala justifikatu gabe’ zegoela. Urte hasieran ezarritako kuotak ordaindu beharko dituzte udalek. Haiekin finantzatzen ditu Mank-ek eskaintzen dituen zerbitzuak.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 3. Atalak atzera bota du Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitatearen aurrekontu akordioari aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Epaileek gaia aztertzeko Mank-i administrazio txostena eskatu zion. Ibarreko erakundeko ordezkariek horrekin batera eskatu zuten errekurtsoa atzera botatzea, epez kanpo aurkeztu zelako. Epaileek udalaren helegitearen mamia aztertu gabe, Mank-i arrazoia eman diote eta Altsasuko Udalaren errekurtsoa ez dute onartu epez kanpo aurkeztu zelako. Mank-ek bere aurrekontua behin betiko otsailaren 28an onartu zen. Hari helegitea jartzeko hilabete bateko epea zegoen, eta Altsasuko Udalak apirilaren 13an aurkeztu zuen, epez kanpo. Epaiaren kontra Administrazioarekiko Auzien Epaitegian helegitea aurkezteko aukera du udalak. 

Altsasuko Udalaren iritziz, Mank-i egin beharreko ekarpenak ez dira egokitzen ibarreko erakundearen estatutuetan aurreikuspenekin. Udalak Mank-i aurten 734.319,66 euro ordaindu behar dizkio, joan den urtean baino 120.687,03 euro gehiago. Udalaren ustez, igoera hori ez dago ″behar bezala justifikatuta”. Baliabide propioak izateko Mank-ek tasak igo beharrean udalen ekarpena handitu zuela nabarmendu zuten Altsasuko udal ordezkariek. Guztiagatik ibarreko erakundeari aurtengo aurrekontua berraztertzeko eskatu zion. 

Irizpideak
Epaia jakin ondoren, Mank-eko presidente David Oroz Alonsok zehaztu du aurrekontuetan jasotako kopuruak ordaindu beharko dizkiotela udalek Mank-i. ″Energiaren eta abarren garestitzearen testuinguruan, epaiak orain arte izan ez dugun gutxieneko egonkortasuna bermatzen du″. Orozek gaineratu duenez, ″Altsasuko Udalak eta guk planteamendu politiko desberdina edo gauzak ulertzeko beste modu bat dugu″. Orozek azaldu zuenez, ″pandemiatik atera berritan legez ezin ziren tasak ikutu. Gaizki egon zirenei edo establezimendua itxita izan zutenei hondakinen tasa igotzeko garaia ez zen″. 

Ur Zerbitzuan dauden udal batzuek uraren goi eta behe hornidura sareak Mank-ekin dituzte. Beste batzuek bakarrik goi hornidura. Hau da, Urdalurko ura biltegian jasotzen dute; esaterako, Arakilek edo Altsasuk. ″Azken horiek urez hornitzen ditugu eta kontsumitzen duten uraren arabera kobratzen diegu, horretarako kontagailuak baititugu. Horrela erabaki zen zerbitzua sortu zenean, eta bidezkoa da″, esan du Orozek. 

Altsasuko Udalak kontsumitutako metro kubikoen araberako ordainketa beharrean biztanleko kobratzea proposatu zuen. Orozen iritziz, ″ezin du berdin pagatu ahalegina egin duen udal batek eta egin ez duenak. Arakilgo Udalak inbertsio eta ahalegin handiak egin ditu ur sareak berritzen eta ur ihesak kentzen erregistratu gabeko ur kopurua gutxitzeko. Altsasuko Udalak ahaleginak beste arlo batzuetan egin ditu. Ezin dute berdin ordaindu″, borobildu du. Presidenteak jakinarazi du Altsasuko Udalak Mank-i ordaintzen dion kopuru guztiaren erdia uragatik dela. ″Ur ihesetan galdutako ur horrekin Mank-ek ez du negoziorik egiten. Konponduta baleude ez genuke Urdalurko ur tratamendu plantaren martxa behartuko″, esan du Orozek. 

Finantziazioaz
Presidenteak gogorarazi du bera Urdiaingo alkatea ere badela. ″Nafarroako Gobernuaren transferentzia funtsaren bidez, erabilera askeko diru partiden bidez eta abarren bidez udalek finantza nahikotasuna lortu dugu″. Orozek gobernuko arduradunei galdetu izan die mankomunitateek noiz lortuko zuten hori bera, mankomunitateak ere toki erakundeak baitira. ″Gobernutik erantzun dute haiek udalei finantza nahikotasuna bermatu behar dietela, eta udalak izan behar direla mankomunitateak diruz hornitu behar dituztenak″. 

Orozek azaldu duenez, ″udalen aurrekontuetan aldaketarako aukera dago. Esaterako, baso aprobetxamendua saldu edo eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren bidez espero gabeko sarrera bat baduzu, kontuek ‘airea’ hartzen dute. Mank-en ez dago horrelakorik″, gaztigatu du. ″Normala denez, udalek eta sakandarrek zerbitzu maila ikaragarria exijitzen diote Mank-i. Baina exijentzia horren atzean finantza konpromisoak egon behar du. Udalek bermatzen ez badute, miseriazko aurrekontuekin, ezinen litzateke ezer eskaini″, azaldu du Orozek. Nabarmendu duenez, ″Mank ez da zerutik erori den zerbait. Ez du inork inposatu. Udalek sortutako erakundea da, zerbitzuak emateko″.